GASTEIZ. Dicharry Artiumen hileroko ohar koaderno bildumaren komisarioa izan zen 2017an, eta proiektuan parte hartu zuten 12 artisten maitasunaren ideiaren inguruko hurbilketaz mintzatuko da astearte honetan, otsailaren 13an. Intxausti, berriz, lan prozesuez eta sorkuntza garaikideaz duen ikuspegia azalduko du ostegunean, hilaren 15ean. Hitzaldiak 19.00etan izango dira eta sarrera doakoa izango da, baina tokia mugatua.
Eric Dicharry antropologoa, ikertzailea, poeta artista eta komisarioa da (Baiona, 1969). IKER Euskara eta euskal testuen ikerketa zentroaren eta Eusko Ikaskuntzaren kidea da. Euskal kulturaren, hizkuntzaren eta gizartearen inguruko artelan ugariren egilea da, eta Artiumek hilero argitaratu ohi duen ohar koadernoetan agertzen diren artelanen eta artisten hautaketa koordinatu zuen 2017an.
Artista lapurtarrak maitasunaren gaia aukeratu zuen proiektuan parte hartzera gonbidatutako 12 artisten lanen hari gisa.
Aurkezpenean zioen moduan, "maitasunak bere hiztegia dauka, bere hizkera: lehen maitasuna, maitasun eroa, maitasun debekatua, betiereko maitasuna, maitasun nahigabetua, maitasun librea, maitasun lotua... Egin, eman eta hartu egiten da". Ideia hori gogoan, Ipar Euskal Herri inguruko 12 sortzaile gaztek maitasunari buruz egindako hurbilketaz hitz egingo du hitzaldian.
Gema Intxausti gernikarraren lana Artiumen Hezkuntza Sailaren "Mirarien horma" erakusketan dago ikusgai. Zehazkiago, 2001ean egindako bi grabatu dira, "Wilhelm Von Humboldt. Euskaldunen Herrian Barrena" talde lanaren parte direnak. Lan hori abiapuntu harturik, artistak bere ibilbidearen bilakaera azalduko die bertaratutakoei, 1990eko hamarkadan eskulturaren berrikuntzan izan zuen parte hartzetik hasi eta gaur egungo lanetaraino.
Intxausti Gernikan bizi da eta han lan egiten du. Arte Ederren ikasketak egin zituen EHUn eta Ingalaterran, eta Donostiako Artelekun osatu zuen heziketa. Gure Artea saria jaso zuen 1991n. Erakusketa ugaritan parte hartu du, hala taldean -"Suturak" (Donostiako San Telmo Museoa) eta "Gaur, Hemen, Orain" (Bilboko Arte Ederren Museoa)-, nola bakarka -"Wilder is the Black" (La Taller, Bilbo) eta "Meanwhile... rapture" (Rekalde aretoa, Bilbo).