Oso gazte murgildu zen musikaren munduan Julen Alonso oriotarra. Bost urterekin hasi zen akordeoia jotzen eta 14 urterekin trikitia ikasten hasteko grina piztu zi-tzaion. Ordutik, hainbat trikiti txapelketatan parte hartu du. Udazkenean ikusi du argia bere lehen diskoak: Sutan dantzan. Trikitiaz aparte, pianoa ere jotzen du Alonsok eta baita abestu ere.

Nola gogoratzen dituzu zure lehen urratsak musikaren munduan?

5 urterekin akordeoia jotzen hasi nintzen Orioko musika eskolan, eta hor ibili nintzen Itziar Zabalarekin, 14 urtera arte. Gero, trikitia ikastera pasa nintzen. Pixkanaka joan nin-tzen konturatzen euskal musika asko gustatzen zitzaidala, baina akordeoiarekin gehienbat kantu klasikoak jotzen nituen. Orduan trikitiarekin hasi nintzen. Trikiti txapelketak ikustera ere joaten nintzen eta bertan Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar erreferente bezala nituen. Haiek ere bultzatu ninduten trikitia ikastera.

Zer da trikitia zuretzat? Zein esanahi dauka?

Instrumentu bat baino gehiago da; gauza asko eman dizkit; lagun asko, adibidez. Momentu txarretan, trikitia hartzea beti da aukera bat egunak argitzeko.

‘Sutan dantzan’ izeneko lehen diskoa kalean duzu. Zer suposatu du zure-tzat bakarkako lehen lana argitara-tzeak?

Aspalditik ibili izan naiz kantuak sortzen, baina neuretzako gorde izan ditut orain arte. Uste dut iritsi dela nire kantuak jendeari erakusteko unea. Gainera, soinu teknikaria naiz eta estudio propioa daukat. Bertan grabatu eta nahastu ditut disko berriko abestiak.

Zertan inspiratu zara?

Sutan dantzan da diskoaren izena eta baita kantu baten izenburua ere. Kantu horren melodia sortzen ari nintzenean akelarrea nuen buruan: infernua, deabruak, sorginak, sua... Letrak ere horren inguruan hitz egin behar zuela erabaki nuen. Gainera, infernuko hauspoa esamoldeari ere egin nahi izan diot keinu, trikitiari deitzeko modu bat delako.

Zeuk hartu dituzu lan guztiak zure gain. Lan handia izango zen, ezta?

Bai. Azken batean, autoekoitzitako lan bat da, dena nik egin dut: kantuak sortu, grabatu, musikariak lortu, diseinua eta abar. Asko ikasi dut bide honetan. Izan ere, disko baten atzean lan ikaragarria dago, eta are gehiago norberak ekoiztutako lana bada.

Nolakoa da disko bat autoproduzi-tzeko prozesua?

Hasteko, kantuak sortu behar dira. Gero, gainontzeko musika-tresnekin nola jantziko diren ikusi behar da. Nire kasuan, lehenengo trikitia grabatu nuen eta gero ikusten joan nin-tzen zein instrumentu behar zituen kanta bakoitzak. Panderoa, baxua, gitarra eta perkusioarekin konbinazioak egin ditut azkenean. Perkusioa sartzea ez da ohikoena, baina nik sartu dut, funtzionatzen duela uste dut. Bestetik, ahotsa grabatzen da, kasu honetan, nirea eta Eneritz Aulestiarena. Eneritz beti egon da nirekin txapelketetan eta proiektu honetan ere ondoan izan dut. Musikariei dagokienez, diskoan parte hartu dute Iker Telleriak (perkusioa), Joannes Ederrak (baxua), Ander Ederrak (gitarra) eta Eneritz Aulestiak (panderoa eta ahotsak).

Aurtengo Durangoko Azokan egon zara zure lana aurkezten. Zelan joan zen?

Harrera oso ona jaso nuen, jende pila bat gerturatu zen. Oso pozik nago baita ere Bizigoza abestiaren bideoklipa 90.000 erreprodukzio izatera ailegatu delako. Uste dut jendeak harrera ona egin diola lanari bideoklipari esker, hein batean.

Diskoa han eta hemen zabaltzeko birarik egingo duzu?

Bai, urtarriletik aurrera horretan pentsatzen hasiko naiz. Euskal Herriko aretoetan aritu nahi nuke. Orain dela gutxi Bilboko Euskalduna Jauregian Nervion irratiak antolatutako minbiziaren aurkako emanaldi solidario batean parte hartu nuen. Ederra izan zen bi mila pertsonaren aurrean jotzea. Gogoa daukat kontzertuak ematen hasteko.

Non erosi ahal da ‘Sutan dantzan’?

Internet bidez eskuratu daiteke, sutandantzanjulenalonso.com webgunean. Horrez gain, joango naiz herri batzuetan ale batzuk uzten, liburu-denda edo tabernetan, besteak beste.

Beste hainbat musikari eta talderekin kolaborazioak egindakoa ere bazara. Norekin aritu izan zara?

Olatz Zugastirekin ibili izan naiz pare bat urtez akordeoia eta teklatua sortzen. Asko ikasi nuen berarekin. Horrez gain, Gozategiren azken diskoko zenbait kantutan kolaboratzeko aukera ere izan dut eta taldearen kontzertu batzuetan parte hartu ahal izan dut.

Euskal Herriarekin harreman estua duen instrumentua da trikitia. Nola ikusten duzu bere egoera eta hedapena hemendik kanpo?

Sasoi onean ikusten dut. Adibidez, hedapenari dagokionez, Kepa Junkera bezalako artisten lana aipa-tzekoa da, trikitia, euskal musikaeta euskara bera ere ari delako zabaltzen munduan zehar.