donostia - Gaur iluntzean txapela nork jantziko duen oraindik ezin jakin, baina badakigu zeinen eskutik jasoko duen: Sebastian Lizaso azpeitiarra igoko da Barakaldoko taula gainera txapeldun berriari txapela jartzeko eta lehenengo aldiz BECen bildutako 14.000 pertsonei abestuko die.
Txapela jarriko zenuela esan zizutenean, nola hartu zenuen albistea?
-Lehenbizi sorpresa handia izan zen, denontzat, kristona. Ilusioa gero etorri zen, ilusio handia, bai.
Finaletan izandakoa zara eta txapela irabazitakoa ere bai, 1986an, baina Donostiako Belodromoan beti. Gustatuko al litzaizuke BECeko final erraldoiean parte hartzea?
-Inoiz sentitzen duzu horrelako inbidia puntua, inbidia sanoa, baina normalean ez, askoz lasaiago ikusten dira finalak orain eserlekutik. Sufrimendu puntu bat ere eduki-tzen duzu lagunak ikusten dituzunean bertsotan, igual ez delako zuk nahi bezain ondo ari, baina normalean gozatu egiten duzu. Eta bertsolari batek txapelketa uzteko erabakia hartzen duenenan, ondo pentsatuta hartzen du. Nik utzi nuenean, gainera, 2001ean, finalean lekua edukita utzi nuen.
Zergatik utzi zenuen?
-1982an izan nintzen lehenengo aldiz finalista eta ordutik 2001era urte asko ziren eta trote handia zen. Beti esan izan dut, gainera, pertsonak bere lanean ondo dagoen garaian jakin behar duela erretiratzen, eta nik printzipio horrekin fidela izan nintzen eta hori erabaki nuen. Batzuentzat sorpresa izan zen, denek ez zuten onartzen, baina neure erabakia izan zen.
Oso gogorrak dira txapelketak?
-Bai, oso gogorrak, ez finala bakarrik, finalera zuzenean joanda ere. Bi edo hiru hilabete lehenago jendea hasten da galdezka, kiniela egiten, zure iritzia galdetzen, leku denetan kontu berdina daukazu eta azkenerako kabreatu egiten zara. Finaleko eguna bera oso, oso gogorra izaten da. Nik ez dut inoiz nire gorputzean halako gauzarik sentitu, final batean sentitzen duzuna bezalakoa. Tentsioa handia izaten da.
Lehiatzeko ez, baina aurten berriro igoko zara finaleko taula gainera... Tentsio hori sentituko al duzu gaur ere?
-Bai, tentsio momentua beti egoten da. Baina azken batean nik txapela jartzeko erabaki hau ez dut uste nire merituaren aitortza bakarrik denik: gure aitari egiten zaion aitortza ere bada nire bitartez, bion arteko lan bat izango da, nahiz eta nik jarriko dudan txapela.
Normalean beteranoek hartzen dute txapela jartzeko ardura... Adinean aurrera zoazela esan nahi al du honek?
-Oraindik 59 urte dauzkat eta normalean gero egiten dira lan horiek. Baina beterano horiek ere desagertzen ari dira eta hurrengoak gu gara. Baina pentsatzean gure aitari ere egiten zaion aitor-tza bat dela, horrek nolabait zahartzaroaren karga hori pixka bat kentzen dio. Ez naiz hain zaharra ikusten oraindik!
Nola ikusten dituzu aurtengo finalistak?
-Bada zorionez oso, oso ondo. Eta nik uste dut gaurko finalean jaialdi oso ona entzuteko arrisku handia dagoela.
Faboritorik badaukazu?
-Zortzien artean... Txapeldun berria izango al den galdetu izan didate. Berria ez dakit, baina lau urteotan behintzat beste txapeldun bat izango da. Ametsek berri-tzen ez badu hala izango da eta berritzen badu ere, txapeldun berria izango da datozen lau urteotarako.