Gizabanakoek, egunean zehar, ordu asko igarotzen dituzte bakardadean. “Pertsona arrunt” horiei buruz hitz egiten du Koldo Almandozen Oreina filmak, “normalean pelikuletan agertzen ez den jende” horri buruz, hain zuzen ere. 20 urteko ibilbidean hamaika film labur eta Sipo Phantasma “esperimentala” egin ondoren, lehenengo “luze industriala” grabatu du donostiarrak. Aurtengo Zinemaldian parte hartuko du eta Zuzendari Berrien sailean lehiatuko da.
Proiektuak elementu dikotomikoez dihardu: elkarrekin hitz egiten ez duten bi anairi buruz; aurrera egin edo, aitzitik, bere horretan gelditu nahi duten pertsonaiez; maitasunaz eta desamodioaz; kidetasunaz eta mendekuaz, besteak beste. Horretarako, eskarmentu handiko bi euskal aktore bildu ditu Almandozek, Ramon Agirre (Martin, filmean) eta Patxi Bisquert (Jose Ramon), anaien papera antzez dezaten. Laulad Ahmed Saleh (Khalil) aktore amateurrak, aldiz, bien arteko “zubi” lanak egin ditu pelikulan. Erika Olaizola, bere aldetik, Joana da luzean, Khalilen laguna.
Oreinak beste protagonista nagusi bat du: Oria ibaia, bertako Saria padura eta Usurbil eta Aginaga bitarteko zonalde guztia. Almandozek azaldu du ingurune horretan ibiltzearen ondorioz sortu zitzaiola filma egiteko ideia: “Halako batean erreparatu nuen Aginagan badagoela etxe bat, erdia margotuta eta ondo zaindua dagoena eta beste erdia desastre bat egina. Bueltaka hasi nintzaion ideia bati: Nor bizi behar da hor hain gaizki moldatzeko?”.
Hortik tiraka etorri zen gidoia. Gabriel García Márquezek esandako zerbaiti erreferentzia egin dio zuzendariak pertsonaien bakardadea azaldu nahian. Idazleak bizitza publiko, pribatu eta sekretuaz hitz egiten zuen, “azken hori, guk bakarrik ezagutzen duguna” delarik. “Guztiok pentsatzen ditugu astakeriak, inori esango ez genizkionak... Hori bakardadean egiten dugu eta filmak hori ere iradokitzen du”, azaldu du zinemagileak.
ispilua Lehenengo aldia izan da Laulad Ahmed Salehentzat kamara aurrean. Castinga pasa ondoren Khalilen pertsonaiarekin antzekotasun handia zuela ikusi zuen. Laulad, fikzioan bezala, gaztetxo etorri zen Saharatik Euskal Herrira eta hemen euskaraz ikasi zuen. Lehen esperientzia honen ondoren, antzeztearekin erlazionaturiko ikasketak abiatu nahi ditu.
Almandozek aitortu duenez, Laulad ez zen izan “castinga hobekien egin zuena”, baina hautatu egin zuten bazuelako zerbait “jokaera aldetik benetakoa” iruditzen zitzaiena: “Alde batetik ikusi genuen erraztasun soziala bazuela eta, aldi berean, adinarekin erlazionaturiko inozentzia puntu hori ere bai”.
Erika Olaizolari dagokionez, Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusi ondoren “zuzenean” Joanaren papera egiteko aproposa zela pentsatu zuen Almandozek. An-tzerki mundutik dator Erika Olaizola eta berarentzat Oreina “opari” bat izan da. Antzerkia eta zinemaren hizkuntzaren “desberdintasunak” onartu ditu, baina taula gainean “baliagarriak diren tresna asko” zineman ere erabili daitezkela adierazi du.
