Vincent Merletek, esna-tzean, leihotik begira gosaltzen zuen Parisko 18. barrutiko Beillard kaleko bere apartamentuan, Saint-Ouen geltokiko trenbide zaharrei begira, guztiz utzita eta landarediak janda zeuden trenbideei. Burdin, egur eta kristalez egindako hiriko geltoki txiki eta eder bat izan zen bere garaian, 1863an eraikia. Trenbideen gaineko nasa bat, 1934an itxi eta abandonatu zena, kanpoko aldeko bulebarren paraleloan hiriari buelta ematen zion bi erreiko tren linea zahar bat. Erabilerarik gabea, eta Frantziako hiriburuaren hazkundearen ondorioz, hiriaren erdian utzita gelditu zena.

Vincentek kultura emanaldiak eta ikuskizunak programatzen zituen merkataritza marka handientzat, eta eraikin zahar horrek izan zitzakeen erabilera berriekin egiten zuen amets. Imajinatzen zuen nolakoa izango zen lekua, artista gazteek lekuari bizi berria emango baliote. 2011ko goiz batean, lanera bidean, Vincentek Parisko Udalaren kartel bat aurkitu zuen eraikin zaharraren fatxadan: Hiriko gobernuak higiezina erosi zuen eta barrutia dinamizatzeko proiektu erakargarrien bila hasi zen. Patuaren aukera horrek mugituta, 31 urteko Vicent gazteak bere lagun Flavie Pezzetta eta Céline Pigier-i deitu zien. Hiru kideen artean kooperatiba bat sortu zuten eta Udalak deitutako ideia lehiaketa irabazteko eta finantzazioa lortzeko helburuarekin hasi ziren lanean; tren geltoki zaharra jaialdi eta kontzertuetarako areto bihurtzeko ideiarekin ametsetan.

LANKIDETZA PROIEKTUA

Horrela sortu zen Le hasard Ludique. 2017ko apirilean zabaldu zituen (berriz) ateak, bost urteko lanen ondoren. Horren atzean, 1.200 auzokide, artista, heldu eta umek osatutako lankidetza-proiektu bat dago, proposamen sozial eta musikal berritzaile baten inguruan. Le hasard Ludique -“ausazko dibertsioa” edo “kasualitatezko dibertsioa” esan nahi du, literalki- da tren geltoki zaharraren izen berria. 450 metro koadroko espazioa dauka; bertan, 300 pertsona sartzeko tokia daukan kontzertu aretoa eta taberna sortzaile bat ditu, 150 pertsonarentzako menuak emateko modukoa. Baina are gehiago ere bada: Tailerrak, yoga-saioak, haurrentzako ipuin-kontaketak, musika-taldeen entseguak edo bestelako jarduerak burutzeko lekua ere badauka; auzoko herritarrek edo klubeko eta kooperatibako bazkideek eman nahi dioten edozein erabilera.

“Hemen ez dago aspertzerik, ezinezkoa da” dio Flavie Pezzettak, Vicenten bazkidea eta Le Hasard eremuaren sortzaileetako bat, ostiral gauaren amaieran. Kanpoan, kalean, artisau-garagardoa edaten ari den jendez beteta dago terraza. Asteburu horretan bertan cumbia jaialdi bat egongo da, eta horretaz gain musika jarduera ugari daude programatuta: soul kontzertuak, Hegoamerikako rocka eta Afrika Mendebaldeko musika elektronikoa, besteak beste.

“Guretzako oso garrantzitsua da auzoko jendearen artean integra-tzea. Gu ere hemengoak gara eta barruti osoa espazio honen jabe sentitzea nahi genuen”, dio Flaviak. Horrela izanik, obrek iraun duten bost urteetan geltokia zabalik egon zen, Le hasard izan aurretik ere: “Auzokideak birgaikuntza lanean parte hartzera gonbidatu genituen; ideiak proposatu zituzten, dekorazioan lagundu zuten, espazioak diseinatu zituzten eta menuak aukeratu, besteak beste. Prozesu horretan, auzokideek eurek esan ziguten nolako lokala nahi zuten” kontatu du Flaviek.

HAZIZ DOAN JOERA

Le Hasard-en inaugurazioa 2017an izan da, baina ez da ezohiko zerbait izan, 18. barruti honetan lokal asko ireki baitira azkenaldian. Paris beti izan da abangoardiaren punta-puntako hiria, eta espazioak berreskuratu eta beste erabilera batzuk emateko joera ez da berria. Hiriaren ia ertzean beste tren geltoki zahar bat dago; kasu horretan, mehatzeetatik ikatza garraiatzeko balio zuen. Gaur ez dago mehatzeen arrastorik, baina larunbat iluntzean, Parisko uda betean, jendea atzera eta aurrera dabil etengabe eta musika kaletik entzuten da. “La Station - Gare des Mines” eremua da, Frantziako SNCF tren konpainiak MU Taldeari lagatako espazioa, “aldi baterako leku artistikoak” izeneko ekimenerako. Orain sorkuntza eta jaialdirako laborategi moduko bat da.

Victoria Roussel, Parisko ilustra-tzaile gaztearen ustez, iparraldeko barruti horiek abangoardia alternatibo, underground eta artistikoa mugitzen diren lekua dira. “Duela hamar urte inork ez zituen imajinatuko hauen moduko espazioak hemen, barruti honetan: Orduan mundu guztia ari zen borrokan Parisko erdigunean estudio edo lokal bat lortzeko, txikia eta itsusia izan arren. Gaur egun gazte sortzaileok alde honetara mugitu gara. Ematen zuen ez zegoela ezer eta, orain, ekimen hauei esker, arte galeria txikiak, kontzertu aretoak barrakoi zaharretan eta merkatu txikiak ere badaude”, dio neska gazte honek. Berak liburu eta aldizkarien ilustrazioan lan egiten duen arren, La Recyclerie geltokian ere bere lanak erakutsi eta saltzen ditu. Arte eta abangoardiaren Paris berria da.