Euskaraz bizi, natura hobetu, arbasoen jakinduria berreskuratu eta sortzeko gune bat izatearen ametsarekin sortu zen Garaion. Bertako hizkuntza euskara dena. Proiektua sortzen hasi zenean euskaraz ondo pasatzeko, bizipen berriak izateko, naturarekin harremantzeko, sormena garatzeko eta harremantzeko modu berriak eraikitzeko hasi zen Garaion Sorgingunea (Otaza auzoa, 2).

“Euskararen erabilera lantzean, euskaraz gozatzeko une, gune edo tarte bila ibiltzen zara beti. Horrelako momentu batek eragin bikoitza sortzen duelako euskara ikasi edo erabili nahi duen pertsona batengan. Barre edo negar egiteko, emozioak edo pentsamendua edo gorputza edo sukaldaritza edo ortua landuz euskaraz hitz egiteko une sanoak sortu nahi ditugu, gozatzeko”, diote Amaia Gabilondo eta Julia Lópezek, Garaioneko kudeatzaileak. Gune honek, euskaraz, kultur jarduera berriak, natur-artea eta feminismoa bultzatu nahi ditu, Amaia eta Juliarentzat garrantzi handia dutelako beraien bizitzetan. Izan ere, euskaraz eragiteko biderik sanoena euskaraz jarduten duten espazio gozagarriak sortzea da eta bertara doazenak poliki-poliki horretara moldatzen dira, azaltzen du Amaiak. Eta gaineratzen du Juliak: “Ozaetako gazteek, euskarak esklubiskoak egiten gaituela esaten dute, munduko zapatila garestienak eramatea bezala dela, bereziak, beste inork inon ez duen zerbait dugula azaltzen digute. Asko gustatzen zaigu eurekin egin dugun gogoeta hori. Gazteleraz hitz egiteko ohitura handia dute, baina begirale lanetan hasi direnean gurekin asko aldatu dira. Eta gainera, badakigu Arabako Lautadakoak direla, momentuz, euskaraz idatzi diren lehen hitz laikoak. Euskara Barrundia Barrundiakoa da, guk badakigu. Euskara Made in Barrundia da!” baita ere.

Kultur jarduerak, tailerrak, ipuinen eguna, zirko eguna, bioeraikuntza ikastaroa, otarregintza edo arkitektura berdea bezalako jarduerak euskaraz antolatzen dituzte eta ez dakienari ulertzen laguntzen diote. Batzuetan irakasleek ez dute euskara jakiten eta hor ere, “itzultzaileak beti agertzen dira prest”. Eskolentzako ere egun pasak antolatzen dituzte, tailer, ikuskizun edo beraientzako espazioak egokituz, eta hor “sorginen magiak euskaraz egitera animatzen ditu”, aitortzen du Amaiak. Hala, esan bezala, “guk euskaraz bizi den espazioa sortzen gabiltza, euskaraz bizi nahi dugulako. Tamalez, oso erraza da, euskaraz minutu bat bizigabe bizitzea oraindik gure artean, eta guk euskaraz bizi nahi dugu ahal dugun gehien”.

Gune honetan sortzeko espazio bat ere eskaintzen dute; artista gazteak, emakumezkoak eta arabarrak dira lehentasuna dutenak, baina irekita daude eskari guztientzat. Urtero ia 100 sortzaile pasatzen dira Garaion Sorgingunetik euren lanak sortzera edo hobetzera. Bestalde, “sortzaileen lana jendarteratzen dugu, ikuskizunen eskaintza dugu, kasu askotan, sormen prozesuari buruz hitz egiteko aukera eskaintzen da”. Azken urtean 18 ikuskizun eskaini dira. Gainera, eskola bat ere badute martxan, azken urtetan bioeraikuntza, arkitektura berdea, otarregintza garaikidea, ehungintza eta arlo artistikoko ikastaro laburrak antolatu dituztelako. “Hasierako urtetan nekazaritza agroekologikoko ikastaroak ere antolatzen genituen, gazte asko hasi zen lan horretan, baina uste dugu jendarteak, oraindik, ez duela kontzientzia nahiko nekazari batek egiten duen lana baloratzeko, eta lan hori pozik ordaintzeko jende gutxi dago, gure osasuna egunerokotasunean zaintzen dutenak dira; eta arlo honetan, kontzientziazio lana egin nahi dugu”, nabarmentzen du Amaia Gabilondok. Bere proiektuen artean badute bat ere, Bizi-bizia izenekoa: auzolanean zumea landatuz, otarrak ehuntzeko teknikak berresketuratuz, jolasguneak sortzen dira, eskoletako patio edo herrietako jolas parketan. Guraso, haur eta gazte taldeekin eraikitzen dira. Eta Garaioneko Dorretxea moldatu dute laster gazte-aterpetxe proiektua bukatzeko. Hain lan ona egiten dute non sorgune izendapena lortu zuten 2016an eta berriz 2018an.

DIRU-LAGUNTZAK Urtero, 100 bat sortzaile hartzen dituzte etxean, ikuskizunetarako 3.800 lagun joan ziren 2019an. Eskoletatik 10 autobus jasotzen dituzte urtero 600-800 haur eta gazte egun pasan. Uztailean kanpin dendatan 400 bat lagun joaten dira eta ikastarotan iaz 60 bat pertsona ibili ziren. Guztira “5.000 lagun inguru etortzen dira urte osoan zehar”. Baina lan gogor hau aurrera ateratzea eta ondo pasatu eta euskaraz bizi nahi duten hainbeste milaka laguni arreta eskaintzea, ez da lan erraza, ezta arlo ekonomikoan ere. “Araba mailan dirulaguntzak oso txikiak dira, ia ezer ez, eta guk ere bizi behar dugu. Halako azpiegitura batzuk mantentzeko eta lau pertsonako lantaldea urte osoan zehar izateko diru-sarrerak lortzeko malabarrak egiten ditugu”, diote Amaiak eta Juliak. Gainera, biek aitortzen dutenez, oso modu prekarioan bizi dira proiektu berriak bultzatzen dituztenek. “Berrikuntza soziala edo landa eremua berpiztea asko aipatzen dira, nahiz eta hori saltzen den irudia besterik ez izan; errealitatea gordina da. Ekintzailetasuna autoexplotazio eta autoesklabugintza bihurtzen da, kultur sektorean batez ere eta landa eremuan askoz gehiago”. “Eusko Jaurlaritzak eta Kooperatiben mundutik (Ausolan eta Erkopetik) jasotzen dugu dirulaguntza gehien. Arabako Diputazioak bioeraikuntza ikastaroa babesten digu, Vital Fundazioarekin batera, kultura eta euskaratik urtean oso gutxi ematen digute. Arabako Foru Aldundiak ez du benetako aposturik egiten; gu oso nekatuta gaude bide horretan”. 2020ari ez diote asko eskatzen: “Lantaldea zaintzea, gure artean lasaiago lan egiteko aukera lortzea nahi dugu aurten, epe ertaineko ikusmiraz lan egiteko aukera lortzeko. Epe luzerako finantzazioa bermatzea garrantzitsua da, urtez urte edo hilabetez hilabete dirusarreren bila ibiltzeak asko mugatzen baitzaitu”.