Euskal dantza eta dantza garaikidea uztartuz, estilo ezberdinak bilatzeko asmoz jaio zen Haatik dantza konpainia 2011n. Egun, Hormek diote proiektua dute esku artean. Bizikidetzaren inguruan hausnarketa bat osatze aldera, Donostia 2016 Hiriburutzak diziplina ezberdinen bidez sortutako lana da honakoa. Hortik abiatuta, antzokietarako egokitu du Haatik-ek ikuskizuna. Urriaren 27an Tolosako Leidor aretoan taularatuko dute.
Zein da Haatiken bereizgarria, ezaugarri berezia edo?
Nik gaztetatik egin dut dantza klasikoa eta euskal dantza, eta badut hor estilo aldetik, estilo nahiko berezia. Beste sortzaile batzuekin ere egiten dugu lan. Bi linea oso argi ditugu: batetik, gure estiloa; euskal dantza eta dantza garaikidearen artean bat egitea eta lengoaia berri bat aurkitzea, beti saiatzen gara gure kultura eta gure nortasuna ez daitezela desagertu gure sorkuntzetan. Bestetik, beste sortzaileekin elkarlana bilatzen dugu, koreografiak eta euren lan egiteko modu eta lengoaiak ikasteko aukera ematen digulako.
2014an ‘Itsas lapurrak’ lanarekin kalera atera zineten lehenengoz. Erronka itzela izango zen, antzoki barruan lan egiten ohituta, kalera ateratzea, ezta?
Tendentzia ikusten genuen, gero eta gehiago eskatzen baitziren kalean lan egiteko formatuak. Lan egiteko era eta sorkuntza prozesua oso ezberdinak dira, bai. Kalean aritzeak baditu bere alde oso positiboak eta baita bere zailtasunak ere. Espazioak ez daude egokituta, lurra gogorragoa da, ez duzu lan egiten zuk kontrolatzen duzun medio batean? Izan ere, antzokian ikusleak zuk nahi duzuna baino ez du ikusten, tranpa hori ere badu, ikusleen begiek zuk nahi duzuna ikusten dute. Kalean kontrol gutxiago duzu, errazagoa da inguruko edozein hizketaldi edo gertaerak ikusleen atentzioa distraitzea, esaterako.
Abantailarik ez, orduan?
Bai, noski. Publikoa hain gertu izatea ikaragarria da. Askoz ere aukera gehiago dago berez antzokira joango ez den norbait harrapatzeko. Bilboko Kalealdian egin genuen azken lanaren aurkezpena eta oso ondo egon zen. Pixkanaka kaleko hainbat jaialditan egon gara: Valladoliden, Donostian, Zarautzen? Mugimendu asko dago kale artean. Guk uste dugu beharrezkoa dela dantza kalean ere egotea. Antolatzaile askok esaten digute asko kosta-tzen zaiela, ez bada zerbait oso komertziala, oso ezaguna, zaila dela horren aldeko apustua egitea. Ez daukagu klima hoberena kaleko ekintzak egiteko, baina kultura kalera atera behar da eta jendea erakarri. Ezagutzen zaituztenean, gauza batek bestera eramaten zaitu. Bi zutabe garrantzitsua dira kalea eta an-tzokia, eta biak landu behar dira.
‘Hormek diote’ ere kalean sortu zen. Donostia 2016ren baitan, bost artisten muraletik sortutako proiektua izan zen, hain zuzen.
Donostiako Kultur Hiriburutzak ekarri zituen milaka gauzen artean, Bakearen itsasargia deitzen zen azpiatalean proiektu bat zegoen. Elkarbizitzari buruz hausnartuko zuten artista piloarekin kontaktuan jarri eta lan berezi bat aurrera eramatea zen asmoa. Lehenengo ekintza bost mural egitea izan zen, bost artista plastiko elkartu eta Donostialdeko plaza, pareta edo espazio batean euren ikuspuntutik kontatu behar zuten elkarbizitzari buruzko zerbait. Judas Arrietak Pasaiako Ziriza Etxean; Ismael Iglesiasek Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan; Arantxa Recio Harsa-k, Jenni Karnaren laguntzaz, Altzako Roman Irigoien parkean; Hormachic kolektiboak Errenteriako Alaberga auzoan, eta Igor Rezola Dizebi-k, Donostian Urumea ertzeko pasealekuko eraikin batean. BYG kolektiboak seigarren bat margotu zuen geroago, Egia auzoan. Guzti horren atzean lan handia egon zen, auzoa eta auzotarrak ezagutzea, besteak beste. Ondare edo legatu hori hor geratu da, artelan horiek bertan geratu baitira.
