- Bere aurpegian marraztutako irribarre batekin begiratzen dio bizitzari. Hitz egitea, istorioak kontatzea eta lagunekin poteatzea gustatzen zaio eta egunez egun bere erronkak gainditzeko lan egiten du. Ane Gebara ipuin kontalaria da, baina ez bakarrik lanbidez, bokazioz baizik. Egiten duena gustatzen zaio, eta oso serio hartzen du bere lana, bere ipuinekin gozatzen duten pertsona guztiekin bidaia batean murgildu ahal izateko.

Irakasle ikasketak dituzu, baina bokaziozko ipuinak kontatzen ditu. Zer da lanbide honetatik gehien gustatzen zaizuna?

-Nire kontaketa saioetara etortzen diren haur eta helduen begiradak trukatu eta konturatzen naizenean nirekin bidaiatzen daudela. Nik narratutako lekuetan denok batera gaudela sentitzen dudanean. Oso une polita da, oso berezia. Begiratu eta nirekin daudela ikustean gozada bat da.

Zure publikoa ume txikiak dira?

-Ez beti, baina gehienetan bai. Gainera, haurrekin helduekin baino lizentzia gehiago hartzen ditut. Beraiekin askeago sentitzen naiz, modu errazago batean iristen naizela uste dut, agian ni gutxiago beldurtzen nautelako umeak.

Non aurkitzen dituzu kontatzen dituzun ipuinak?

-Liburu eta liburutegietan ordu asko pasatzen ditut eta nire ipuin guztiak hortik ateratzen ditut. Baina horretaz gain, beste ipuin kontalariak ikusten ere asko ikasten da, gustatzen zait joatea eta kontatzen dutenaz gozatzea.

Zenbat ordu ematen dituzu kontatzen dituzun ipuin bakoitza prestatzen?

-Ez dakit ez naizelako oso pertsona eskematikoa, ez daramat ordena bat, desordenatu gisa definitzen naiz gehiago, baina ideiak ditut buruan denbora guztian. Kaletik noa, lore bat ikusten dut eta ideia bat bururatzen zait. Uste dut nire burua lanean ari dela ia denbora guztian. Baina egunean orduka ez dakit, badira lan asko ditudan asteak eta aste lasaiagoak. Lan honek badu bere alde ezegonkorra.

Baina ipuin bat aukeratzen duzunean, buruz ikasi behar duzu?

-Batzuetan asko hunkitzen naute eta gero segika ateratzen zait, barnetik, ez dut asko prestatu behar. Hala eta guztiz ere, niri eskemak egitea gustatzen zait, liburua oso luzea bada, gehien bat liburua nolakoa den jakiteko. Galdera asko egiten dizkiot liburuari berari, kontatu nahi dudan ala ez erabaki arte. Zer transmititzen duen galdetzen diot edo nik zer kontatu nahi dudan adibidez.

Nola hasi zen zure ibilbidea?

-Ikasten ari nintzela. Magisteritzako azken urtean ikasgai bloke bat aukeratu behar zen eta nik haur literatura eta liburutegiekiko zaletasuna aukeratu nuen. Urte amaierako lana egiteko irakasle batek lagundu zidan, eta oraindik asko gogoratzen naiz berataz, Manu López Gaseni. Ipuin tradizionalen aldeko proiektua berarekin egin nuen eta asko gustatu zitzaidan, mundu magiko bat ireki zizaidan. Lan honekin ipuin klasiko eta feminismoak dituen tira biren inguruan asko hausnartu nuen, nik feminismotik kontatzen baitut eta ez baitzen erreza izan hainbat ondorioetara iristea. Amaitu nuenean, jolasean hasi nintzen ipuinak kontatzen eta sekulako gustua hartu nion. Gustatzen zait beste puntu desberdin batzuekin istorioak bizitzeko aukera izatea.

Klasikoenek gutxi dute feminismotik. Txanogorritxu eta hiru txerritxoak, adibidez.

