Bizitzaren erauntsien aurrean, frustrazio eta ezin ikusien aurrean, Eneko Larrañaga (Zestoa, 1982) irribarrearen bidea hautatzen saiatzen da, maitasuna errazten duten balioetan zentratuz; pertsonengandik aldentzea baino, nahiago baitu hurbiltzea, haserretzea baino nahiago maitatzea. Halaxe deitu dio, eta ez da kasualitatea, Enekora izenpean atera duen bigarren lan luzeari, Maitatzea nahiago, kora oinarrian, munduko musiketara garamatzaten lagunak alboan harturik.
“On egiten dizuten melodia, gogoeta, sentimendu eta ametsak” bildu dituzula diozu, denak musikaz lagunduta. Hori da zuretzat sendagairik onena?
Musika beti izan da niretzat sendagai. Beti izan da nire lagun handia, txikitatik. Azken finean, espresatzen eta bizitzen laguntzen didan bitarteko bat da musika, emozio eta sentimendu guztiak indartzen dituen bibrazio sorta. On egiten didan musikaren atzetik nabil, melodia goxoak eta erritmo alaiak.
Kora jotzen duzu. Ez dakienarentzat: zer da kora bat? Nola jotzen da? Zein da instrumentu honen historia?
Harpa aitzindari bat da, beti esaten dut harpen amona dela. 21 sokadun harpa bat da, Senegal-Ganbian sortutakoa. Mandinga inperio guztian jotzen da: Senegal, Ganbia, Mali, Burkina Faso, Bolikosta eta Guinea Conakryn, Afrika mendebalde horretan. Oso instrumentu berezia da eta egiteko behar diren materialak oso merkeak. Erresonantzia kaxa kalabaza erdi bat da, larruz estalia, mastila eta heldulekuak egurrezkoak dira eta 21 sokak nylonezkoak dira, arrantzurako erabiltzen den pita. Instrumentua jotzeko, hatz lodiekin bi musika-oinarri egiten ditugu eta hatz erakusleekin melodiak egiten dira. Beraz, nahiz eta material xumeak izan, 21 soka dituenez azkenean instrumentu konplexua suertatzen da.
Noiz eta nolatan hasi zinen kora jotzen? Zerk harrapatu zintuen?
Nire musika-ibilbidea txikitan hasi zen, 12 urterekin gitarra jotzen hasi nintzen eta hainbat taldetan ibili izan naiz, perkusioa, gitarra eta baxua jotzen eta abesten. 2000. urtean Zestoako eta Urolako beste kide batzuek Ttakunpa sortu genuen, musika eta dantza afrikarra eta txalaparta batzen zituen proiektu bat. Garai haietan kultura eta musika afrikarrean asko sakondu genuen eta perkusio afrikarreko ikastaro desberdinak ere egin genituen. Hain zuzen, ikastaro haietako batean ezagutu nuen nire kora maisua izango zena eta hark egin zidan nire lehenengo kora, 2007an. Eskuetan hartu nuenetik korarekin esperimentatzen eta sortzen ibili naiz.
‘Kora Izpiak’ kaleratu zenuen 2013an, bakarka. Maitatzea Nahiagon, aldiz, talde batekin zatoz.
Bai, Kora Izpiak bakarkako ibilbidearen ondorio izan zen eta kasu hartan neuk grabatu nituen perkusioak, ahotsak eta kora. Aurkezpenetan laukote formatuan ibili nin-tzen, bi perkusionista eta beste ahots batekin. Formatu hartatik aldaketak egon ziren eta beste musikari batzuekin jotzen hasi nin-tzen, pixkanaka musikariak gehituz, gaur egungo formatua osatu arte. Maitatzea Nahiago-n Ander Zulaikak grabatu ditu bateriak baina zuzenekoetan Carlos Sagi dabil gurekin, perkusioak Jouad Begarehek jo ditu, baina zuzenekotan Luis Camino dugu lagun. Diskoa grabatu digun Iñigo Egiak -Oh Brother! Studioa, Hernani- ere sartu ditu perkusio batzuk diskoan. Baxuan Andres Insua dago, koru eta perkusio txikietan Idoia Larrañaga, saxo sopranoan Ibon Irijoa, eta neuk kora eta ahots nagusia jartzen ditut.
Lehen lan hartako abestiak berreskuratu dituzu bigarrengorako, ezta?
Hala da, 2013tik 2017ra egon diren aldaketa horretan, nahi izan dut talde aldaketa hori musikarekin ere islatzea, eta abesti batzuk berreskuratu ditut oraingo taldearekin berregiteko, askoz kolore gehiago hartu dute horrela. Beraz, disko erdia lehengo kantuen birmoldaketak dira eta beste erdia azken pare bat urtetan sortutako kantuak.
Musikalki, “munduko musikak” etiketaren barruan sartuko genuke Enekora, eta egia esan, munduko usain ugari dakartzazu kantuetan. Hango eta hemengoak, lehengoak eta oraingoak...
Disko honetara iristeko eboluzioa arlo desberdinetan gertatu da. Alde batetik, taldea bera, talde oso bat, seikote jantzi bat osatu dugu eta horrek badakar, berez, desberdintasuna. Eta, beste alde batetik, orain arte landutako afrikar kutsu horretatik zertxobait atera gara. Afrikako gauzak egiten ditugu gehienbat, hori bai, geure ikuspegitik eta geuk sortuak; baina disko honetan sartu ditugu guaguanko kubatarra edo melodia arabiarrak ere, esaterako.
