- XIX. mendean desagertutako euskara arabatarra landu duen Gorka Lazkano itzultzaileak kontatu digu Errementari euskal film fantastikoa zinemara eramatea “bidea zaila izan dela”, baina uste du “emaitza oso ona izan dela”, eta “hemendik aurrera ere erantzuna bide beretik joatea” espero du. Euskara irakasle eta itzultzaileak gidoia jaso zuen orain dela hiru urte, euskarara itzultzeko. Gorka Lazkanok Pedagogia ikasketak egin zituen Donostian, eta Antropologia UNEDen. Ez zuen zinema mundua barrutik ezagutzen, eta sektorean aurkitu dituen grinak eta profesionaltasunak harritu egin dute.
Euskara hutsean filmatu du Paul Urkijo zuzendari eta gidoilari gasteiztarrak, garaiko hizkuntza eta euskalkia mantenduz (XIX. mendean Araban hitz egiten zuten euskara). Bi datu: zuzendari gasteiztarraren opera primaren ekoizpenean hartu du parte Álex de la Iglesia zuzendari eta ekoizle bilbotarrak. Eta Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako Patxi Errementari ipuin mitologikoa du oinarri pelikulak. Txikitatik Urkijoren ipuin gogokoena zen hori, eta aspalditik zeukan istorioa zinemara eramatea.
Zorionak hainbeste sari jasotzeagatik hasieratik, eta prentsa, kritikari eta publikoaren iritzi hain onak izateagatik. Espero zenuten?
-Paulen film laburrak ikusita eta gidoia irakurrita, banuen sentsazioa Errementari berezia izango zela, haize berria ekarriko zuela. Bidea zaila izan da, baina uste dut emaitza oso ona izan dela, eta hemendik aurrera ere erantzuna bide beretik joatea espero dut.
Zein izan da zure lana Paul Urkijo gasteiztarrak zuzendutako lehen film luzean? Hasieratik hartu duzu parte? Ikertzaileen laguntza jaso duzu? Eta bestalde, prozesu luzea izan da hizkuntzaren arloan lan egitea? Itzuli behar izan duzu gidoia?
-Paulek sei urte eman ditu proiektu honekin buru-belarri, erraz esaten da. Duela hiru urte pasatu zidan gidoia, euskarara itzultzeko; bigarren bertsioa zen. Elkartu ginen, eta buruan zuena irauli zidan. Ondoren, satorzuloan sartu, eta itzulpen bat egin nuen. Harrezkero, bertsioak bata bestearen atzetik etorri dira, eta gidoiaren aldaketez gain, bestelako aldaketa pilo bat ere sartzen joan naiz. 2016ko erdialdean, hamargarren bertsioa eskuetan genuela, Koldo Zuazo dialektologo eta ikertzailearekin jarri ginen harremanetan, eta hark irizpide oso baliagarriak eman zizkigun.
Nola jarri zen Paul Urkijo zurekin harremanetan?
-Haren arreba Izaskun nire laguna da (bera da Errementariren eta Paulen film laburren arte zuzendaria, besteak beste), eta hala ezagutzen genuen elkar. Aurretik eginak nizkion Pauli pare bat itzulpen, El bosque negro eta Monsters do not exist film laburrenak. Egun batean geratu, eta proposamena bota zidan.
Zergatik erabaki zuen zinegileak euskaraz egitea Errementari filma?
-Berak dioenez, ezin zuen beste modu batean izan. Ipuina euskaraz jaso zuen eta bere bertsioa euskaraz eman nahi izan du. Hori oso argi izan du une oro, eta sirenen kantu guztien aurrean horri eutsi dio.
Zure ustez, zeintzuk dira euskarak pelikulari egiten dizkion ekarpenak?
-Nik uste dut lortzen duela gainerako anbientazio-lan guztiarekin nolabait bat egitea. Kolore bat gehiago gehitzen dio eta istorioan sartzeko balio dezake. Dena den, ikusle bakoitzak izango du bere iritzia. Idealena litzateke hizkuntza bera oharkabean pasatzea, jendeak ez jartzea arreta horretan, besterik gabe istorioan murgiltzen laguntzeko bitarteko bat izatea. Hori seinale ona izango litzateke.
Sekulako arrakasta lortu dute azken urteotan egindako euskarazko filmek (Handia, Errementari, Loreak,...) zineman. Harritzen zaitu egoera honek?
