Aste hauetan buru-belarri dabil Iñaki Etxezarraga Etxe (Berriz, 1984) bere disko berriari azken ukituak ematen. Diseinuarekin ari da lanean, baina gainontzeko guztia prest dauka jada. Izan ere, irailean aurkeztuko du lan berria, eta, aurreratu duenez, poz-pozik dago lortutako emaitzarekin. “Niretzat musika beti izan da nire sentimenduak adierazteko era bat, eta kantuak oso pertsonalak izan dira orain arte. Oraingoan, horrelako zerbait ere badago, baina helburu nagusia inoiz egin dudan lanik onena egitea izan da”, ziurtatu du Etxezarragak.
Bere poza agerikoa bada ere, diskoari buruzko informazio askorik oraindik ez zabaltzea nahiago du, adibidez, lanaren izenburua. “Izenburua aukeratuta dago, eta argi eta garbi azalduko du disko honen energia, oso esanguratsua baita, baina ez dut diskoa kaleratu arte aurreratuko, diskoaren izena eta azala biak batera aurkeztu nahi baititut”, azaldu du Etxek.
Hala ere, izenburua ez da izango en-tzuleak topatuko duen sorpresa bakarra. Azken bi diskoetan (Haize berri bat eta Bizi) formatu akustikoaren alde egin zuen Etxezarragak, baina oraingo honetan pop-rockaren bidetik jo du berriztarrak. “Gogoa neukan berriro ere gitarra elektrikoa hartu eta pixka bat rockeatzeko”, aitortu du. Horrela, bere gustukoak diren musika estilo ezberdinak nahastu ditu bere azken lan honetan. “Zazpi kantuz egongo da osaturik lan berria, mota ezberdinekoak izango dira piezak, diskoa kaleratzean eztanda egingo dutenak”, aurreratu du Etxezarragak.
Arma, tiro, Pum! aurrerapen kantua kaleratu du dagoeneko, euskal abesti ezberdinetako esaldiekin sortuta. Abesti honen helburua euskal musikariak goraipatzea da, eta, aldi berean, gazteak euskal musika kon-tsumitzera eta jarraitzera bultza-tzea. “Euskal musikatik bizitzea ez da erraza, oso gutxik daukate zorte hori. Izan ere, musikatik bizi diren gehienak ez dira musikariak. Hori da benetan tristeena, musikariok egiten dugun lanari etekina atera-tzen dioten asko daudela”, azpimarratu du Etxezarragak.
ETXEAN KONPOSATUA Urte hasieran abiaturiko bidea lasaia eta oso emankorra izan dela ziurtatu du Etxezarragak. Bere sorkuntza prozesua, ostera, etengabekoa dela azaldu du berriztarrak, abestiak egiteko ideia berriak egunero izaten baititu. 2016an Bizi diskoa kaleratu zuenean hasi zen abesti berriak sortzen. Lehenengo, melodia eta egitura osatu zituen, eta, ostean, letra. “Azken disko honetan, etxean konposatu ditut kantuak, nik bakarrik. Bateria, baxua, gitarra eta ahotsa grabatu ditut eta hortik abiatuta egin du Jagobak bere lana”. Hain zuzen, Jagoba Ormaetxea musikari eta ekoizlearen lana eta talentua nabarmendu nahi izan du Etxek.
Bere azken proiektu hau aurrera ateratzeko crowfounding kanpaina burutu du Etxezarragak, eta, jendearen erantzuna bikaina izan dela ziurtatu du. “Ideia nahi gabe atera zi-tzaidan, kamisetak aterako nituela erabaki nuenean. Batzuek beltza nahi zuten, besteek gorria, nagusi edo haurrentzako neurrian? Azkenean, jendeak nahiago zuen kamiseta estiloa eta tamaina aukeratu ahal izatea erabaki genuen eta diruaren zati bat diskoa ekoizteko erabiltzea. Beraz, crowfounding bidez diskoaren zati bat ordaindu ahal izan dut eta oso pozik nago”.
BIZITZA MUSIKARI LOTUTA Etxezarraga oso gazte zela hasi zen musikarekin harremana izaten. Izan ere, 8 urte zituela ikusi zuen lehengo aldiz talde bat entseatzen. Garai hartan bere lehen rock kon-tzertuan ere egon zen. Ikastolan hasi zen gitarra jotzen eta 15 urterekin Nabari taldea sortu zuen. “Orduan igo nintzen lehen aldiz eszenatoki batera eta, ordutik, Mafia, Trikizio, Boston Jai eta nire bakarkako proiektuarekin aritu naiz. Bizi erdia baino gehiago daramat musikari lotuta”, aitortu du.
Etxezarragak argi dauka egun ez dela duela 20 urteko musikari bera. “Aurreko diskoak bultzada eman zidan berriz musika sortu eta zuzenekoekin disfrutatzeko. Gaur egun, berriz, nahi baino gutxiagotan daukat musika jotzeko aukera, baina badira momentuak bizitzan zirt edo zart egin behar duzuna, eta hau horrelako momentu bat da. Zentzu horretan, nire indarrak lan berri honetan hustu ditut”.
Musikak “denerako” balio diola aitortu du Etxek: sentitzeko, pentsatzeko, maitatzeko, gorrotatzeko eta lasai-tzeko, besteak beste. “Ez dago egun bakar bat ere musika entzuten ez dudana. Gainera, bizitzan eduki ditudan esperientzia ederrenak ere musikak oparitu dizkit, baita bidean ezagutu dudan jendea ere”.
Disko berria kaleratu eta kontzertuak ematen hasteko asmoa dauka Etxek. Urriaren 6rako dagoeneko hitzordua zehaztuta dauka Durangoko Plateruenan. Hala ere, aurreratu duenez, ez dira emanaldi asko izango. “Ekonomikoki esfortzu handia dira kontzertuak, beraz, diskoak izango duen erantzunaren arabera erabaki beharko dugu”.