Herri eta kultura kontzeptuetan oinarrituta sortu zuten Eusko Ikaskuntza duela 100 urte. Xede jakin bat zuen XX. mende hasieran sortu zenean, gizarteari erantzun aurrerakoiak ematea. Egun zeintzuk dira Euskal Herriaren erronkak? Eta erakundearenak hastapenetako berberak dira, ala aldatu egin dira?
Zentzu zabalean, Eusko Ikaskuntzaren zeregina eta Euskal Herriaren erronkak ez dira aldatu. Testuingurua, ordea, asko aldatu da, eta horren aurrean gure lan egiteko moduak eta guk lan egiteko eremua aldatu egin ditugu gaurko egunera egokituz, baina erakundearen zentzuak eta zereginak berdin jarraitzen dute.
Zergatik da beharrezkoa oraindik ere Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde bat egotea Euskal Herrian?
Mende honetan Euskal Herriak oraindik badauka zeregina bere etorkizuna eraikitzeko. Gaur egun, EI da, bere sorkuntzatik, Euskal Herriko lurralde eta euskal diasporako komunitate guztiak kontuan hartzen dituen erakunde bakarretako bat. Ezinbestekoa da Euskal Herri osoan ezarritako erakunde bat. Bigarren beharra da euskaldunok gure erronken inguruan, gure arazoen inguruan, gure etorkizunaren inguruan behar dugula pentsamendurako, ikerketarako, ikasketarako, debaterako espazio bat, lurraldeetatik gaindi dagoena, perspektiba orokor batetik gaiak plantea-tzeko. Hirugarren argudioa, akademiaren mundutik urrundu behar dugu eta pentsamendurako eta proposamenak egiteko plataforma autonomo bat, diziplina anitzekoa, herritarrak ere debate edo azterketa horietan parte hartzeko, akademiaren mugetatik harago.
Duela pare bat urte aipatzen zenuen zelan 2012an, lehendakaritza hartu zenuenean, Eusko Ikaskuntza aurkitu zenuela Euskal Herriaren galdera nagusiei erantzuna eman gabe. Urte batzuk igaro dira ordutik. Eusko Ikaskuntzak hartu du jada bere lekua euskal gizartean?
2012an Euskal Herriko galderei erantzuna emateko lanean zebilen Eusko Ikaskuntza, baina antolaketa eta planteamendu oso klasiko batekin. Eraldaketa sakona egin genuen eta 2013-14an planteatu genuen ea zeintzuk ziren landu beharreko eremuak. Parte hartze prozesu baten ondoren, bost izan ziren: oinarrian euskararen etorkizuna, euskal kultura eta euskal identitateak; arlo sozioekonomikoan, euskal eredu sozioekonomikoa eta enpresa ereduak; arlo politikoan, Euskal Herriaren artikulazio juridiko-politikoa; eta, etorkizunari begira, Euskal Herriaren etorkizunerako eszenatokia. Eremu bakoitzean proiektu bat antolatu genuen zuzendari zientifikoarekin, talde eragilearekin, EIko arduradun batekin eta talde zabal batzuk. Egitura horrekin aritu gara lanean azken hiru urteotan eta kongresuan egin dugun lanaren azalpenak eman eta proposamenak aurkeztuko ditugu.
Urteotan egindako lanaren emaitza aurkeztuko duzue kongresuan, beraz.
Diagnostiko inperfektu bat bildu dugu dokumentu batean. Hiru urte hauetan ponentziak prestatzen, dokumentuak aportatzen... ia 1.200 pertsonek egin dituzte ekarpenak. Ez gara ausartzen diagnostikoa deitzera, ez delako koherentea, hutsuneak, kontraesanak dauzka? Baina saiatu gara pertsona horiek esan dituzten gauzak ahalik eta era hoberenean dokumentuan jasotzen: Liburu berdea izenekoan. Koadro moduko bat margo-tzen du, koadro inperfektua. Hortik abiatuta, azken lau hilabeteotan egin duguna izan da herritar mahaia antolatzea, hor dauden galdera nagusiei herritarrek erantzunak edo galdera berriak planteatzeko, eta adituen mahaia: horiek itxi egin dute. Hori guztia, Liburu zuria deitzen diogun dokumentu batean aurkeztuko dugu kongresuan.
Ze ezaugarri izango ditu XVIII. Kongresu honek? Zer espero duzue hitzordu honetaz?
Kongresu honen lehen ezaugarria da ez dela kongresu akademiko klasikoa izango. Guretzat prozesua bera garrantzitsuagoa da emaitzak baino, Eusko Ikaskuntzak azken hiru urte hauetan egin duen lanik inportanteena da lan egiteko prozesu diferente batera hurbiltzea eta oraindik ikasten ari gara hori aurrera eramaten. Gure planteamendua da herritar guztiek ezagutza badaukatela eta ezagu-tza hori mugimenduan jarri behar dela. Kongresu mistoa izango da.
Bigarren berezitasuna izango da bost ataletan banatuko dela. Bakoitza Euskal Herriko hiriburu batean izango da: Baiona, Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Donostia eta, azkena, Oñati. Atalak dinamikoak izango dira, ponentziak aurkeztu eta mahai borobilak egingo dira, eta hor egindako ekarpenak jaso eta Liburu zurira gehituko ditugu. Kongresua baliatuko dugu aberasteko eta ekarpen gehiago egiteko, debatea ez baita bukatu. Azaroaren 23an Oñatin izango da kongresuaren bukaera. Bertan Liburu zuria eta jaso ditugun ondorioak aurkeztuko dira. Gonbidatu nahi ditut gai horien inguruan interesa duten herritar guztiak. Gure webgunean kongresuan apuntatzeko aukera dago.