BILBO. Topaketak jabetza intelektualarekin erlazionatutako gaurkotasunezko gaiak aztertuko ditu. Izan ere, bi egileen ezaugarrietako bat jabetza horren defentsa izan da. Horrela, Centro Español de Derechos Reprográficos ? CEDRO izenekoak, Lorenzo Silva saritu zuen 2015ean, egile eskubideen eta jabetza intelektualaren alde egindako lanarengatik, teknologia berriek pirateriari aukera berriak zabaldu dizkioten eta egileen babesa are gehiago zaildu duten unean, hain zuzen ere.

Lorenzo Silvak (Madril, 1966), Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta enpresako abokatu gisa aritu zen lanean 1992tik 2002ra. Kontakizun, artikulu eta literatura saiakera asko idatzi ditu, eta baita nazioarteko aintzatespena eman dioten zenbait eleberri ere. Horrela, beste batzuen artean, La flaqueza del bolchevique (Nadal Sariaren finalista 1997), Noviembre sin violetas, La sustancia interior, El urinario, El ángel oculto, El nombre de los nuestros, Carta blanca (Primavera Saria 2004), Niños feroces, Música para feos eta bere azken liburua, Recordarán tu nombre, eleberriak idatzi ditu.

2006an Y al final, la guerra argitaratu zuen Luis Miguel Franciscorekin batera, Espainiako indar armatuek Iraken izandako esku-hartzeari buruzko liburu-erreportaia, eta 2010ean Sereno en el peligro. La aventura histórica de la Guardia Civil (Algaba Saiakera Saria). Horrez gain, Bevilacqua eta Chamorro Guardia Zibileko ikerlariak protagonista dituen polizia seriearen egilea ere bada. Bere lan bat, El alquimista impaciente Nadal Sariaren finalista izan zen 2000. urtean, eta beste batek, La marca del meridiano, Planeta Saria irabazi zuen 2012an. 2010etik ohorezko guardia zibila da.

Carme Riera (Mallorkako Palma, 1948) idazle eta Hizkuntzaren Akademiako Kidea, Literatura espainiarreko katedraduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, unibertsitate bereko José Agustín Goytisolo Katedrako zuzendaria eta Bartzelonako Letra Onen Errege Akademiako osoko kidea. Carme Riera 1975ean egin zen ezaguna idazle gisa, Te deix, amor, la mar com a penyora (Maitea, itsasoa uzten dizut prenda gisa) behin eta berriro berrargitaratu den ipuin bildumarekin. Ordutik, bere lanak hainbat sari jaso ditu, eta 2015ean Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Letren Sari Nazionala eman zion.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egiten den jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2016. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.