- "Euskal liburuaren sektorea ataka larria dago". Ez da gauza berria, sektorea beti egon da kolokan, baina "ezin larriagoa den" egoeraren aurrean, Covid-19ak ezin iraunezko egoerara eraman ditu sortzaileak eta baita liburuaren katea osatzen duten enpresa eta autonomoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako literaturgintzaren arloko elkarte nagusienek sektorea berpiztu eta salbatze aldera ituna sinatu eta ezagutzera eman zuten atzo Donostian. Manifestuak sektorearen erradiografia bat egiteaz gain, neurri pizgarriak proposatzen ditu.

Bosten artean adostu dute manifestua: Euskal Idazleen elkartea, Euskal Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea (EIZIE), Galtzagorri, Nafarroako Editoreen Elkartea (Editargi) eta Euskal Editoreen Elkartea. "Kulturaren baitako sektoreak, eta bereziki liburugintza sektorea, ezinean dabiltza, 2008az geroztik atzeraldiak eta krisiak metatzen joan direlako, ez ordea, sektoreari bideratutako diru-laguntzak, hauek orotara txikitu egin dira. Azken krisi honek eragindako kalteak are dramatikoagoak dira, aipatzen ari garen kultura eta nabarmentzen ari garen liburugintza euskaraz sortuak baldin badira, berez ezin larriagoa den egoerari gehitu zaizkiolako", dio adostutako dokumentuak.

Elkarteek euskal kulturaren alde "baliabide eta inbertsio" gehiago eskatu dituzte, baita "instituzioekin akordio iraunkorrak" ere, beti ere "ingura-tzen gaituzten kultura hegemonikoekin elkarbizitzan" aritzeko eta euskal kulturak biziraun dezan, noski. "Entzunak izatea eskatzen dugu", eskaria luzatu zuen atzo Euskal Editoreen Elkarteko presidente Joxemari Sorsek erakundeei. Donostian bildutakoek literaturgintza, "soberakin eta apurretatik irautera kondenatuta" dagoela salatu zuten, beste arlo batzuetara, "manufaktura-industriara, azpiegitura erraldoietara, automoziora eta turismora", esaterako, "guztion baliabideak bideratzen" diren bitartean. "Tamalez, kulturaren espresio gehienak bigarren mailako jardun gutxitu, menpeko eta ez-beharrezko gisa jotzen dira, ekonomia produktibo hutsaren logikatik", kexu dira. Honi aurre egiteko eta sektoreak biziraun behar badu, "aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio-neurriak eta aldaketa estrukturalak" behar dituela uste dute sinatzaileek, aipatatutako akordio instituzional iraunkorren bidez.