Bilbo - Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI) Roma izendatu dute 2019ko urteko film onena. Zinemaldiko 67. edizioaren irekiera galan jasoko du Alfonso Cuarónek saria; irailaren 20an.

Zinema jaialdiak atzo aditzera eman zuenez, mundu osoko 618 kritikarik hartu dute parte bozketan, eta 2018ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik aukeratu dute ekoizpen hori. Hala, beste hiru film izan dira finalean: Bong Joon-horen Gisaenchung / Parasite, Perlak sailean parte hartuko duena Cannesen Urrezko Palmorria irabazi eta gero; Pedro Almodóvarren Dolor y gloria, zeinari esker Antonio Banderasek Cannesen aktore onenaren saria irabazi zuen eta azkenik, Yorgos Lanthimosen The Favourite / La favorita, Venezian saria irabazi, Olivia Colmani emakumezko aktore onenaren Oscarra ekarri ziona.

Horrenbestez, Alfonso Cuarón zuzendari mexikarrak sari hau bereganatzen duen lehenengo aldia da. Hain zuzen ere, Roma-k jasotako azken aitormena da Fipresci Sari Nagusia; Venezian estreinatu eta gero, Perlak sailean parte hartu zuen 2018an, eta sari-zerrenda amaigabea bildu du hilabete hauetan; horien artean, Veneziako Urrezko Lehoia; ingelesez besteko film onenaren, zuzendaritza onenaren eta argazki onenaren Oscar sariak. Horrez gain, ingelesez besteko film onenaren eta argazki onenaren BAFTA sariak; hamar Ariel sari; film iberoamerikar onenaren Goya saria; eta zazpi Platino sari bereganatu ditu Romak, besteak beste, filma 2018an estreinatu zenetik. - DEIA