Denny Phipps-ek besoa hautsia du; euskarri ortopediko bat jarri du, hezurra finko baina ukondoa artikulatu ahal izateko bezain aske mantentzeko. Bere energia guztia beharko du bridei ondo eutsi edo zuzenean zaldiaren zurdei heldu nahi badie. High Riverreko rodeoaren egun handia da Albertan, Kanadan. Eta Denny Phipps hareara aterako diren faboritoetako bat da: zaldiko basati baten gainean zelarik gabe ibiliko da mila ikusleren aurrean. Denny ahal duen moduan ari da besoa lotzen, hura cowboy alkandoraren azpian ezkutatuta gera dadin. Alde batetik, pilotariek kantxara atera aurretik eskuetan takoak jartzen dituzteneko errituala eta, bestetik, toreatzaileak plazara irten aurretik janzten direneko unea gogora dakarren seriotasunez dihardu.
Calgary hiriaren kanpoaldean gaude, Albertako lautadetan. Cowboy, tranpa-jartzaile, urre-bilatzaile eta whiski-kontrabandisten lurraldea izan zen hau, eta bertan burutu zen Far Westeko egiazko konkista. Leku honetan elkartu eta bat egin zuen betiko herrialdeak, Kanadak trenaren bidez Ozeano Atlantikoko eta Ozeano Bareko kostaldeak lotzea lortu zuenean. Aurten hain zuzen, Kanada bere fundazioaren eta batasunaren 150. urteurrena ospatzen ari da, “itsasoz itsaso” nazio-lelotzat duena. Leku honetan, hainbat hamarkadatan zehar, europar eta indiar kolonoak eta jatorrizko biztanleak Mendi Harritsuen oinean dagoen lurralde zabal hau konkistatzen eta bertan ezartzen ahalegindu ziren. Baita lortu ere, zalgurdi-ilara jendetsuei esker, hau da, behi, bufalo, idi eta zaldi talde erraldoiz lagundutako giza lekualdaketa masiboei esker. Geroago, mugarik gabeko arrantxotan bizi izan ziren.
URTEROKO TRADIZIOA Ikuskizun eta rodeoen bidez, herrialde honetako Mendebaldeko tradizioa ospa-tzen dute urtero. Goizeko lehen ordutik, Albertako Abeltzainen Elkarteak High Riverren kanpoaldean atondutako zelai batek bat-bateko aparkaleku gisa balio die ikuskizunak irauten duen hiru egun hauetan hona etorriko diren milaka ikusleei: askok beren furgoiak, kamioiak, roulotte-ak, autokarabanak, zaldiak eta abereak garraiatzen dituzten gurdiak aparkatu dituzte zelaian, baita kanpai-dendak eta karpak jarri ere. Familia batzuek Albertako estatu osoa zeharkatzen dute udan, lehiaketa hauen atzetik. Aita, seme eta aitonen belaunaldiak; gizonak gehienbat, baina baita zenbait emakume ere. Eta gauez, country, dantza eta herri-musikako saioak zaldi artean.
Denboraldiaren hasieran egiten den ekitaldi nagusia da hauxe. Ikuskizun profesionalak dira, non hezi gabeko zaldien gainean edo zezen basatien gainean ibiltzeagatik kobratzen duten hainbat cowboy lehiatzen diren. Ekitaldiok milaka ikusle biltzen dituzte estadioetan, apustuak onartuta daude eta jendeak soldata ere jokatzen du. Baina, aldi berean, errespetu, harridura eta familia-ospakizuneko giroa da nagusi. Eguerdia eta gero, zelai ondoko estadio txikiaren ateak ireki dituzte eta lasterketa-erakustaldiak hasi dira. Lehendabizi, amazon-en txanda da -emakumezko zaldizkoak-, beren zaldikoen gainean trebe eta ziztu bizian ibiliko direnak. Antzinako jantziekin egin dute jauzi hareara, baina ez zaitezte okertu, proba hau gizonezkoena bezain gogorra eta basatia da eta.
Ikuskizunaren zatirik basatiena gizonezkoen eskutik iritsiko da, zezen hezigabeen bizkar gainean. Basapiztiek tona erditik gorako pisua dute, ia ez dute leporik eta gihar hutsezkoak dira: haragiz eta adarrez osatutako animalia puskak. Geldiezinak. Ateak ireki bezain laster, abiadura bizian ateratzen dira hankak jasoz eta jaitsiz, cowboy-ez libratu nahian. Zaldizkoek trapuzko panpinak dirudite, zezenen gainean segundo gutxi batzuk baizik irauten ez dutenak. Eta, lurrera erortzean, azkar egin behar dute bazterrera estadioko harean, animaliaren bidetik kenduz, hark jotzerik, adarka egiterik edo, are okerragoa dena, zapaltzerik nahi ez badute.
Harmaila nagusian, Albertako estatuko toki guztietatik etorritako ikusleak himno nazionala ahopeka kantatzen, garagardoa edaten, sakelakoarekin argazkiak egiten eta zaldizkoak madarikatzen dituzte. Eta harmailen aurrean hain justu, mahaitxo baten gainean beira-arasa bat dago, irabazleek zain dituzten belarri formako zilarrezko garaikurrak erakusten dituena. Zilarrezko belarriok eskualdeko meatzaritzako enpresa nagusiak sortuak dira. Igandean banatuko diren garaikurrei jakin-minez begira ari diren ikusleentzat bada ere Sanferminetakoak diruditen lepoan lotzeko zapi bitxi batzuk oparitzen dituen mahai bat.
Horiek doan banatzen ari den emakumeak kontatu digunez, zapiak egiatan Calgaryko Ihesaldi Handian jantzi ohi dituzte. Egun batzuk gehiago geratzea gomendatu digu ikuskizun hura bizi-tzeko. Uda bakoitzean bertan, Albertako hiririk populatuenean, hamar Kanadako ekitaldirik luzeenetako bat egiten da: Calgary Stampede delakoa, munduko aire zabaleko rodeorik garran-tzitsuena, urtero milioi eta erdi ikusle baino gehiago eta 350.000 parte hartzailetik gora biltzen dituena. Badakizue zer den ekitaldi horretan bitxiena? Bada, eragozpen txiki bat eta kointzidentzia zoragarri bat: Calgaryko Ihesaldi Handia uztailaren 7an egiten da urtero, San Fermin egunean. Kointzidentzia ote?