- Pello Irazu eta Laida Lertxundi artistak eta Leopoldo Zugaza kultur sustatzailea dira Gure Artea 2020 sarien irabazleak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan lan nabarmenak saritzen ditu urtero sari hauen bitartez. Irabazleen berri Bingen Zupiria Kultura sailburuak eman zuen atzo, San Telmo museoan egindako ekitaldian; bertan izan ziren hiru saridunak eta baita Mikel Onandia epaimahaiko presidentea ere.

Pello Irazu gipuzkoarra bere ibilbide artistikoagatik saritu dute, eta Laida Lertxundi bilbotarra, sormen-jarduera aitortzen duen modalitatean; Leopoldo Zugaza beteranoa, berriz, kultur eragileei eskainitako atalean saritu dute, kultura eta arte plastikoak sustatzeko eta zabaltzeko sei hamarkada luzetan egindako lanagatik.

Sailburuak aipatu zuen sari horiek “Euskadin arte plastikoetan eta ikusizko arteetan ematen diren garrantzitsuenak” direla, eta, irabazle bakoitzari 18.000 euroko saria emateaz gain, esparru kultural hori “ikusarazteko” oso baliagarriak direla. Era berean azpimarratu nahi izan zuen Gure Artea sariak “artearen mundutik bertatik” aukeratzen direla, “euskal artearen errealitatea ezagutzen duen epaimahai espezializatu” batek izendatzen dituelako.

Pello Irazuk (Andoain, 1963) “Ibilbide artistikoaren aitortza” jaso du aurten, eta epaimahaiak “euskal panorama artistiko garaikidean giltzarri” eta “80ko hamarkadako euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat” izan dela goraipatu du.

Epaian aipatzen denez, “artearen eta arte ezaren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren muinean jarri du arreta, eskulturgintzaren jardunari dimentsio berri bat gehituz, eta horri esker bere lana konplexu eta berezienetakoa da euskal panorama osoan”. Era berean, artista honek eskultura nola ulertzen duen nabarmendu nahi izan dute: “bere espektrorik zabalenean lantzen baitu eskulturgintza; bere obran neurri txikiko hiru dimentsioko proposamenak badaude, eta baita instalazio kolosalak ere, argazkiak, marrazkiak eta horma-pinturak dituzten hibridoak barne”.

Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) “Sormen Jardueraren” saria jaso du, bideoan eta idazketan oinarrituta egindako lanengatik; hori oinarri hartuta, nazioarte mailako Bienalak, galeriak, zinema-aretoak eta erakundeak zeharkatu dituzten instalazioak eta proiekzioak proposatu izan ditu.

Epaimahaiaren erabakiaren arabera, ohiko formatuak erreferentziatzat hartuta, Lertxundik “abangoardiako artearen korronte kontzeptualetatik” haien “begirada kritikoa” eskaintzen du; horrek “minimalismo lirikoa” dakar, eta, horretarako, gainera, “musika esperimentala edo pop mugimenduaren estrategiak” erabiltzen ditu.

Leopoldo Zugaza (Durango, 1932) sustatzaile historikoak irabazi du “Arte plastiko eta ikusizkoen esparruan eragileek egindako jarduerari” dagokion Gure Artea saria. “Euskal Herrian sei hamarkadatan kultura eta arte plastikoak sustatzeko eta zabaltzeko egindako ibilbide oparoa” goraipatu du epaimahaiak. “Ekintzailea, editorea eta artearekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen sortzailea; lanerako gaitasun nekaezinekoa, beti hutsuneak betetzen saiatu dena, eta artea eta kultura jendearengana hurbiltzen ahalegindu dena, bai azpiegitura handietatik, baita tokiko espazio txikietatik ere”, epaian azpimarratzen denez.

Sustatzaile beteranoari buruz aitortza eskaini nahi zaio, “Arte kulturaren balio-katearen fase guztietan parte hartu duelako, eta haren ekarpenik gabe ezin delako ulertu euskal arte sistema garaikidea”.

Sariak datorren udazkenean banatuko dira, Guggenheim Bilbao Museoan egingo den gala batean.