GASTEIZ - 23 urterekin ideiak oso argi ditu eta egunero borrokatzen du bere beldur eta segurtasunik ezaren aurka munduari bere ahotsa eta grina handia erakutsi ahal izateko: bere musikarekin guztiek gozatzeko. Iratxe Aguilerak, Durangoko azokako bigarren Sorkuntza Bekaren irabazleak, sari hori lortu izanaz oso harro sentitzen dela dio. "Talentu gaztea naiz, eta ez horregatik nire musika balio gutxiago dauka edo oihartzun gutxiago. Produktu global batekin nator, berria eta potentea, eta nire helburua guztiok gozatzea da. Energia daukagu, Euskal Herria perreatzen jarriko dugu!", dio.

Lortutako 15.000 euroko bekarekin, Iratxe Aguilera abeslaria, Youtuben Lorito bezala ezaguna, lanean ari da dagoeneko Euskal Herriko musika urbanoa iraultzeko. Izan ere, proiektu honen helburua musika urbanoa Euskal Herrira ekartzea da. Bere esanetan, "mundu mailan genero urbanoa da gehien entzuten den generoa gazteen eta nerabeen artean. Hala ere, Euskal Herrian hutsune handi hau dago. Nahi duguna da gazteek euskaraz gozatzea eta perreatzea!".

Musikarekiko zuen pasioa bera txikia zenetik jaio zen. Izan ere, Iratxek sei urte besterik ez zituen, bere pasioagatik borrokatzen eta lanean hasi zenean. Hala, adin goiztiar horrekin, musikan hasi zituen lehen ikasketak. Gitarra jotzen ere ikasi zuen. "Txikitatik maite dut musika", dio orain. 20 urtekin grabazioan eta nahasketan trebatu zen eta horrela abestien bertsioak egiten ikasi zuen eta "orain proiektu honekin gabiltza".

Izan ere, proiektu honen irabazlea izatea ez da kasualitatea izan, musikarekiko jarraikortasun eta dedikazio lana baizik. Hala, Iratxe Aguilerak urteak daramatza askorentzat Lorito Music bezala ezaguna izaten, Youtuben.

lorito Music Plataforma hori erabiliz, abeslariak bere bideoak jartzen zituen, lehendik zeuden beste kantu batzuen bertsioak kantatuz. Adibidez, bere abestiaren bertsioa, barkatu, Beret abeslariarena, edo pozoi bat naiz, C. Tanganarena, lau mila bistaratzeraino lortu duena. Hala ere, ibilbide orok du bere amaiera, eta oraingo honetan aurrera pauso bat gehiago eman nahi zuela sentiarazi zuen abeslariak. "Asko ikasi nuen, baina konturatu nintzen nire abesti propioak egiten hasi nahi nuela eta produktore bila jarri nintzen": "Orduan Chickjuarez ezagutu nuen. Ezagutu ginen modua kasualitate hutsa izan zen! Musikaz aparte, batzuetan, aktore lana egiten dut, eta lan egin nuen larburmetrai batean ezagutu nuen, soinu bandaren produkzioa egin baitzuen", azaltzen du Iratxek. Eta gaineratzen du: "asko gustatu zitzaidan bere lan egiteko modua eta proiektuan parte hartzeko proposatu nion eta dudarik gabe onartu zuen! Bera mexikarra da, 2004tik Euskal Herrian bizi da eta bere sustraiak musika afroamerikarrean dauzka". Beraien proiektuak musika urbanoa eta euskara batzen ditu. Gainera, esaten dutenez, beraien proiektua periferian sortzen da: euskararen periferian, hain zuzen ere.

"Euskal Herrian genero urbanoaren hutsune handi bat dago eta uste dugu garrantzitsua dela periferiako musika-nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora. Horregatik, dancehall, reggaetoia, trap-a eta bestelako genero urbanoak izango dira proiektu honen ardatzak", nabarmentzen du Iratxek. "Chickjuarez eta biok urte bat daramagu gogor lan egiten proiektu hau aurrera eramateko eta azkenik, urte honetan zehar honen fruituak ikustea posible izango da".

Izan ere, Iratxe dagoeneko hasi da zarata sartzen, baina oraindik ikustear dago lan horren emaitza Euskadiko gaztetxoenak perreatzen jartzeko. "Gure musika subidoia izango da, energia, motibazioa. Edonon zaudela, aldakak mugitzeko gogoak piztuko dizkizu!", dio ilusioz gazteak.