Herri kulturaren adierazpen garrantzitsuenetakoa” jaso nahian hasi zen Juan Mari Beltran (Donostia, 1947) Euskal Herriko musika tresnak bilatu, aztertu eta sailkatzen, 80ko hamarkadan. Jasotako informazioa orduko formatuan argitaratu zuen, 1985ean. Urteek aurrera egin ahala, ez dio ikertzeari utzi, eta Soinu tresnak euskal herri musikan (1985-2010) edizio berritua argitaratu du Elkar argitaletxearekin, duela hamarkada batzuk hasitako proiektua osatze aldera.
1985ean argitaratutako lana, osatuta edo berrituta dakarzu edizio honetan.
1985ean casettea, bideoa eta liburuxka bat argitaratu nituen tresna guztiak aurkeztuz eta azalpentxo bat emanez. Oraingoan berrikuntzekin dator, liburuxka errebisatua eta zuzendua dator eta atal berri bat ere sartu dugu. DVDa 2010ean argitaratu genuen Soinuenean, Herri musikaren txokoan, jatorrizko bertsioari sei hizkuntzatan azpitituluak jarriz: euskara batuan, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, galegoz eta katalanez. Horrez gain, 25 urte pasatakoan DVDan bertan ordu erdi inguruko pelikulatxo bat erantsi genion, herriz-herri eta soinu tresnaz-soinu tresna zelan sartu ginen etxe eta herri bakoitzean, orain dela 25 urte egindako lana jendeari gerturatzeko asmoarekin.
Bestalde, beste berrikuntza aipagarri bat da CDan lagin gehiago dagoela. Adibidez, oraingoan ahotsa eta panderoa bakarrik sartu ditugu, hain ohikoa zena jai giroan Euskal Herriko toki askotan, eta Primi Erostarbe Oñatiko panderojole, irrintzilari eta abeslari ospetsuari kantuan 1984an grabatutako lagin bat jaso dugu. Gipuzkoako Goierriko albokari Patxi Gorrotxategi ere sartu dugu oraingoan, baita Maurizio Elizalde txistularia ere.
Zure ikertzaile senaren lekuko eta euskal etnomusikologiaren harribitxia izan zen bere garaian liburua. Zer dela-eta erabaki duzu orain berriro ere argitaratzea?
Esan bezala, 2010ean Soinuenean gure bildumaren DVDa argitaratu genuen, liburuxka txikiarekin. Gure aukeren barruan, noski. Ikusita diskoarekin eskaera bat bazegoela, orduan egin genuen zabaltze hori, lagin gehiago sartuz. Elkar argitaletxeak proposamena egin zigun orduan, guztia pack bezala atera-tzeko.
Niri harribitxia iruditzen zait hau, fresko-freskoa eta bizia. Kasu honetan, musika bizia eta musika sor-tzailea interpretazio sortzailea erabiltzen zuten musikariek eta hemen agertzen diren pertsona hauek interpretatzeaz gain, zeozer berria gehi-tzen zioten jotzen zuten horri. Nola da posible gure herrian horrenbesteko aberastasuna egotea aldaerekin, gauza bera hamaika modutan eman ahal izatea? Hori argi eta garbi ager-tzen da eta niri iruditzen zait gaur egun orain 40 urte bezain fresko dagoela. Interesgarria da gaurkoek ere ezagutzea doinu bat hartu eta zelan jolasten zuen Leon Bilbaok, doinu bera hiru aldiz errepikatuz eta hirurak modu diferentean, edo txalapartariek zelan sortzen zituzten modu librean euren saioak.
Esan izan duzu herri bat definitzen duen osagairik garrantzitsuenetakoa bere kultura dela. Kulturaren barruan, herri musika aipatzen duzu.
Noski. Kasu askotan, herri baten identitatea musika izaten da. Kulturaren ezagupenerako hori aztertzea ezinbestekoa da. Esaterako, Japoniako musika edo musika arabiarra en-tzuten baditugu, bertan aurkituko ditugu herri horien identitatearen osagarri asko.
Kulturaren transmisioak garrantzia handia dauka, beraz?
Ezinbestekoa da bizirik jarraitzeko, bestela ez dago mantentzerik. Baina transmisio hori ez da klonikoa izan behar, hori izango litzateke hildako bat kloroformotan manten-tzea. Modu estatikoan, aldaerarik gabekoa izanez gero, musika hori hil egingo litzateke, eta egin behar dena da bizirik mantendu, aurrekoek egindakoa hartu eta transmisio horretan, irekia izan behar du, hori zeure eginez.
Berrinterpretazioa, orduan?
Hori da, hori beti gertatu da. Baina hizkuntza biziekin ere gertatzen da, gure euskara eta orain dela 300 urteko euskara, zuzenean transmisio bidez egin dena, aldatuz joan da, bizirik dagoelako.
Zelan ziurtatu dezakegu transmisioa? Badago hori ziurtatzerik?
