Gasteiz - Kattalin Minerren Nola heldu naiz ni honaino?, Silvia Federicciren Soldataren patriarkatua, Maite Carranzaren Hitz pozoituak? Horiek dira azken egunotan Gasteizko bost irakurlek eskuetan dauzkaten liburu batzuk. “Taldean denetarik irakurtzen dugu, besteak beste nobela, ensaioa, itzulpenak, bertako idazleen lanak... Zoritxarrez, bulegoan etxean baino gehiago irakurtzea tokatzen zaigu”, adierazi du GEU elkarteko teknikari Zuriñe Gilek. Beste lau lankiderekin bildu da Zuriñe euskarazko liburuei buruz hitz egiteko eta euskal literaturaz gozatzeko asmoz. Gaur bertan, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu mailan, irakurketa eta argitalpen industria sustatu eta idazleen eskubideak babesteko helburuarekin. Zehazki, 1996ko apirilaren 23an hainbat herrialdetan hasi zen ospatzen. Eta badakizue zergatik aukeratu zuten egun hori? Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega idazleak egun horretan hil zirelako.

Liburu Eguna aitzakia hartuta, azken boladan esku artean dauzkaten euskarazko liburuei buruz gogoeta egin dute Gasteizko GEU elkarteko langile Dorleta Martínez de Albeniz, Maddalen Agirre, Aloña del Olmo, Oier Azkarraga eta Zuriñe Gilek. Irakurtzeko plazerean hezi dituzte txikitatik, irakurri irakurtzeagatik. Zuriñeren esanetan, “errealismo magikoa eta nobela beltza gustoko ditugu gehienok, engantxatu eta deskonektatzen gaituztelako. Feminismoa, euskara? azken finean politika kontuak jorratzen dituzten ensaioak ere oso gustuko ditugu. Eta baita fantasiazko ipuin laburrak eta komikiak ere”.

Herritarren irakurzaletasunari buruzko azterketaren emaitzek diotenez, literatur generoen atalean nobela eta saiakera dira euskal irakurleen generorik gogokoenak. Irakurleen zaletasunei erreparatuz gero, abenturazko liburuak, intrigazkoak, poliziakoak eta zientzia fikziozkoak atsegin dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko irakurleek.

gARAIA, MOMENTUA, TESTUINGURUA Gure hizkuntzan idatziriko liburu bat aukeratu beharko balute, “oso zaila dela” diote GEU elkarteko irakurleek. “Garaia, momentua eta testuinguruak asko baldintzatzen duelako. Baina Sarrionandiaren Atabala eta euria, Saizarbitoriaren 100 metro, Karmele Jaioren Hamaika zauri? eta beste asko!”. Eta zergatik aipatu dituzte hiru izenburu horiek? Arrazoi ezberdinak daude, haien ustez Sarrionandiak erabiltzen duen hizkuntza aberatsarengatik, 100 metrok gure historiaren zati bat kontatzen duelako, eta Karmele Jaiok hamaika istorio pertsonal kontatzen dituelako.

Txikitatik euskaraz irakurri dute Maddalen, Oier, Zuriñe, Aloña eta Dorletak. Eta euskaraz irakurri ohi dute egunerokoan. “Bai, horretan guztiok gaude ados. Batzuk ikastolan behartuta baldin baziren ere? kar kar kar”, adierazi du Zuriñek. Ohiko irakurleak dira bostak. “6 eta 12 liburu artean irakurtzen ditugu urtean zehar. Eta haur literatura kontuan hartu baldin badezakegu, baten batek media asko igotzen du!”.

morillo, arretxe, gorrotxategi Gure irakurleek dei egiten diete herritarrei euskarazko liburuak irakurri ditzaten. Haien ustez, Fernando Morillo, Jon Arretxe eta Miren Gorrotxategi idazleak aproposak izan daitezke euskarazko liburuak irakurtzen hasteko. “Euskaraz irakurtzea urte osoan zehar oso inportantea da. Irakurtzeak, zalantzarik gabe, hiztegia zabaltzen laguntzen du, baita euskaraz pentsarazten ere”, adierazi du Zuriñek.

2018. urtean euskal herritarrek liburuak kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin zuen elkar Fundazioak. Euskal Herri osoan egin zuten ikerketa, 2.500 inkestaren bidez.

Datuen arabera, euskaldunen %42,5ek dio euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Euskaraz gustuko libururik ez izatea edo interes falta ez dira arrazoi nagusiak.

10 biztanletik 7 dira irakurleak. 2018. urtean Euskal herritarrek liburuak kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin zuen elkar Fundazioak. Euskal Herri osoan egin zen ikerketa, 2.500 inkestaren bidez. Emandako datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako 10 biztanletik zazpi dira irakurleak: %58 ohiko irakurleak dira (libururen bat irakurri dute azken hilabetean), eta %12, noizbehinkakoak (azken liburua duela sei hilabete baino gutxiago irakurri dute).

Herritarren %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak. Euskal Herriko herritarren %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak: %6k, ohikotasunez, eta %5ek, noizbehinka. Kontuan izatekoa da lau euskal herritarretik bakarra dela euskalduna.

Euskaraz irakurtzeko zailtasuna. Euskaldunei galdetu zaie zein diren euskarazko liburuen irakurketa mailan eragin handiena duten faktoreak. Euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta agertu da maizenik: %42,5ek adierazi dute hori. Nabarmen atzerago dago euskaraz gustuko libururik ez aurkitzea (%9,9).