IZAN zitekeen hirukoa, edo izan zitekeen laukotea, baina ez, biko rock talde bat da Iñigo Muguruzak eskuartean duen proiektu musikal berria. Hortik izena, Hiru Leike, “bikoa da baina hiru leike”. Lurra taldean entzun genuen azkenekoz Muguruza.

2015ean, ordea, esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenean, geldialdi bat egin behar izan zuen. Kontzerturen bat edo beste eman zuten horren ostean lurtarrek eta iazko abuztuan agur esan zioten behin betiko Lurra taldeari. Gaixotasunari neurria hartu behar izan dio azken boladan irundarrak eta gauzak lasai eta mantso egin behar ditu nahitaez, baina ez zaio musika egiteko gogorik inoiz desagertu.

Duela urte eta erdi inguru sortu zen Hiru Leike proiektua. Amnesty Internationalek Irunen errefuxiatuen egoera salatzeko kontzertu bat antolatu zuen. Hitzordu hartarako Leonard Cohenek ezagun egin zuen The Partisan abestiaren bertsio bat prestatu zuen Ane Odriozola abeslariarekin batera (Indidxabak taldeko abeslaria da Odriozola). Lehen aldiz aritu ziren elkarrekin eta Odriozolaren kantaerak piztu egin zion musikari berriro heltzeko gogoa. Baten proposamenaren eta bestearen baiezkoarekin, lanean hasi ziren.

Sei urtez gitarra akustikoarekin aritu ostean, gitarra elektrikoa berriz hartzeko beharra sentitzen zuen Muguruzak. “Distortsioa eta power soinuak sartzeko beharra sentitzen nuen. Gero ohartu naiz beti funtzionatu izan dudala modu berean: soinu garbiko talde baten atzetik, talde kañero bat eta alderantziz. Joxe Ripiau garbia, Sagarroi kañeroa, Lurra garbia, eta orain Hiru Leike, kañeroa. Nire txanponaren bi aldeak dira, itxuraz. Beharbada, egunen batean lortuko dut orekatzea”, dio Muguruzak, barrez.

BATERIARIK GABE Ohikotasunetik urrun badago bi laguneko rock talde bat osatzea, are harrigarriagoa da bateriarik ez egotea. “Hala da bai, grabazioa pasa diedan lagunek denetarik esan didate: hau zer da bateriak kantak ikasteko karaokea? edo hau zer da, zure talde arraro horietako bat?. Baina ez gara bakarrak; behin Parisen jo genuen Bérurier Noir izeneko talde batekin. Gitarra, ahotsa eta erritmo kaxa bat soilik ziren taldea, talde itzela zen, ikuskizun handia ematen zuten, La Fura dels Baus moduko bat. Beraz, ez, ez gara bateria gabeko lehen rock taldea eta seguru asko egongo dira gehiago”. Momentuz grabatu duten kanta bakarrarekin ?Ez da euria izenekoa? frogatu dute rocka egiteko ez dela bateriarik behar. Formazio arraroen frikitzat hartzen du bere burua Muguruzak: “Joxe Ripiau ere ez zen batere ohikoa, Sergio (Ordoñez) Patxukok guiroa jotzen zuen, nire anaia Jabierrek eskusoinua eta nik baxua, hori ere ez zen batere ohikoa.

Negu Gorriak-en ere hiru hasi ginen: nire anaia Fermin, Kaki Arkarazo eta hirurok, eta erritmo kaxa bat, eta gero batu zen jende gehiago. Hemen ere berdin gerta liteke, orain bi gara baina hiru leike, edo lau leike. Osasuntsu sentitzen banaiz posible da taldea handitzen joatea, baina ikusiko dugu”.

Dozena bat kanta dituzte momentuz idatziak eta, gauzak ondo bidean, udan grabatuko dute diskoa. Normalean Muguruza bera da kantak egiten dituena, baina Odriozolak ere badu bere sormena lantzeko tartea. “Azken kantua egiteko, esaterako, Anek pasa zidan kanta bat, ahotsak grabatuta, eta horren gainean gitarrak jarri ditut nik. Oso polita gelditu da”, kontatu du Muguruzak.

Proiektu honen beste bitxikerietako bat da kanta denak 3/4ko konpasean eginak daudela. “Erronka bezala hartu dugu, gainera. Punk musikatik etorrita, konturatzen nintzen oso kanta gutxi daudela 3/4an eginak. Geureez gain, zuzenekoetan bi bertsio jotzen ditugu, horiek ere 3/4koak: The Clash taldearen Rebel Waltz eta The Stranglersen Golden Brown. 3/4ko punka aldarrikatu nahi dugu!”.

Letrei dagokionez, Karmele Jaiok idatzi ditu kanta gehienen letrak. “Lehendik ere egin izan dut lan berarekin eta oso identifikatuta sentitzen naiz bere letrekin. Oso letra intimistak dira, oso feministak. Gizarteaz eta egunero gertatzen diren gauzez hitz egiten du, baina ikuspegi berezia ematen die”.

Gaixotasunaren ondorioz, gauzak lasai egin beharra dauka Muguruzak, baina ongi sentitzen dela dio: “Asko zaintzen ari naiz, ez dut erretzen, ez dut edaten, dieta zaintzen dut eta yoga egiten dut egunero. Esan dezaket yogak bizia salbatu didala. Nerbio sistema zentralari lotuta dagoen gaixotasuna denez, mesede handia egiten dit yogak”.

KONTZERTU GOXOAK Esklerosiari kalte handia egiten dio estresak, horregatik, zuzenekoak hilean behin ematen hasi dira. Hiru kontzertu eskaini dituzte momentuz eta apirilaren 6an emango dute hurrengoa, Donostiako Tabakaleran. Kontzertuak ere ez dira ohikoak izango, Muguruzak aurreratu duenez: “Ez dakit gaixotasunagatik edo adinagatik den, baina kontzertu goxoak ematea da nire nahia. Talde baten emanaldia, mokadutxoa eta beste taldearena, jendeak elkarrekin goxo-goxo hitz egiteko eta egoteko topaguneak izan daitezen nahi dugu”. Garai batean parrandari eta desfaseari lotuta zetozen kontzertuak baina lehentasunak aldatu egin dira: “Gero eta gehiago baloratzen dut giro hori. Ez da oso espiritu rockeroa agian, baina hortxe gaude, beste fase batean. Eta dena esan behar bada, orduan baino zoriontsuago gara”.