-Arrazoi duzu, baina ipuin hauek oso eskatuak dira. Niri ere gustatzen zaizkit, baina garrantzitsua da nola kontatzen diren. Haurrek asko eskatzen dituzte otsoak agertzen diren liburuak. Horregatik, nire ipuinetan otsoak edo gaiztoak agertzea gustatzen zait, arazo bat egotea eta hartaz libratu behar izatea. Haurrek otsoekin nola gozatzen duten ulertu nuenean, orduan zabaldu zitzaidan perspektiba.

Nola hasi zen ipuinak kontatzeko espezializazio hori?

-Interesa eta denbora eskaintzen, erraza ez den arren. Nork irakasten dizu mundu guztiaren aurrean ipuin bat kontatzen? Ez da erraza... Gogoratzen dut Iparralde gizarte etxera joaten hasi nintzela beste ipuin kontalari batzuek nola egiten zuten ikustera, eta egun batean teknikariak esan zidan zergatik etortzen zara hainbeste? Ikasteko gogoak nituela erantzun nion eta parte hartzera animatu ninduen. Zortea izan zen une egokian hor egoteaz.

Nola gogoratzen duzu zure lehen aldia?

-Nire lehen aldia publiko aurrean Mara Mara liburudendan izan zen. Liburu arraro batzuk aukeratu, modu aldrebesean kontatu nituen eta oso haur gutxi izan ziren, eskerrak! Sentsazio arraroa izan zen, kaosa. Baina, hala ere, gustatu zaitzaidan, eta errepikatu nahi izan nuen. Handik gutxira Elkarren kontatu nuen, jendea sartzen eta sartzen ikustean agobiatu nintzen, eta pentsatu nuen non sartu naiz?, baina emanaldi bakoitzetik azkar ikasten joan naiz, eta erabat gustura sentitzen naiz orain.

Lotsatia zara?

-Zorionez gero eta gutxiago. Hala ere oso lotsatia izan naiz, bai.

Ba oso ausarta zara, orduan.

-Nire lotsak gainditzen nituen publiko aurrean eta gehienetan ondo ateratzen zen. Probatzen nuen eta hainbeste gustatzen zitzaidan non errepikatzen nuen. Lana amaitzean, gogotsu geratzen naiz, eta hori izan da beti lanean jarraitzeko nire pizgarria.

Tira, aipatu duzun kaosa gorabehera, jarraitu izan baduzu, ez da seinale txarra.

-Hasierak beti dira zailak baina gogoa eta emozioa indartsuagoak ziren. Hori bai, astiro joango nintzela erabaki nuen, ikasi egin behar nuela, ipuinak gauza serioa dira. Presentzia, zer eta nola kontatu, zer gauza kontuan hartu eta abar luze bat jakin nahi nuen. Ipuinak kontatzea arte bat da eta arte guztiak bezala ikasi, probatu eta errepikatu beharra dago. Ipuin bera mila aldiz kontatu arren, inoiz ez da modu berean kontatzen. Une bakoitza magikoa da.

Txikitan ipuinak kontatzea gustatzen zitzaizun?

-Txikitan izandako bizipenak ez ditut asko gogoratzen. Baina nagusi egin naizen heinean anekdotak gogoratuz joan naiz. Adibidez, nebak esaten dit mendira joaten ginenean berak hiru hitz esaten zizkidala eta hiru hitz horiekin ni gai nintzela istorio bat asmatzeko. Irakurtzen ikasteko prozesuan arazoak izan nituen eta uste dut hori izan zela nire pasioa baztertzeko arrazoietako bat, baina bizitzak buelta asko ematen ditu eta orain gogoz errekuperatu dut.

Protagonista izatea gustatuko litzaizukeen ipuin bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

-Otsotik ihes egitea eta garaile ateratzea. Korrika asko egin beharko nukeen istorio bat nahiko nuke. Baina egia esaten badizut, Arabako Añes herriak badu kondaira eder bat, eta bertako protagonista izatea gustatuko litzaidake.

Zergatik?

-Emakume horrek herri bat askatzen duelako, beraien beldur eta usteetaz askatzen ditu. Irabazlea da, ausarta, kuxkuxeroa eta oso jakintsua. Badago emakume horretaz zer ikasi.

Zure ipuinetan harriekin hitz egiten duzula esaten duzu. Zer kontatzen dizute harri horiek?

