DONOSTIA. Melanie Levy-Thibaut frantsesaren zuzendaritzapean, Euskadiko orkestrak zuzenean interpretatuko du filmaren soinu banda, asteartean, urriaren 24an, Tabakalera patioan, 20:00etan. Dmitri Shostakovich musikariak konposaturiko soinu banda da.
Erakundeok jakinarazi dutenez, filma 1929. urtean proiektatu zen lehen aldiz, eta sobietar zinemaren 1920ko hamarkadako aro modernistaren lan handietakoa da. 1871n Parisko Komunan komunisten aurka egindako sarraskia kontatzen du. "Benetako arte-lana, sobietar propagandaren adierazgarririk onenetako bat da", adierazi dute.
Batez ere bals, polka eta leloek osatzen dute soinu banda, eta Shostakovichek 23 urte besterik ez zituenean konposatu zuen. Partiturak "pisu sinfoniko handia du", eta bere ardatza filmeko pertsonaien barne emozioak eta sentimenduak ikusleari hurbilaraztea da, dramatismoaren bidez.
"Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretaturiko soinu bikainek zuri-beltzeko mundu batean murgilaraziko dute ikuslea bi orduz, Shostakovich errusiarraren erritmo zirraragarri eta gogora ekarleek ondurikoan. Zinemaren historian, Shostakovich aitzindaria izan zen irudiak musikarekin uztartzen", nabarmendu dute.
Kontzertu eta proiekzioaren aurretik hitzaldia emango du Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendari eta Humanitatean doktore Carlos Muguirok, "Las revoluciones: repensando el canon del cine soviético" izenburupean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek aurkeztuko dute ekitaldia.
Hitzaldirako sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. Zinema mutua eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizunerako sarrerek, aldiz, 18 euroko prezioa dute aurretik erosita, eta 22 eurokoa leihatilan erosita.