gasteiz - Arabako bertsozale elkarteak 2020ko BBG lehiaketaren berri eman zuen atzo, gazteen euskarazko sormena bultzatzea helburu duena. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako bertsozale elkarteak Bertsoa bizi gazte bideoklip eta zuzeneko lehiaketa antolatu dute aurten ere. 14-18 urte bitarteko gazteentzako proposamena da hau, eta gutxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osatu eta bizpahiru minutuko bideoklipa bidali beharko da bertsoabizi@gmail.com era. Hau egiteko epea, gainera, maiatzaren 15ean amaituko dela gogoratu zuten antolakuntzakoek prentsa-ohar baten bidez. Gainera, gazteen euskarazko sormena lantzeko, aurretik 1.500 ikaslerekin egin dute lanketa DBHko 18 ikastetxetan.

Bertsoa bizi gazte 2016an Arabako bertsozale elkarteak abiarazi zuen. Egitasmoak bi eragin eremu nagusi ditu. Lehenengoa, hezkuntza arautuan legoke kokatua. Izan ere, "Arabako institutuetan hiruzpalau ordutako murgiltze saioak burutzen ditugu, ondoren euren ekoizpenak taularatzen dira bertso saio parte-hartzaile baten bitartez", diote elkartekoek. Beste eremua, berriz, aisialdikoa da eta bertan, BBG lehiaketaren bidez, "taldekako euskarazko sormena bultzatzeko ikus-entzunezko lanak osatu zituzten, izan bertso musikatu moldean, abesti edo rap moldeetan. Behin bideo klip lanak jasota, lehiaketak sare sozialetan bozka bidezko ibilbidea izan zuten eta azkenik Bertsoa bizi gazte eguna antolatu genuen Legution maiatzaren 11n".

aurten Aurtengoan ere, gazteek taldeka aurkeztu beharko dituzte euren ekoizpenak. Gaiaren aukeraketa talde bakoitzaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP moldeetan eta euskara hutsean egin beharko dute lana. Maiatzaren 15erako aurkeztu beharko dituzte eta maiatzaren 23an BBG eguna antolatu dute elkartekoek Legution, bertako udaletxearen babesarekin. Egun osoko egitaraua antolatu dute "gazteen gozamenerako". Bideoklipak ikusi, zuzeneko emanaldiak entzun eta bertsolari gazteen eskolarteko saioak, etab. Sariei dagokienez, aurtengoan ere lau sari nagusi eskainiko dituzte; bideoklip onenaren saria, zuzeneko onenari, webguneko bozkatuena eta txalometroaren saria.