BILBO. Jaialdiaren Sail Ofizialean parte hartuko duen "Peter Habeler" filmarekin hasiko da saioa. Ondoren, Habeler bera eszenariora igoko da eta bere ibilbidearen eta bizipenei buruzko solasaldia egingo du Juanjo San Sebastianekin batera. Bukatzeko, 2017ko WOP Saria emango zaio, Bilbao Mendi Film Festivalaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Peter Habeler alpinismo modernoaren aitzindarietako bat da. Reinhold Messner eta biak Everest oxigeno artifizialik gabe igo zuten lehenak izan ziren, 1978an. Ordura arte ezinezkotzat jotzen zen hori. Gizakiaren gorputzak garaiera horretan dagoen oxigeno eskasia ezin zuela jasan uste zen, eta areago, gailurrera hala iritsita ere, burmuinean kalteak jasan gabe jaistea ez zen posible ikusten. Bada, Habeler eta Messnerrek apurtu zuten uste haiekin guztiekin.

Aparteko alpinistak ziren, 1969an hasi ziren elkarrekin eskalatzen, eta 1975ean lortu zuten mugarria beste balentria bat izan zen, alegia, zortzimilako bat estilo alpinoan igotzen lehenak izan ziren, Gasherbrum I igo ondoren.

Beste hainbat lorpenen artean, Habelerren ibilbidean nabarmendu beharrekoak dira Kangchenjunga, Nanga Parbat eta Cho Oyu zortzimilakoak, Andeetako Yerupaja mendian (6.634 metro) bide berriak zabaltzea edota Yosemiteko horma handietan eskalatu zuen lehen europarretako bat izatea.

"Peter Habeler" filmak inoiz izan den eskalatzailerik handienetako bat bezala aurkezten du alpinista austriarra. 75 urte betetzera doala eta, modu berezian ospatu nahi du: Eiger mendiaren ipar aurpegia eskalatu nahi du, beste behin.

Oraingoan, "oinordeko bat" izango du bidelagun, David Lama, munduko alpinistarik onenetako bat, Habelerrekin eskalatzen ikasitakoa.

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu The Walk On Project Sariak: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde lana, eta fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa. Peter Habelerrek bere ibilbidearekin sari hau jasotzeko ezaugarri horiek guztiak dituela ebatzi du WOP Fundazioak. Aurretik, Jeremy Collinsen "Drawn" filmak (2014), Josep Manuel Angladak (2015) eta Sir Chris Boningtonek (2016) jaso dute WOP Saria.