BILBO. Miren Arzalluz ordezkatuko du karguan. Hala, oraingo zuzendariak urtearen amaieran utziko ditu dagozkion betebeharra Parisko Pallais Galliera modaren museoa zuzentzeko.
Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, Komunikazio Zientzietan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean eta kulturaren eremuan ibilbide luzea egina da Irensa Larraza (Tolosa, 1970), eta erantzukizuneko lanpostuak bete izan ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan.
Hasieran, Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez. Ondoren, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Sustapenaren eta Hedapenaren arduradun izan zen hiru urtez, eta Syntorama musikarien ordezkaritza-agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduradun zortzi urtez. 2008 eta 2012 bitartean Tolosako Udalean garatu zuen ibilbide profesionala
Kultura Sailaren koordinatzaile eta zuzendari gisa.
Irena Larraza 2012tik da Etxepare Euskal Institutuaren taldeko kide. Bertan, Komunikazio arduraduna izan zen aurrena, eta 2016ko azaroaz geroztik Kulturaren Sustapen eta Hedapeneko zuzendaria.
Izendapen honekin, Eusko Jaurlaritzako Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailak jarraipena eman nahi dio duela urtebete Miren Arzalluzekin hasitako etapari, "erakundea bera, herrialdearen kultur ehuna eta bere premiak sakonetik ezagutzen dituen pertsona honen bitartez, bere aurretik kargua bete zuenak abian jarritako proiektua ondo asko ezagutzen duela kontuan hartuta, gainera".