Bilbo - Estitxuk merezi duen aitor-tza emateko gogoz abiatu zuen dokumentala Franck Dolosorrek. Aski ezaguna da Beskoitzeko abeslaria, ai-tzindaria Euskal Herriko kantari eta artisten artean. Ahots xarmangarria zuen, Euskal Herria nahiz Hegoamerika eztitu zituena. Dolosorrek haren ibilbide profesionala erretratatu du dokumental horren bitartez, bere alde pertsonala ahantzi gabe. Ia mende laurdena igaro da Estitxu joan zenetik; bada inoiz ez da bere ahotsa abaildu.
Zer islatu duzu dokumental honetan?
-Estitxuren biografia baino askoz gehiago islatu nahi dugu, bere ibilbideaz gain, bere alde pertsonala erakutsi dugu. Pertsona oso adoretsua, irribarretsua eta indartsua izan zen. Alde askotan izan zen erreferentzia eta iturri askotatik edan zuen eta oso interesgarria da ahots miresgarria zuelako. Txori batek bezala kanta-tzen zuen, Beskoitzeko urretxindorra ezizena eman zioten. Ikusi nuen Estitxu aipatzean erreakzio soka luzea sortzen zela beti. Estitxu, bere ahotsarekin, jendearen bihotzean sartu dela ikusi dut.
Nola sortu zen ‘Estitxu’ egiteko ideia?
-Baleuko ekoiztetxearekin lan egiten dut eta duela bi urte Gernika Batailoia, askatasun itxaropena (1945-2015) dokumentala egin genuen eta berriro solasean aritu ginen. Kontatu nien Estitxu aipatzean aldiro gertatatzen zitzaidana eta baietz esan zidaten. Berehala hasi ginen poz pozik. Kazetaria naizen aldetik, gidoia egiten dakit, testigantzak biltzen ere bai baina hori iruditan eman behar da eta Ibanekin oso lan bikote ona egin dut.
Proiektua abiatu zenuen hutsunea ikusten zenuelako?
-Estitxuri ez zaio eman merezi duen aitortza eta guk omenaldia egin nahi diogu. Estitxu aitzindaria izan zen; emakumea, bakarlaria, gitarrarekin kantatzen zuen, euskaraz, kantu tradizionalak nahiz country, jazz, bakeroen pelikuletako musika... horiek hartu eta euskara-tzen zituen. Ameriketara ere joan zen, ibilbide ikaragarria dauka. 1964an eman zuen lehen kantaldia publiko aurrean, Atharratzen. Kitarrarekin abestu zituen Haurtxo polita eta La bamba. 68an Bilbora joan zen eta kantu txapelketak irabazi zituen Eibarren, Maulen... Eta ondoren, Venezuelara joan zen eta han disko bat grabatu zuen, Una voz increíble. Bertako telebista batean kontratatu zuten eta hori garai hartan lortzea bada marka. Handik Mexikora joan zen eta lehen postuan egon zen hainbat astez. Fran-tziako telebistan izar bat bezala hartzen zuten. Benetako perlak topatu ditugu. Bakearen inguruan ere aitzindari izan zen. Ekarpen oso handia egin zuen.
Bere ingurua agertuko da?
-Oso familia berezian sortu zen. Hamaika anai-arreba ziren eta inguruan bere lehengusuak eta lagunak bizi ziren. Anaiek talde bat zeukaten lagun batekin eta horiek izan ziren euskaraz kantatzen lehenak. Lau ahizpek beste laukote bat zeukaten eta amak ere abesten zuen, etxean. Aitak sustatzen zuen beti euskal antzerkia egitea, etxean euskaraz hitz egitea, irakurtzea... Giro oso artistiko batean hezi zen Estitxu. Testuinguru hori agertzen dugu baina baita euskal kantuak eta musikak izan duten presentzia ere. Ale horretatik, dokumentala euskaraz da baina euskaraz ez dakitenek ere ikus dezakete. Adibidez, Mirentxu Purroy eta Felix Linares izango ditugu bertan. Sorpresa asko egongo da, musika presente egongo da... kantuak badauka jendea biltzeko gaitasun hori.
Publiko gaztearentzat erakargarria izango delakoan zaude?
-Baietz uste dut. Estitxu ezagutu zutenek ikusiko dute eta pentsatzen dut gustatuko zaiela. Baina ezagutu ez zutenek ere askok erreferentzia moduan daukate. Adibidez, Baionako kontserbatoriora joan nintzenean, Estitxu ezagutzen zuten eta esan zidaten jotzen zituztela bere abestiak. Jende gaztea ezkontzen denean ere, kantari bat ekarrarazi eta Estitxuren abesti bat aukeratzen dute. Estitxuk berak hori esaten du elkarrizketa batean. Galdetu zioten: jende gazteari zer esango zenioke? Eta berak erantzun zuen: entzun kantua eta esan dezatela gero haiek. Kuriositate moduan, bakeroen kantuak euskaraz entzutea, adibidez, interesgarria izan daiteke gazteen-tzat. Eta ezagutzen ez dutenentzat izan daiteke aurkikuntza bat. Izan ere, garrantzitsua da emakumeen ekarpenen garrantziaz ohartzea. Guk erakutsi behar dugu neskak erreferente izan daitezkeela.