IRUÑEA - 2013ko Txapelketa Nagusian, finaleko azken txartelerako lehian, puntuetan berdinduta bukatu zuten Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek. Berdinketak hausteko irizpideak aintzat hartuta, Sarriegik abestu zuen BECen. Hartara, lau urteko itxaronaldi luzea izan du Unai Agirrek eta, oraingoan bai, finalean kantatuko duen zortzikoteko kide izango da. Iruñeko saioan, dotore aritu ziren atzo Mendiluze, Sarriegi eta Agirre. Ondorioz, hirurak egongo dira BECen, abenduren 17an.

Beste bost finalistak Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus jarduneko txapelduna izango dira. Alegia, 2013ko zazpi finalista eta Unai Agirre, hau lehenengoz BECeko oholtzan. Gazteak indartsu datozela ikusi ahal izan da aurten, baina beteranoei lekua kentzeko beste lau urte itxaron beharko dute.

Elurrari eta hotzari aurre eginaz, 2.600 zale bildu ziren Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, azken finalaurrekoa bertatik bertara entzuteko. Joan izanaz ez zuten damurik izango, saio polita eta hunkigarria izan baitzen. Sei bertsolariak fin aritu baziren ere, puntuak pilatzeko unean Sarriegi, Mendiluze eta Agirreren bizitasuna gailendu zen. Plazako bertsogintzatik hurbil, ideia bizkor eta kantaera zorrotzez aritu ziren, sailkapenean ia berdinduta bukatu arte: Sarriegi irabazle (698,5 puntu), bigarren Mendiluze (696,5) eta hirugarren Agirre (696).

Laugarren izan zen Miren Amuriza (652). Zortziko handiko ariketaren ondoren oholtza utzi behar izan zuen, osasunarekin gorabehera batzuk tarteko, baina maila onari eutsi ahal izan zion nola edo hala. Alaia Martinek (649,5) zuen aurrera egiteko aukerarik gutxien, baina bete-betean joan zen, ariketa batzuetan asmatu ezinda aritu arren. Oihana Iguaranek (646), inspirazioa ariketa guztietan aurkitu gabe ere, bertsotarako ahal izugarria duela garbi utzi zuen.

Zortziko handiko ariketan, Amuriza eta Sarriegi elektrizitate-konpainiako langileak ziren. Ideia ederrak trukatu zituzten, argindarra legez kanpo hartzen zutenen kontura: “Ze neure lana egin behar dut, eta ez karitatea”, hasi zen berriztarra, eta beasaindarrak erantzun, “esaten denez ez da delitu, lapurrari lapurtzea”.

Zortziko txikiko ofizioek aurrera egin ahala, entzuleen txaloak ugaritu ziren. Iguaran artista gaztearen lehenengo erakusketaren inaugurazioan, Agirre aita eta haren lagunak baino ez ziren agertu. Algarak eragin zituen bien lanak: “Etorriko al ziren, gero ez balitz luntxa” leporatu zion Iguaranek, eta Agirrek erantzuna: “Luntxarena ez zazu, aipatu mesedez/ ez ziren etorriko, eta ni ere ez”.

Puntutan, Agirre eta Mendiluzerenak eragin zituen txalo gehien, parapentean elkarrekin salto egin eta zuhaitz batean kateatu ziren biren azaletik. Hamarreko txikian, Agirrek eta Sarriegik anorexia gainditzeko egoitza batean elkar ezagutu zuten duela hamar urte, eta berriro elkarrekin topo egin zuten. “Gizena ikusten naiz, orduan bezela/ baina orain badakit, gezurra ez dela”, biribildu zuen bigarren bertsoa Agirrek. “Lehen elkartzen ginen, ura edatera/ hau ospatu dezagun, goazen bazkaltzera”, hirugarrena.

Kartzelan, hauxe zuten gaia: “Ezkutatu egin zara, ikus ez zaitzaten”. Bertsoaldi bikainak eta askotarikoak entzun ziren, ikuspegi ugaritatik heldu baitzioten gaiari. Amuriza maitalearen etxean zen eta, halako batean, honen bikotekidea agertu zen. Armairuan ezkutaturik, hala bota zuen: “Hiru egurren artean, guztiz estalirik nago/ ta hala ere sentitzen naiz, inoiz baino ageriago”. Azken bertsoan, bikotekideak harrapatu eta “zuek hasi duzuena, hirurok buka dezagun” proposatu ziola kantatu zuen berriztarrak. Sarriegik, aldiz, gaixoaldi faltsu batean kokatu zuen bere burua, baina tabernaz taberna zebilela nagusiarekin topo egin zuen. Kartzelakoaren ohiko seriotasunetik urruti, bertsoaldi umoretsua ondu zuen, zaleen gozamenerako.

Amaieran, pozik zen Unai Agirre, justu-justuan finalerako txartela eskuratu berri. “Karanbola asko behar nituen finalean sartzeko eta ez dut ilusiorik egin, lasai joan naiz”, adierazi zuen. “Plazako estiloa” txapelketara eramaten saiatu zela eta konforme zegoela azaldu zuen, txapelketan era horretara abestu daitekeela erakutsi baitzuen. BECerako ondo prestatu nahi du, “zertarako gai naizen erakustera joango naiz, ez dut erori nahi”. Aitor Sarriegi ere gustura, saioa irabazita. Hala ere, nahi bezain eroso ez zela aritu aitortu zuen, “nahi baino narratsago ibili naiz batzuetan, Unai Agirre ikusi dut ondo”. Finalera gogotsu doala dio, azken txapelketa izango baitu aurtengo hau: “Agurtzeko zer toki hoberik BEC baino?”.