- Gauza pila bat! Nolakoa izan den eta nolakoa den Araba kontatzen didate. Ni ere nolakoa naizen eta ipuinak kontatzen ere irakasten didate. Ikusten duzunez, gauza asko kontatzen dizkidate harriek!

Normalean, zure istorioetan protagonistak emakumeak dira. Zergatik?

-Bai, gehienetan protagonistak emakumeak izatea gustatzen zait. Uste dut emakumearen presentzia alderdi askotan falta dela gizartean, beraz, nire ipuinetan behintzat ez dira faltako.

Ipuinak kontatzeaz gain... zein zaletasun dituzu?

-Azkenaldian antzerkira joaten saiatzen naiz, gero eta gehiago. Lagunekin egotea eta poteoa ere asko disfrutatzen dut, dibertimendua eta barre algarak ziurtatua daudelako. Oro har, asko gozatzen dut jendearen konpainiarekin.

Zer deritzozu ipuin kontalarien egungo egoerari buruz?

-Egoera zaila dela iruditzen zait, ezegonkorra eta askotan bakartia. Eta are gehiago euskaraz kontatzen dugunentzat. Baina beste alde batetik, gutxi batzuk gaude eta demanda egon badago. Hala ere liburutegi eta irakurzaletasunera mugatzen da askotan eta ipuinak hori baino askoz gehiago dira.

Gutxi barru ipuinak kontatzeaz gain antzerkia egiten ikusiko zaitugu, bigarren urtez Gazte Sortzailearen beka irabazi baituzu berriro.

- Bai, oso pozik nago, maiatzaren 19an aurkeztuko dugu antzerkia. Nire lehen aldia izango da antzerkia egiten dudana eta urduritasuna nabaria da. Entseiuak, ideiak eta zalantzak egunero ditut buruan bueltaka. Eskerrak oso talde jatorra egin dugun eta nerbioak pare bat barre bota eta gero lasaitzen diren! Duela urte batzuk antzerkiarekin saiatu nintzen baina lotsak gaindituta ulertu nuen ez zela nire momentua. Orain prest nago horretarako eta horregatik aurkeztu nintzen bekara.

Zer esaten dizute etxean?

-Oso familia jatorra daukat eta etxean babes handia eskaintzen didate. Gainera ipuin zaleak bihurtu dira eta oso harro daude. Nire ama oso kritikoa da, eta ahal duen guztietan ni ikustera eta entzutenera dator, asko eskertzen dut. Lagunak ere flipatzen dute.

Ipuinak kontatzeaz aparte, beste zerbaitetan aritzen al zara?

-Bai, psikomotrizista ere banaiz. Alde zaharreko Goian proiektu hezitzailearekin eta Guneko espazioan egiten dut lan, oso lan interesgarri eta polita da. Beste leiho garrantzitsu bat da nire egunerokoan.

Noizbait pentsatu al duzu ipuin kontalarien lanbide hau uztea?

-Batzuetan geratera deserosoak sortzen dira. Behin ume batek begiratu eta esan zidan: Aspertu egiten naiz, bukatu al duzu? Horrek mindu zidan. Baina azkenean ulertu nuen batzuetan ez ditugula gauza jakin batzuk desiratzen, edo momentu horretan nahi, eta ez dela ezer gertatzen. Nik ere ez ditut pelikula batzuk batzuetan ikusi nahi eta horrek ez du esan nahi aktoreak txarrak direnik, besterik gabe ez dut gogorik eta kito. Hori ulertu eta gero, zalantza gutxi sortzen zaizkit ipuinak kontatzeari dagokionez.

"Liburutegian ordu asko pasatzen ditut eta hortik ateratzen ditut kontatzen ditudan ipuinak. Beste ipuin kontalariak ere entzuten ditut"

"Behin ume batek begiratu eta esan zidan: 'bukatu al duzu?' horrek mindu zidan. Baina orain ez dela ezer gertatzen ulertu dut"

"Niri harriek nolakoa izan den eta nolakoa den Araba kontatzen didate. Ni ere nolakoa naizen eta ipuinak kontatzen irakasten didate"