AUPA Etxebeste, Asier et biok, Amama, Loreak... Euskal zinemagintzak emandako fruitu nabarmenetako batzuen izenak dira hauek. Urteekin, genero honetako erreferente euskaldun bilakatu diren filmen izenburuak. Gaur egun, Loreak 2014an argitaratu zenetik batez ere, zinemaren munduak inoiz baino pisu gehiago hartu du euskararen munduan.

Honen eskutik, Jon Garañok, Aitor Arregirekin batera, Handia filma kaleratu zuen aurtengo irailean. Jada, zortzi aste daramatza filmak zinemetako karteleran. Baina arrakasta euskal mugetatik haratago joan da; izan ere, Loreakek bere momentuan egin zuen bezala, sari eta bereizgarri ugari lortu ditu filmak; esate baterako, Zinemaldiko A kategoriako saria, lehen aldiz euskal produkzio batek. Gainera, Garañoren esanetan, Loreaken bidez lortutako diruari esker izan da posible Handia ekoiztea.

Arrakasta honen harira, Durangoko Azokak pelikularen inguruko solasaldiak antolatu zituen atzoko goizean zehar. Haietako lehenengoa, Zinema.eus eta Ganbara plataformek antolatua, Irudienea gunean ospatu zen, Handia efektua: zerk mugitzen gaitu? izenburupean. Bertan, zinemaren munduko bost adituk -Iratxe Fresneda, Zigor Etxebeste, Amaia Servilla, Santi Leoné eta Angel Aldarondo- filmak izandako arrakastaren analisia egin zuten mahai-inguru batean. Asko izan ziren jardunaldian ikutu ziren gaiak; esate baterako, euskal film ugariren azterketa edo gaur egungo zinema aretoek dauzkaten bisitarien inguruko iritzi trukaketa. Hala ere, hitzaldiaren ildo nagusia errespetatu egin zen eta partaide gehienak ados egon ziren Zigor Etxebestek aipatutako ideia batekin. “Handia filmaren arrakasta, Loreakek hasi zuen bide luze eta landu baten emaitza da”, aipatu zuen Letras del Cine aldizkariko erredaktore eta sortzaileak.

Jarraian, Durangora hurbildutako zinemazaleek euritakoa hartu eta Azokako Areto Nagusirako bidea hartu zuten. Hantxe, Garaño berak, Katixa Agirre idazlearekin, Gogoetaren plaza deitutako solasaldi bat mantendu zuen. Literatura eta zinemagintzaren munduko sormenaren gakoen inguruan aritu ziren berba egiten. Espero zen mailan, Handia filma etengabean atera zen elkarrizketan zehar, eta zuzendaria oso pozik azaldu zen lanak izandako harrerarekin: “Pelikulak oso feedback ona izan du ikusleekin”. Bere aburuz, Zinemaldian izandako eragin positiboa eta promozio lan handia izan dira arrakastaren gako, izan ere, teaser eta trailer onak egin ziren eta posterrak ikusleen arreta bereganatu zuen. Gainera, bere ustean, XIX. mendeko irudiak euskaraz ikustea, hartzaileei asko gustatu izan zaien gauza bat da. Euskal zinemagintza bizitzen ari den momentuaz aritzean, Katixa Agirrek, bere ikuspuntutik, zinema eta literaturaren arteko alderaketa egin zuen. “Zinemagintza goraldi batean dago, baina literatura goi puntu batean mantentzen da era lau batean”, esan zuen idazle gasteiztarrak. Bitartean, Astigarragako zuzendari eta gidoigileak oso positiboki baloratu zuen egungo egoera: “Nire ustez, oso ona da euskal zinema bizitzen ari den unea. Aniztasun handia dago; drama, komedia, orain ere fantasia lanak kaleratzen daude”. Bestalde, Garañok begi onekin ikusten du mundu honen etorkizuna eta ilusioz begiratzen du geroa. “2018a oso urte ona izango delakoan nago. Proiektu interesgarriak daude labean”, aipatu zuen solasaldia amaitutakoan, bere ogibide kideek sortze prozesuan dituzten lanen inguruan; esate baterako, Paul Urkijoren Erremintari edo Telmo Esnalen Dantza. Sortzaileen burua etengabe dago bueltaka, eta Garañok baditu adimenean hurrengo obrak. Oso gutxi barru, datorren urte berrirako, proiektu berriak lantzen ari da zuzendari gipuzkoarra. Esate baterako Mateoren ama, Iban Zalduaren Ama ipuinean oinarritutako film laburra, edo Andaluziako produkzio etxe batekin egiten ari diren espainiako guda zibil eta gudaostean oinarritutako istorioa.