Nik uste momentuz behintzat ematen ari dela, hau da, gertatzen ari dena da ez dela berdina orain dela 50 urteko Euskal Herriko herri bateko plazan jasotzen zena edo gaur egun gazte batek jasotzen duena. Egungo transmisio horretan begira zenbat elementu desberdin dauden; telebistaren eta interneten bitartez jasotzen dut, adibidez, zelan jotzen duten Ginea Berriko txalapartari horiek. Hori ere jasotzen ari naiz. Jasotzen dudan guztiak eragin handia du eta nirea ematerakoan ziur nago hori ere azalduko dela, nolabait.
Gazteak eta haurrak ez dira gorrak eta lortu behar duguna da transmisio horretan ahal den eta musika aberatsenak eta sortzaileenak jaso-tzea. Soinu tresnak euskal herri musikan (1985-2010) proiektuan agertzen dena horrelakoa da, eta lagin txiki bat baino ez da.
Proiektu hau osatzeko ikerketa sakona egin duzu, baita luzea ere.
Bai, eta ez da hemen amaitzen, gainera. Nik egunero jarraitzen dut horretan, galdezka, eta nire moduan beste hainbat. Badaude adibide interesgarriak; esaterako, Dantzan.eus ataria kontsultak eta transmisioa egiteko tresna bikaina da, herriz herri zer dantzatzen den agertzen da bertan. Katalunian ere berdintsu dabiltza, baita Galizian ere. Gaztela eta Leonen jaso dituzte baserriz baserri eta etxez etxe urteetan egindako grabazioak eta 20.000 kantu kontsultatu daitezke jada interneten. Benetan berri ona da horrelakoak entzutea, nola ez. Hori ere bada transmisiorako tresna oso ona.
Orduan esan dezakegu ikerketa hau amaiezina dela.
Badago zenbait jende munduaren zentro sentitzen dena. Baina hau orain grabatu behar dugu, hau ez dago hemendik 30 urtera grabatzerik, herria bizirik badago zelan ez da egongo ba aukerarik? Orain dela 100 urte bezala. Niri gertatzen ari zait gauza oso kurioso bat. Orain dela 30 urte ni gaztea nintzen eta casette txiki batekin 70 urteko jendea elkarrizketatzen aritzen nintzen. Egun 70 urte ditut eta zenbait kasutan elkarrizketatzen eta grabatzen dut 20 urteko gazte bat. Izan ere, hau guztia bizirik dago, eta gaur egun badaude albokari berriak eurena ematen dutenak, bereziak direnak, euren ekarpena eta interpretazioa egiten dutenak eta ez dutenak errepikatzen Leonek jotzen zuena berdin berdin. Hori bera gertatzen da trikitixaren munduan, aldaera asko sortzen ari dira, eta sortuko dira. Baita txistuan, dultzainan, kantuan eta abarretan ere.
Ahaztuta dago musika herrikoia? Zor zaion aitortza dauka ala askotan ez dugu baloratzen behar bezain beste?
Askok herri musika konturatu gabe egiten dute. Gazteen artean, esaterako, arrakasta du Laboak kantatzen zuenak. Hori tradiziozko musika da, berak hala jaso zuen eta jendea ez da konturatzen hori entzuterakoan herri musika entzuten ari dela. Iturengo arotza, Erramun Joakin? Hori orain dela hainbat urte Azkuek jasotakoa da, herri txiki batean, eta horrela gauza asko. Inportanteena da zenbat jende gazte mugitzen ari den modu aktiboan herri musikan. Zenbat sormen eta pieza berri sor-tzen ari diren. Alde komertzialetik begiratuz gero, agian ez du aparteko arrakastarik izango, baina jendearengan eragina, noski baduela. Gaur egun alboka, txistua eta horrelakoak ikasten ari den jende gaztea ez da joaten gurasoek agintzen diotelako, gurasoen gogoz kontra baizik. Hernaniko musika eskolan etorri izan zaizkit esaten, semeak alboka ikasi nahi duela eta. Ume hori emozionatu da alboka entzutean, eta hori garrantzitsua da.
Musika eskolan irakaslea ere izandakoa zara. Zer deritzozu egungo eskoletan zabalduta dagoen musikaren kontzeptuari? Izan ere, sormenarekin, ohiturekin eta kulturarekin lotutako musika aztertu duzu zuk.
Eskolaren eta irakasleen araberakoa da hori. Baina nik uste musika eskoletan gero eta gehiago hartzen dela kontuan esandakoa, sormenarena, interpretazio sortzailearena. Europan izan ditugun konpositore zein musika egile garaikideenak, Bela Bartok hungariarra kasu, horiek iturrietara jo dute, transmisiozko musika tradizional horretara. Zenbat pieza berri egin dituen baina modu berrian konposatutakoak, gainera, berak eta bere lantaldeak 30.000 kantu zahar dituzte bilduta euren artxiboan. Hori da bere forma musikalen eta erritmo konplexuen iturria. Gure kasuan, Aita Donostiak 2.000 abesti batu zituen bere kantutegian. Bera izan da musika berria eta garaikidea sortu duena.