Toki horietara egindako bisitetatik ekarri dituzu soinuak?
Aspalditik izan naiz musika etniko eta folklore desberdinen zalea. Egia da Kuban, Senegalen, Tunisian edo Portugalen egon naizela, baina ez ditut bertatik ekarri, gehiago da leku horietan egoteak indartu egin didala nolabait nekarkien zaletasun hori. Gero, gitarrarekin gauza desberdinak egiten diren bezala, saiatu naiz korarekin ere gauza desberdinak egiten, Enekoraren estiloa mantenduta, baina pixka bat zabalduz.
Zergatik uste duzu konektatzen duzula musika mota horiekin?
Azken finean, oso melodia zalea eta oso erritmo zalea naizelako. Nire instrumentuak sokazkoak, perkusioak eta ahotsa dira. Bai erritmo aberatsak eta bai melodia espresiboak deigarri egiten zaizkit. Azken finean, harpa batek daukan espresio melodikoa oso deigarria egiten zait. On egiten didan musika estiloa da, goxotasuna transmititzen dit.
Musikalki ez ezik, hitzei begiratuta ere, bizi-tzaren aldarri sakon bat da diskoa.
Gure musika bizitzari lotutakoa da neurri handian, maitasuna, konfiantza edo esker-tza bezalako balioak lantzen ditugulako, beti ikuspegi positibo batetik. Kora kantuen sorreran egote hutsak energia mota batean jar-tzen zaitu, non hortik aurrerako dena ere energia goxo horrekin eta kolore berezi horrekin egiten duzun.
Melodiak ekartzen al ditu hitzak zure kasuan?
Bai. Nire kantatzeko era oso melodikoa da. Inprobisatzea gustatzen zait eta melodiekin jolasean ibiltzen naiz. Edozein estilotako kantua sortzen dudala ere, lehenengo osagai melodikoak egiten ditut gitarra edo korarekin, eta gero ahotsekin jolasten hasten naiz; jolas hori beti doa estilo jakin horrekin bat. Gero, kantuak dakarren energiarekin gai bat indarra hartzen joaten da; hor hasten naiz pentsatzen nik zer daukadan esateko gai horren inguruan, eta hor hasten naiz pixkanaka letrak sartzen. Baina hitzak sartu aurretik badago esentzia bat, energia bat, melodia batzuk... Niretzat oso gauza organikoa da letrak sartzeko prozesua. Ez da edozein letra idatzi eta edozein kantutan sartzen dudala.
Euskaraz ez ezik, gazteleraz eta mandingaz ere abesten duzu. Doinuek eramaten zaituzte hizkuntzetara?
Melodiak frogatzen zabiltzanean zerbaitek esaten dizu egiten ari zarena koherentea dela, forma egokia daukala. Gero euskaraz abestu dezakedan bezala, mandingaz edo gaztelaniaz abestu dezaket. Disko honetan Maitatzea nahiago-ren hitzetan Idoia Larrañagak lagundu dit eta Hegalari-ko hitzak Oihana Varelak egin ditu.
Bigarren lana izanik, zer ikasi duzu 2013ko ‘Kora Izpiak’ hartatik hona? Zein izan da eboluzioa?
Lehen diskoan esperientzia bat eta ibilbide bat neukan, koran eta musikan aurrera egiten nuela sentitzen laguntzen zidana. Oraingoan zerbait aldatu bada, hori izan da kantuak sortzeko garaian, jazz ikuspegi bat erabili izana, kantuetan gauzak gertatzea nahi nuen, harritzeko gogoa neukan. Lehen diskoan kantuak planoagoak edo intimistagoak ziren, eta koherentzia zeukan hala izateak, musika afrikarrean oso gauza soilak egiten baitira askotan, sentimendu edo energia batean konstante mantendu eta hor jolastea. Hori oso polita da, baina, orain, talde handiago bat edukita, prozesua beste bat izan da. Ederra da instrumentu bakoitzak bere ekarpen musikala egitea kantuei, eta zuzenekoetan ere ederra eta garrantzitsua da guretzat bakoitzak bere instrumentuarekin askatzeko momentuak edukitzea. Musikariarentzat ederra da eta, uste dut, entzulearentzat ere ona dela, saxo solo bat edo bateria solo bat en-tzuteak kantuaz aparteko zerbait ematen dio entzuleari.
Zer topatuko du ikus-entzuleak zuen zuzenekoetan?
Seikote formatuan gabiltza orain eta horri gehitzen zaizkio Idoia Larrañagak egiten dituen dantzak, dantza afrikarra eta garaikidea uztartuz eta abestiak aberastuz, eta bestetik, Jon Manterolak eta biok egindako proiekzioak eskaintzen ditugu kontzertu osoan zehar, bideoekin muntaia bat eginda daukagu. Nire helburuetako bat musikan, bizitzan bezala, beti izan da jaso nahiko nukeena ematea. Beraz, Enekorarekin helburua litzateke formatu horretan ematea kontzertuak, osagai guztiak publikoari erakutsi ahal izateko lekuetan, azken finean, ahalik eta ikuskizun ederrena eskaini nahi baitugu, ahalik eta baldintza onenetan. Baldintza onetan egiten duzun zerbait jendeari mila bider sakonago iristen baitzaio.