AITTE hil aurretik antzezlanarekin eman zen ezagu-tzera Beheko Larraine konpainia. Miren Tirapu da konpainiako buru, eta lehen lan horrekin plaza ugari ezagutu zituen, Zubi deialdia jaso ostean. Antzezlan hartako pertsonaietako bati tiraka, obra berria ondu du orain Tirapuk. Horretarako, Gaizka Sarasola an-tzerki idazlearen laguntza izan du, eta Manifestu bat lan berria da elkarlanaren emaitza.
Ikuslegoa hileta ospakizun batera gonbidatzen du obra honek. Taula gainean pertsonaia bat, istorio bat, baina hiru ahots agertzen zaizkigu. Pertsonaiak hiletarako gonbidapena egiten digu eta bertan bazterreko pertsonaiak bere azken hitzak eskainiko ditu. “Horrela abiatzen da an-tzezlana, heriotzaren inguruko begirada ironiko bat egiten dugu. Hileten inguruan sortzen diren protokolo guztiak begirada ironikoarekin aztertzen ditugu”, azaldu du Tirapuk.
Umorea eta kritika dira lan honen euskarri nagusiak eta, horien bidez, barne hausnarketak, pertsonok ditugun pentsamendu eta izaera ezberdinak erakusten dizkigu antzezlanak. Kontraesanak abiapuntutzat hartuta, hitza eta ekintza batera sortzen joango dira.
HIRU AURPEGI Oholtza gainean Miren Tirapu bere izango da pertsonaia gorpuzten duena eta zuzendaritzan ere bera aritu da. Beraz, an-tzezlan barruan eta kanpoan aritu behar izan da. “Niretzat lehendabiziko esperientzia izan da horrela eta horrek denbora gehiago hartu beharra ekarri dit”. Pertsonaia bakarrean hiru ikuspegi landu ditu Tirapuk. “Ez nituen hiru pertsonaia oholtzaratu nahi, baina bai pertsonaia baten hiru aurpegi erakutsi, azkenean, bakoi-tza bere buruarekin hitz egiten baitabil. Ahots bakoitzak errealitatea ikusteko eta aztertzeko modu bat du, baina finean pertsonaia bakarra da”, azpimarratu du.
Aitte hil aurretik antzezlanerako sortutako pertsonaia berreskuratu du Tirapuk istorio honetarako. “Pertsonaia horrekin maitemindu nintzen eta oraingoan obra osoa eman diot. Orduan bigarren mailako pertsonaia zen, eta sentitu nuen obra oso bat berarekin landu nahi nuela”. Oraingo honetan, pertsonaia bere testuinguruan agertzen zaigu. Nafarroako herri txiki batean, zazpi urterekin lanean hasitako pertsona da, xumea eta bazterrekoa. Bere iraganean gertatutakoak baldintzatuko du bere bizitza. Beti bazterreko pertsonaia bat besterik izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du.
Gaizka Sarasola antzerki idazlearen laguntza izan du Tirapuk Manifestu bat idazteko. Elkarlanean aritu dira. “Abiapuntua jakinda eta pertsonaia sortuta, Gaizkarekin batera testua sortzen eta istorioa eraikitzen joan naiz. Hasieratik argi nituen antzezlanaren hasiera eta bukaera. Hortik abiatuta, inprobisazioak eginez eta ideiak garatzen joan gara, jolasean, manifestua osatuz. Ni inprobisazioak egiten nenbilen eta Gaizka testua sortzen, bien artean pertsonaia honen hiru ahotsak topatzen eta eraikitzen joan gara”, kontatu du Tirapuk.
GERTUKOA ETA INTIMOA Formatu txikiko lana izan zen aurretik landutako Aitte hil aurretik. Orduko hartan ere erronka izan zen Miren-tzat oholtzan bakarrik agertzea, eta oraingoan ere bide beretik jo du. Manifestu bat “antzezlan gertukoa eta intimoa” dela dio Tirapuk. Irur-tzungo aretoan ibili da antzezlana prestatzen: “ederra izan da bertan prestaketa lanak egiten aritzea, aretoak oso neurri egokiak ditu, eta horrelako formatuko antzerkia egiteko leku bikaina da”.
Ikuskizuna gertukoa eta formatu txikikoa bada ere, antzoki handietan egiteko “moldagarria” dela dio Tirapuk. Gertutasunean, baina, “beste sentsazioa bat” sortzen dela aitortu du. “Hobe da ikuslegoa gertu egotea, giro intimoagoa eratzen delako. Suposatzen da herriko jendea dela publikoa, hiletara datozenak, orduan konplizitatea sortzen da publikoaren eta aktorearen artean, pertsonaiak oholtzan egiten duen hori publikoarentzat delako”.
Izan ere, harreman zuzena proposatzen du Tirapuk antzezlan honetan: ehorzketa prestatzen dabil bere pertsonaia eta azken agurrean gonbidatuekin partekatzen ditu bere hausnarketak eta pentsamenduak. “Antzezlanaren parte sentituko da publikoa, baina, era berean, ez du ezer egin behar”, zehaztu du aktore eta zuzendariak. Bi elementurekin osatutako eszenografiarekin (kutxa bat eta argi bat), aktorearen jokoak arreta guztia bereganatuko du.
HERIOTZAZ ETA BIZITZAZ Umoretik jorratzen du heriotzaren gaia Manifestu bat antzezlanak. Heriotza eta kritika soziala umoretik egitea beti da interesgarria, Tirapuren esanetan. Izan ere, “tragediak eta umoreak puntu batetik bestera eramaten gaituzte instant batean eta joko hori oso berezia da”. Baina herio-tzaz bezainbeste bizitzaz hitz egiten duen antzezlana da Manifestu bat, Tirapuren ustez: “heriotza bizitzaren parte bat da; beraz, antzezlanean bizitzaz hitz egiten da”.