Pelikulak “naturaltasuna” islatu nahi du eta horretarako, ezinbestekoa zen aktoreen arteko ulermena. Agirre eta Bisquertekin lan egitea oso erraza eta aberasgarria izan dela dio Lauladek. Zuzendariak, bere aldetik, gehitu du “beldurra ere” ematen ziola esperientzia eta esperientziarik gabeko aktoreen nahasketak: “Nire irudipena da Patxik eta Ramonek Lauladekin dituzten sekuentzietan aktore teknika lausotu dutela eta, modu berean, Lauladek besteak ikusita berea egiten ikasi duela”.
Ingurunea, pertsonaia Oria ibaiaren inguruneak baldintzatu egiten du istorioa. Bere “garrantzia” baduela aitortu du Almandozek, pertsonaia guztiei “bere izaera ematen” dielako.
Almandozen ustez, joera bat dago film sozialak egiten direnean: gune urbano edo industrialetan kokaturik badaude, ezin da “berderik ikusi”. Naturan filmatzen badira, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Oreinan Oriako “ingurune basatia, padura eta ibaia” agertzen dira, bai, baita Usurbilgo industriagunea ere: “Pelikula honetan gauzak dauden tokian daude eta denak azaltzen dira”.
Oreina luzearen gidoia “asko aldatu” da eta hori gertatzeko arrazoietako bat lokalizazioak izan dira. Oria ibaian gora eta behera ezagutzen ez zituzten baina “pelikulan egon beharreko” tokiak aurkitu dituzte.
gidoiaren garapena Halere, ingurunea ez da izan gidoia aldatzeko arrazoi bakarra. Almandozek bere lan egiteko modua dela dio eta gehitu du antzerkian edo musikan beti daudela “aukerak gauzak modu berri batean probatzeko”. “Miseria handiena” filma bukatuta dagoenean gauzak ezin aldatzea da, bere ustez. Horregatik, prozesuan aldaketak egiteko aukera izatea garrantzitsua da donostiarrarentzat. Batzuetan, filmatzerako garaian paperean jarritakoak ez dutelako funtzionatzen, hain zuzen ere, eta horri aldaketen bitartez “irtenbidea” bilatu behar zaio. Halere, “ausardiaz” egin beharreko zerbait da gidoitik aldentzea, “eremu ezezagun batean” sartzen delako zinemagilea.
Luzeari izenburua ematen dion eta bertan gertatzen den guztiaren lekuko mutu den oreinak, esaterako, hasiera batean pisu handiagoa zuen proiektuan: “Askotan pentsa-tzen dugu izenburu batek laburbildu behar duela istorioa. Izenburu asko izan zitzakeen honek, baina azkenean hori geratu zen”.
langa Koldo Almandozek bi hamarkada daramatza zinemagin-tzan. Laburren munduan eskarmentu handiko zinemagilea da. Oraingoan, “nolabait esateko, lehen lan industriala” filmatu du. Onartu du “nabarmen estresatu” duela lan honek eta, tamalez, jende askok “fikziozko luze komertziala” egin duenean bakarrik aitortu dutela zinemagile moduan. Horren aurrean aspaldi utzi zion borroka-tzeari, baina Oreinak “langa” berri bat jarri du bere ibilbidean. Halere, hori saihesten saiatuko da. Film labur bat edo pieza esperimentalago bat egiteko gogoa du, “modu amateurrago batean eta beste modu batean gauzak egiteko aukerak izatea”: “Lasaitasuna izate aldera eta berriro modu lasaiago batean disfrutatze aldera laburrera joko dudala uste dut. Presiorik gabe, ezer itxaron gabe”.
Zuzendaritza eta gidoia: Koldo Almandoz. Antzezleak: Laulad Ahmed Saleh (Khalil), Patxi Bisquert (Jose Ramon), Ramon Agirre (Martin), Iraia Elias (basozaina) eta Erika Olaizola (Joana). Iraupena: 85 minutu. Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal. Argazki zuzendaritza: Javier Aguirre Erauso. Musika: Elena Setien eta Ignacio Bilbao.