-Noizbait iritsi behar zuen, talentua eta lan egiteko gogo izugarria dago. Nik ez nuen zinema mundua barrutik ezagutzen, eta dagoen grinak eta profesionaltasunak harritu egin nau. Dirua eta erraztasunak behar dira, oinarri-oinarritik proiektu txikiagoak ere bultzatu. Gutxi batzuen arrakastarekin ezer gutxi lortzen da, nire ustez, gainerakoak prekarietate-egoeran baldin badaude. Arrakasta lortu duten horiek ere, ez dute ezer ziurtatuta. Eneko Sagardoyri Argian irakurri nion, Goya saria jaso berritan, langabezia kobratzen ari dela, aktoreen %80tik gora daudela langabezian? Errementarirekin Oscar bat emango diote Enekori, demonio ahaztezin horri, eta pobre izaten jarraituko du. Eta berdin sektore osoa. Harritzen nauena da egoera hori izanik, oraindik ere ero kuadrilla bat egotea zinema egiteko pasio horrekin.
Zer espero duzu Paul Urkijoren filmak zineman lortzea?
-Nik uste dut krispetak agortuko direla zinemetan, eta jendeak demonioei beldur pixka bat galduko diela.
Hizkuntzaren arloan, zein da pelikula honetan erabili duzuen euskara mota?
-Lau aldaera daude. Nagusiak bi dira: instituzioetako ordezkariei (Diputazioko komisarioari eta demonioei) euskara batua eman diegu, eta herriko jende xeheari, berriz, Araban garai batean hitz egiten zen euskararen ezaugarri batzuk gehitu dizkiogu. Bestalde, narratzaileak Ataungo euskaran egiten du (Barandiaranen omenez, hark jaso baitzuen Patxi Errementaria ipuina), eta herrian salerosketan dabilen kinkilari batek Oiartzualdeko moduko bat.
Arazoren bat izan dute aktoreek euskara mota hori erabiltzeko? Eta ahoskerarekin?
-Arabako herritarren papera egin zutenei galdetu beharko genieke zenbat buruko min sorrarazi dien testua barneratzeak. Errodajeko pertsona gorrotatuena izango nintzen agian, baina emaitza, behintzat, oso ona dela iruditzen zait. Pentsa ze meritu izan duten, adibidez, umeek. Ahoskera dela eta, guztien hizkera bateratzeko irizpide batzuk zehaztu genituen Koldo Zuazoren laguntzarekin, eta denek antzera egiteko saiakera egin genuen. Aktoreek berek ere asko lagundu zuten.
Dagoeneko erabiltzen ez den euskara berreskuratu duzue. Nola animatuko zenituzke ikusleak zinemara joateko? Euskaldun guztiek ikus dezakete filma? Errementari pelikulari azpitituluak jarriko dizkiote?
-Arabako euskalkia berreskuratu baino, mahai gainean jarri dugu, eta haren ezaugarri batzuk hartu ditugu, halako traza bat emateko. Ikusleei, oro har, ez zaizkie arrotzak egingo erabili ditugun ezaugarri horiek, gaur egun toki askotan erabiltzen baitira. Aditzak dira berezitasun handiena (Urdiaingoak, Burunda), eta ez dut uste haria galtzeko modukoak direnik. Euskara ikasten ari direnak ere animatuko nituzke euskaraz ikustera, den-dena ulertu ez arren, mamu horri ere beldurra galdu behar baitzaio, gaur egungo edozein euskalkiren aurrean bezala. Hitz-parrastada handienak, gainera, batuan daude. Ez dakit hemen azpitituluekin emango duten.
-Konta ditzakezu filma honetan egindako hitz edo esaldi batzuen aldaketak, eredu moduan, gaur egungo euskara batutik XIX. mendean erabilitako Arabako euskarara pasatu ondoren?
-Adibide moduan, herriko apaizaren sermoiaren zati bat, Jose Ramon Argoitia aktoreak botatakoa: “Horra hor, gobernu barriak Elexari egindako mespretxua. Deabrua geure artean duu, geure lurretan barrena dabile, idea liberal likitsen formagaz, persona zintzoak Jaunan mintzotik aldentzen?”. Apaizari, bestalde, kasu batzuetan, gainerako herritarrei baino errejistro jasoagoa eman diogu. Horrekin ere jolastu gara.
Zein da Gorka Lazkanoren lanbidea? Eta zein izan dira zure ikasketak?
-Euskara irakaslea eta itzultzailea naiz. Pedagogia ikasketak egin nituen Donostian, eta Antropologia UNEDen.