gasteiz - Aurten, Gasteizen hirugarren aldiz, IGO egitasmoa martxan jarri dute. Euskarazko irakurzaletasuna bultzatu nahi duen kanpaina da IGO (Irakurri, Gozatu eta Oparitu), eta Euskal Herriko hainbat herritan burutzen da, Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2019. urtean hamahirugarren edizioa beteko du Euskal Herrian. Zenbait euskara elkarte, udal, liburutegi eta liburu-dendarekin batera, Euskaltzaleen Topaguneak egitasmoaren edizio berri bat jarri du martxan.? Martxoaren 18an hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da aurtengo edizioa, Euskal Herriko zenbait herritan (Araban: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia eta Gasteizen).

Egitasmo honek, 13. urtez, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz.

Johana Olabarria Euskaltzaleen Topagunearen arduradunak adierazi du zeintzuk diren helburu nagusiak: irakurzaletasuna sustatzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea, euskal liburugintza indartzea, eta herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia indartzea, besteak beste.

hiru urrats Kanpainan parte hartzeko hiru urrats egin behar dira. Lehenik eta behin, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko dute irakurleek. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko dute ondoren, jakiteko zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duten. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango die irakurleei, hitzartutako liburu-dendan erabiltzeko. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango die irakurleei. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo dute irakurle fitxa bete dutenen artean.

IGO egitasmoa aprobetxatuz, mintzalagunentzako Irakurle Ezkutua kanpaina martxan jarri dute Gasteizen. “Taldekideak euskaraz irakurtzera animatzen ditugu eta elkarri euskarazko liburuak oparitzera”, adierazi du Zuriñe Gil Gasteizko Mintzalaguna egitasmoko teknikariak. “Eta noski, kuadrilla, lan talde eta edozein lagun talde animatzen dugu IGO kanpainan parte hartzera eta elkarri euskal literatura oparitzera. Guk geuk ere halaxe egin dugu! Maiatzaren 31ra arte izango dugu aukera”. Aurreko edizioetan frogatu da kanpainak eragin positiboa izaten duela herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan.

Johana Olabarria arduradunak adierazi du Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainari bultzada berri bat emango diotela. “Ez da makala 13 urteko ibilbidea. Eta orain arte ikasitakoekin hausnarketa bide bat ireki dugu, aditu eta arituak elkarrekin IGOren garapen bidean, etorkizuna irudikatzeko. Azkeneko hilabeteetan buru-belarri aritu gara garapenaren bideari nola ekin irudikatzen eta dagoeneko, horretarako lan taldea sortu dugu. Hori horrela, aurtengoa trantsizio urtea dela esango genuke”. - Begoña Martín

Lehenengo urratsa. Herritarrak udal liburutegiko mailegu zerbitzuan euskarazko liburu bat aukeratu eta eramango du etxera. Liburua irakurri eta liburutegira itzultzen duenean?

2. urratsa. Udal liburutegiko langileak irakurle-fitxa bat emango dio. Fitxa erraza bete beharko du jakiteko zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duen. Ondoren euskarazko liburu bat erosteko erabili ahalko duen %35eko erosketa-txeke bat entregatuko zaio irakurleari.

3. urratsa. Zerrendan dagoen liburu-denda batean erabili ahalko du erosketa-txeke hori, euskarazko literatura erosten duenean. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburu-dendak. Gasteizko liburu-denda hauek hartzen dute parte Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainan: Albeniz, Anegon, Arlekin, Astrolibros 1 eta 2, Ayala, Casa del libro, Elkar, Jakintza, Mara-mara, Saga, Zapateneo eta Zuloa.