Lanean metafora da baliabide nagusia: hormak eta gizartea. Banatu egiten gaituzte askotan, inkomunikatu ere bai, baina horiek komunikazio elementu bilakatzea da proiektuaren helburua.
Hori da. Askotan, kalean edo hormetan lan egiten duten artistak legalitatearen mugan ari-tzen dira, eta euren ideiak edo kritikak plazaratzea zen asmoa. Nahi zuten aprobetxatu hori denon artean kontatzeko. Azkenean hormek diote gu zer garen, zer pentsatzen dugun. Era berean, kontzeptu hori, hormek kontatuko balute ikusten dutena, hori da gure gizarteari buruz hausnartzeko gaia, eta finean hori zen helburua: artista ezberdinek modu ani-tzetan hortaz hitz egiteko aukera eta jendeari errealitate ezberdinak aurkeztea eta galdera ezberdinak sortzea. Erantzunak ematea zaila da, baina behintzat galderak sortzen baditugu, helburua lortuta.
Hain zuzen, bost espazio horiek izan ziren proiektuaren abiapuntua.
Koldo Almandoz zinemagilea zen proiektuaren koordinatzailea, eta berak hasieratik argi izan zuen proiektua haragitu nahi zuela. Horma horiek mugimenduan jarri, gauza erreal bihurtu. Horretarako, guri deitu ziguten eta zera esan ziguten: “bost mural hauek dituzue, zuek dantzaren bidez elkarbizitzari buruzkoak kontatzea nahi dugu”. Gure bereizgarri diren bi bide horiek jarri genituen martxan orduan: alde batetik, pieza bat egin genuen gure konpainiak daraman lengoaiarekin, euskal dantza eta garaikidearen artean, baita antzerki pixka batekin ere. Gainontzeko lau piezetarako beste bi koreograforekin kontatu genuen, batetik, aurretik ere gurekin lan egindako Vitali Safronkine errusiarrarekin. Bestetik, Iker Arrue donostiarrarekin jarri ginen kontaktuan; berak badaramatza urte mordoa kanpoan, dantzan, formakuntzan, irakaskuntzan, eta bere estiloa aurkitu du, garaikideagoa. Bakoitzak bi pieza egin zituen. Proiektuaren barruan laburmetraiak, bideo proiekzioak, eta mapping-a ere egon ziren, besteak beste.
Zelakoa izan zen sorkuntza prozesua? Mural horietatik abiatuz koreografiak sortzea?
Hiru koreografo egon gara, eta espazio bakoi-tza ere ezberdina izan da. Izan ere, ez da gauza bera Donostiako eraikin gris eta hotz batean aritzea edota naturan sartua dagoen plaza batean. Espazioak berak aukera ezberdinak ematen zizkigun, eta aukera horiez baliatzen ginen. Kasu batzuetan gehiago erabili dugu artista plastiko horiek zer esan nahi zuten, oso zuzena baitzen mezua; besteetan askoz ere sotilagoa, kontzeptualagoa izan da, eta hori ulertu ahala, bakoitzak nahi zuen bidetik eraman du. Dantza aldetik beste bi koreografo hauekin lan egiteko aukera eman digu, sorkuntza prozesua eurekin bizitzeko.
‘Hormek diote’ ez zen Donostia 2016ko ekintza gisa bakarrik geratu, izan ere, martxoan kaletik antzokira eraman zenuten. Kasu honetan ere erronka handia, hainbat ertz dituen proiektua an-tzoki batean sartzea ez zen samurra izango...
Guretzat horrelako lan bat, horrelako prozesu bat bizi eta behin soilik eskaintzea motz geratzea zen. Izan ere, 2016ko hiriburutzaren agenda oso mugatua zen, jarduera asko zeuden eta ondorioz, gure ikuskizunaren emai-tza jende gutxirengana iritsi zen. Pentsatu genuen hau aprobetxatu behar zela, egon zelako giza mugimendu itzela, jende piloa parte hartzen. Donostia 2016rekin, Koldo Almandozekin eta artista guztiekin hitz egin genuen, eta baietz esan ziguten. Bost plaza horiek birsortzea zen gure asmoa, helburu berdinarekin. Horretarako, pieza askoko jaleo nahiko handi batean sartu ginen: eszenografia, margolanak, ikus-entzunezkoak? Kalerako pentsatuta zeuden gauzak egokitu genituen antzokirako. Prozesu luzea izan da, ekipo artistiko-tekniko handiarekin, Olatz Beobide zuzendari artistikoa ere hor izan dugu.
Martxoan Lasarte-Orian aurkeztu genuen Hormek diote On Stage eta ostiralean Tolosako Leidor aretoan izango gara. Ate asko jo ditugu eta badugu asmoa honekin jarraitzeko. Badoaz emaitzak ateratzen pixkanaka.