Bego Vicarioren film laburra, Kimuak-en artean

Taldearen hirugarren film laburra da, eta mota horretako ekoizpenak zabaltzen dituen erakundearen aintzatespena lortu du

06.08.2020 | 00:25

GASTEIZ – Kimuak-ek 'Ehiza' film laburra aukeratu du nazioko eta nazioarteko jaialdietan zabaltzea sustatzeko. Hirugarren aldia da antolaketa honek Bego Vicario UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle eta ikertzaileak koordinatzen duen 'Hauazkena taldea' ikerketa-taldearen ekoizpena saritzen duena.

Ehiza animazio filma da, eta Rafa Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969an egindako Homenaje a Tarzán film laburraren jarraipena izan nahi du, lan hori izanik lehenengotariko euskal animazio filmetako bat. "Bertan, gure errealitatearen gordintasuna islatzen da: jazarpena, indarkeria, suntsipena. Film labur honetan, Bego Vicarioren taldeak Balerdiren proposamen estetikoa erreproduzitu nahi izan du, baina lan hura inspiratu zuen begirada kolonialistatik urrunduta", azaldu zuten atzo EHUtik.

Bego Vicarioren hitzetan, "proiektu honetan Rafa Ruiz Balerdik bere filmaren amaieran utzi zigun mezua jaso dugu, zeluloidearen gainean continuará idatzi zuenekoa, eta hurrengo kapitulua bere teknika grafiko berberekin edo egungo baliokideekin egiteko erronka onartu dugu". Ildo beretik, "Euskal Herriko eta Europako animazio zinemaren historiaren parte sentitzen gara, eta, haren oinordeko gisa, aurreko belaunaldietako artistek erdi abandonatutako kontzeptuak, teknikak eta proiektuak erreskatatu ditugu, eta aplikatu, birziklatu edo jarraitu ditugu, egungo paradigma sozialetik eta sortzaile gisa ditugun ikuspegietatik", azpimarratu du artistak. Film honen amaieran beste jarraituko du bat jarri dute, eta honen harira artistak ironiaz adierazi du "beharbada 50 urte barru geureak bezalako beste frikipanda batek proiektuari jarraipena eman diezaion, Balerdik bere garaian proposatu zuen bezala".

ZAZPI FILM LABUR Kimuak-ek urtero zazpi film labur aukeratzen ditu Euskadin azken urtean egindako proposamen guztien artean, nazioko eta nazioarteko jaialdien bidez banatu eta zabaltzeko. "Hautaketa irizpide nagusia lanaren kalitatea eta ahalik eta publiko zabalenera iristeko duen gaitasuna da. Lanaren originaltasuna eta ausardia balora-tzen dira, bai eta euskaraz filmatuta egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoko teknikarien eta aktoreen parte hartzea izatea ere", adierazi dute EHUtik prentsa ohar batean.

Aukeratzen dituzten film laburrak sustatzeko eta banatzeko, Kimuak-ek katalogo bat argitaratzen du edizio bakoitzarekin. Lan hau Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin elkarlanean egin da. Eta Etxepare Euskal Institutuaren bidez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin egiten da. Gainera, lan horren ostean, "film laburren aukeraketa berria nazioarteko publikoari helarazteko", zinemaldi garran-tzitsuenetara bidaltzen dute katalogoa. Bestalde, Hauazkena taldea artista eta animatzaile talde bat da, eta izen desberdinekin (Ageda Kopla Taldea, Atxur Taldea, Armintxe Taldea), 2016az geroztik dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean. Talde lana da, eta proiektu bakoitzean hainbat artistak parte hartzen dute (irakasleek, ikasleek eta ikasle ohiek). Bosgarren film laburra da hau, eta, gaur egun, seigarrenean ari dira lanean, atariko izenburu honekin: Hiria. Oraingoan, hauek dira taldeko kide batzuk: Ruth Escobar, Jugatx Aztorkia, Arrate López Arratibel, Naiara Mallabia, Andere Molinuevo, Angela Jurado, Miriam Inza, Uxue Reinoso, Roberto Zabarte (taldeko aholkulari teknikoa ere izan da), Oihana Leunda eta Bego Vicario (proiektua koordinatu du), besteak beste.