Lau urtero milaka euskaldunen begi-belarriek adi segitzen dute Txapelketa Nagusia eta 2017ko ekitaldi hau ez da salbuespena. Orain arteko kanporaketetan egundoko oihar-tzuna izan du bertsolarien jardunak, eta igandean Barakaldoko BECeko oholtzan biderkatu egingo da. Sarrera guztiak aspaldi agortuta daudenez gero, 14.000 zale inguru izango dira harmailetan, beren animoak eta berotasuna zortzi finalistei bidaltzen. Dena primeran irten dadin, 450 boluntario ariko dira lanean. Goizeko 11:00etan hasiko da saioa, eguerdian bazkaltzeko etena egingo dute eta, aurreikuspenen arabera, 20:00ak aldera jakingo da nor den irabazlea.

Amets Arzallus izan zen 2013ko txapelduna, baina beste zazpi finalistek ere eskarmentu handia dute goi mailako bertsogintzan. Hendaiarraren alboan, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre egongo dira. Azken horrentzat aurreneko finala izango da. Zortzi hautagai sendo, beraz, publikoari gozarazteko eta saio gogoangarria eskaintzeko prest. Sari-banaketan txapel bakarra egongo da, ordea, irabazlearen zain.

Finala aurkezteko atzo egindako aurkezpenean, denen artean saio biribila egiteko gogoa agertu zuten zortzi bertsolariek. Sustrai Colinak ondo laburbildu zuen asmo hori: “Ardura kolektiboa dugu, euskal kulturaren eta herrigintzaren plaza inportantea da”. Maialen Lujanbiok zera eskatu zuen: “Argitasuna, zorroztasuna eta ideiak izan ditzagula denok, saio ederra eskaintzeko”.

Finalaren presioa Batzuk urduriago, beste batzuk lasaiago, finalaren presioa nabaritzen hasi dira zortzi bertsolariak. Arzallus txapeldunak ez du finalaurrekoetan kantatu eta, beraz, aitortu zuen ez zekiela zer sasoi izango duen igandean, orain artekoa “lasai” bizi izan du. “Ilusioa eta gogo izugarria ditut, finalera ahalik eta zango onenekin heltzeko”. Alabaina, goiz eta arratsaldeko jarduna izanik, final osoan bete-betean aritzea ez da erraza, Maialen Lujanbiok gogora ekarri zuenez: “Egunean zehar aldartean aldaketak egotea normala da, ahalegin emozionala da”.

Aitor Mendiluze fin aritu da finalaurrekoetan eta erosotasun horri eutsi nahi dio finalean ere. “Saioa gozagarri eta gozarazle bihurtzeko gogoz noa”, adierazi zuen. Aitor Sarriegik ere “eroso” sumatu du bere burua orain arte: “Antzeko tenplean heldu nahi dut igandera. “Denok amestu dugu noizbait saio biribil bat, ea igande honetan egia bihurtzen den”. Igor Elortzak “aukera handia eta erantzunkizuna” ikusten ditu BECen, “ondo erantzuteko aldartea topatzen saiatuko naiz”. Final polita izango delakoan da durangarra, “zortzi bertsolari gara, bakoitza bere egiteko moduarekin”. Sustrai Colinaren esanetan, “motibazio, ohore eta arduraren arteko nahasketa” eragiten dio finalak. “Bertan kantatzen den bertso ona berarekin eramaten du jendeak, gogoratu egiten da, halako bertso asko bota nahi ditut”. Beñat Gaztelumendik “tentsio puntu bat” baduela aipatu zuen: “Egin dezakedan guztia egin gabe heldu naizela uste dut, gaiei ahalik eta ikuspegi diferenteenetik heltzeko asmoz noa”.

Unai Agirre lehenengoz heldu da BECeko finalera, aurreko edizioan gutxigatik kanpoan geratu eta gero. “Helburu lausoenak nireak dira, finalean egote hutsa saria da niretzat, baina beste kolore bat hartuko luke sari horrek, saio dotorea eginez gero”.

lizasori aitortza Irabazlearen txapela buruan izatea zer den ondo baino hobeto dakien bertsolari batek, Sebastian Lizasok, jantziko dio txapela finaleko onenari. 1986an txapeldun izan zen, eta, gaur egun lehiatik erretiratuta dagoen arren, plazaz plaza aritzen da. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak argitu zuenez, “bertsolaritzari egin dion ekarpenari aitortza” egin nahi izan diote. “Plaza ez ezik, lagun artea ere ondo betetzen duen bertsolaria da Sebastian”.

Muruak adierazi zuenez, elkartean “pozik” daude txapelketak sortu duen “ilusioagatik, zaleen txispagatik eta bertsogintzari eman zaion astinduagatik”. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak bertsolaritza “euskal kulturaren ezaugarri garrantzitsua” dela esan zuen, “euskal lurralde guztietan atxikimendua du eta bertsolariak erreferente kultural bihurtu dira”. Finala bertsolaritzaren “une gorena” dela baina “izozmendiaren erpina” dela gaineratu zuen Bilbaok, urte osoan egiten den lana gogoan.

Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako zaleekin batera, atzerriko inprobisatzaileak eta adituak egongo direla azpimarratu zuen Muruak. Mintzola Terraza gunean, bertsoen ingelesezko eta gaztelaniazko itzulpena eskura izango dute ehun gonbidatu inguruk. AEBtik, Kataluniatik, Andaluziatik, Sardiniatik, Kurdistandik eta abarretatik etorriko dira, eta freestyle erako Invert rap abeslaria ere han izango da. “Kanpoko inprobisa-tzaileek bertan egon nahi dute, jakinmin izugarria dago”. Euskal kulturan parekorik gabeko fenomenoa izaten da lau urteroko hitzordua eta, pixkanaka, haren oihartzuna gure mugetatik harago iristen hasi dela dirudi.