Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Barriek 2018 programaren barruko lana bistaratuko du Ander Sagastiberrik bi hilabetetan zehar Bilboko Rekalde Aretoan. Iazko edizioko lehiaketara aurkeztutako proiektua irabazle atera zen, eta horri esker aurten erakusketa berezia antolatu du Sagastiberrik. Irudimenari hegan egiten utzi dio, bere subkontzientean murgildu da eta umorea garraiatzen duten margolanak dira horren emaitza.
Mugikorreko oharretan noizbait idatzitako esaldi batetik hartu zuen Sagastiberrik erakusketaren izenburua. Ohar horiek irakurtzen zegoela, aspaldi idatzitako esaldia ikusi zuen: Har bati hitz egiten ari den aurpegi bat. “Momentu horretan ez nuen gogoratzen zer dela eta apuntatu nuen esaldia, askotan gertatzen zaidan gauza da, baina hainbeste denbora pasa ondoren irakurritakoan barregura eragin zidan. Gainera, margolanen prozesuarekin bat egiten duela iruditu zitzaidan”.
LANKETA AUTOMATIKOA
Artista gazteak sortutako erakusketa marrazketa automatikoko prozesuaren emaitza da. Irudiak atera-tzeko modu horri balio handia ematen dio Sagastiberrik. “Idatzi duzuna ez gogoratzearen antzeko zerbait da; prozesuan murgiltzen zara eta ustekabea berbera da. Hori da gehien erakartzen nauena”. Hainbat ordutan marrazten jardutearen ondorio dira Rekalde Aretoan ikusgai dauden margolanak. Bere koadernoko orrialdeetan egindako zirriborro eta marrazkietatik ateratako obrak dira. Horren ondoren, ordenagailuan itxura egokia eman eta oihalera eramaten ditu azkenengoz. “Gehienak marrazki horietatik ateratako irudiak dira, haietako asko ulertzen ez nituen arren”.
Dena nahasita egotea ezinbestekoa da Sagastiberrirentzat: landu, aldatu eta nahastu egiten du, denetariko irudiak eransten ditu, berarenak ez direnak ere bai. Kolorez aldatu, lekuz mugitu eta hori behin eta berriz errepikatzen du, irudiak fun-tzionatzen duela sentitzen duen arte. “Ezin dizut esan zergatik jartzen dudan kolore bat edo beste. Kontu plastikoak dira. Funtzionatzen duela sentitzen dudanean, ordenagailuan dudana oihalera pasatzen dut”.
Metodo zehatzaren falta izatea garrantzitsua da artistarentzat. Izan ere, hori da hainbat lekutara iristen laguntzen diona. Une bakoitzean gauza desberdin batek estimulatzen du lanerako eta, beraz, ezin dezake beti lan egiteko metodo berdina erabili. “Eraikitzen dudana irudiak dira, eta helburuak ez dira beti berberak”, dio Sagastiberrik.
Guzti hori ez da erreza, eta astuna suertatzen da batzuetan, Sagastiberriren esanetan, jarraikortasuna eskatzen duen lana baita. “Agian, formatu handietan nabariagoa da eta denbora luzean tamaina hori lantzen ibili naizenez, oraingoan apur bat aspertuta sentitzen nintzen eta justu kontrakoa egitea erabaki nuen”, aitortzen du.
Ikusgai duen proiektuan 38 margolan txiki eta 3 handi daude. Artistak dioenez, formatu handiko koadroek emaitza harrigarriak ematen dituzte, baina energia guztia jarri behar da haietan. Hala ere, formatu txikian 44 margolan bukaturik izan arren, aretoan 38 soilik jarri ditu ikusgai, gainerakoek ondo funtzionatzen ez zutela sentitzen baitzuen Sagastigarrik.
Urte eta erdi eman zuen Allegoria total lantzen. Erakusketako koadrorik handiena da eta, Venus in cancer koadroarekin batera, aurreko margolan bilduma bati dagokio. Handienen artean dago bere lan gogokoenetako bat ere: Ext. máximum de santidad.día. Benetan ikusgarria den margolana. Azken lan hau formatu txikiko koadro sailari zegokion hasiera batean, baina tamaina handian berregin zuen, “berezia” iruditu zitzaiolako.
GOZATZEKO EGINAK
Zentzurik ez duten artelanak dira Sagastiberrirenak. Hori da, behintzat, artistak dioena. “Ez dute istoriorik kontatzen. Disfrutatzeko eginak dira soilik. Baina imajinazioa hegan egiten utzi nahi duenak, egin dezala”. Getxotarrak dioenez, imajinazioa landu eta garatzea ez da batere erreza. “Oso pozik nago oraingoan egindako lanarekin, buruan ditudan ideia eta formekin garatutako margolanak baitira, eta hori berria da niretzat”, onartu du. Lan honen gauzarik zailena irudiek berez zentzua izatea dela dio: “egia da orain arte umorea zuen zerbait egitea oso konplikatua iruditzen zitzaidala, baina oso pozik nago lortu dudan emaitzarekin, nahi gabe lortu dudan arren, izugarri ikasi dudalako”.
Lizentziatu zenetik urtero bi edo hiru erakusketa egiten dituen arren, bilduma hau “berezia” dela aitor-tzen du Sagastiberrik: “Erakusketa honekin lehen egin ezin nuen zerbait egiteko ahalmena irabazi dut eta hori oso baliotsua da niretzat”, dio. Artea bere diru-iturri nagusia ez den arren, emaitzak ikustea eta bere buruarekin harro sentitzea da Sagastiberri aurrera jarraitzera bultzatzen duena. Azken finean, esaera zaharrak dioen moduan, gustuko tokian, aldaparik ez.