Maiatzean poesia liburua atera nuenean ezagun batek egindako galdera errepikatu didate, berriki, nobela bat argitaratu dudanean: “Non erosi liteke zure liburua?”. Aipatua dut hemen zenbat herri dauden liburu dendarik gabe, eta horietako batzuen berri eman nuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, nire sorleku den Urola bailarara mugatuz. Programa amaitu zenean mezu bat sartu zitzaien irratikoei. Azkoitiko Hizki papertegitik idatzi zuten, esanez haiek bazituztela euskarazko liburuak. Dendaren web orrian modu bitxian agertzen dute ekimenaren sorrera: “Bizitza egin xamarra zuten lau anai-arrebek abiatu genuen Hizki papertegia 2007an. Erronka berriak probatu eta gure egunerokotasunetik oso desberdina zen abentura hastea erabaki genuen bazkalondo bateko solasaldian”. Haien prestutasunak liburu denden definizioa matizatzera behartu nau.

Hiriburuetan gero eta liburu denda berezi gehiago dagoen arren, liburuen artean kafetegitxo bat jarriz, edo eguneko menua jateko aukera, espazio klasikoa liburuz betetako denda bat da; liburuak daude, ez beste ezer. Hamarkada askotako lana dago bilduma horietan, eta denda-jabea ez da saltzaile hutsa, aholkularia baizik, erne dagoena nobedadeen aurrean, klasikoak gutxi-asko maneiatzen dituena; zuretzat egokia litzatekeen liburuaren bilaketan lagundu egingo dizu, iritziak eman, abentura horretan zure pausoak zuzendu. Ezagu-tzen ditu edizio merkeagoak, edo autore loriotsuen libururik kaskarrenak, eros ez ditzazun.

Paper dendan, aldiz, denetik dago: margoak, karpetak, motxilak, guraizeak, mapak, DVDak? eta liburuak. Eta hauen artean, bis-bistan, best-sellerrak, nobela historikoak, beltzak, errezeta sorta argazkidunak, espainolez ia denak. Euskarazkoak apal ezkutuetan, gehienak haur eta gazte literaturakoak, ezer seriorik ez.

Egia da produktuak erosteko moduen nahasmena arras hedatu dela, eta garai honen ezaugarri bilakatu ere: gasolindegietan ogia erosten dugu, laranjak, patatak; harategietan txipiroiak saltsan, eta bakailaoa; tabernetan egunkariak; kioskoetan DVDak; okindegietan esparragoak eta tomateak; txinoetan baserritar jantziak; telefonoan zinea ikusten dugu, ordenagailuan telebista, eta telebistan bideo-jokoak. Badirudi ezer ez dagoela bere lekuan, edo dena dagoela guztietan. Idazleok ere gidoiak idazten ditugu, kultur estrategien txostenak, edo baita politikoen diskurtsoak ere. Ezingo diet paper dendei purutasunik eskatu.

Baina bada hedatu den slogan eta praxi bat, janari denda eta ostalari-tzan: bertako produktuena. Non gure baratze, itsaso edo kontserba enpresen ekoizpenak nabarmentzen diren, kanpotik datorren uholdearen aurrean bere balorea emanez, eta bere prezioa. Eta funtzionatzen ari da. Hemen egindako ogia hobesten dugu, Frantziatik ekarri dutenaren aldean.

Hor dute paper dendek euren presentzia bermatzeko bide bat, herritarren beharrei erantzuteko indar bat: egin bertako literaturaren alde! Agertu euskaraz dagoen liburu-ekoizpen zabal, eder eta mimoz editaturiko abaniko distiratsua! Badakigu best-sellerren argitaletxe erraldoiek dirua ematen dietela haien liburuak erakustokian paratzeagatik, baina bertako kulturaren ekoizle eta erosleen aldeko lanak fruituak eman ditzake luzarora begira.

Liburu denda izatera iristen ez badira ere, orduan aitortuko diet badaukatela funtzio bat euskal kulturarentzat.