Labur txintan ez da bere aforismo liburu bakarra. Aforismoetan esperientzia handia du Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956). Herrenaren arrastoan argitaratu zuen 1998an, eta Egia hezur 2004an. Geroztik, nobelak, poema liburuak eta haur eta gazteentzako literatura landu ditu batik bat, baina, harrezkeroztik ere, ez dio utzi aforismoak idazteari. “Labur idazteko joera izan dut hasieratik, eta Lichtenberg idazle alemaniarra irakurtzeak bereziki bultzatu ninduen”, dio idazle gipuzkoarrak. Orain dela 25 urte baino gehiago izan zen hori, eta ordutik ez du etenik hartu. Koadernoak ditu aforismoz beteta, eta baita paper muturrak ere.

Hainbat filosofo klasikoen hausnarketak bildu ditu bere hirugarren aforismo liburuan, eta “zirikatzea eta buelta ematea” du helburu. “Aforismoen aforismoak” egiten ditu horrela. “Filosofia irakurtzea asko gustatzen zait eta mokoka irakurri ohi dut. Horrela aurkitzen ditut bizitzari buruzko gogoetak”, kontatu du Igerabidek. Filosofoak existentzia edo egunerokotasunaren aurrean gogoeta batzuk botatzen ditu, eta Igerabidek horiei heltzen die aforismoak idazteko. “Jakina, filosofo berarengan kontraesanak daude garai batetik bestera. Joko horretan sartzen naiz eta punta ateratzen diet, pentsamendua erlatibizatuz”.

Argi du Igerabidek: “Pentsamenduak inoiz ez du amaitzen esan nahi duena esaten, inoiz”. Horregatik, adierazi gabeko kontzeptu horietan edota kontzeptu ahulagoetan aforismoak egiteko lekua lortzen du. Ba-tzuetan, hala ere, zail dauka: “Badira aforismo batzuk mutu uzten zaituztenak, eta horien aurrean oraindik ezin izan dut ezer egin. Konturatzen zara ez direla erabateko egiak, baina batzuetan oso zaila da buelta ematea”.

HISTORIAN ERALDATUZ Aforismo handiak oso txikiak dira. Aforismo horixe darabil Igerabidek aforismo kontzeptuaren beraren definizioa emateko. Pentsamendu laburrak dira aforismoak, baina historian zehar aldatuz joan dira. “Jakintza garatzeko eta legeak egiteko erabiltzen ziren garai batean. Adibidez, medikuntza aforismoen bidez bildu zuen Hipokratesek”, argitu du idazleak. Ondoren, jakintza eraiki-tzeko erabili izan dira, eta behin jakintza “sistematizatu” denean, aforismoek sistema horren “azpildura” ateratzeko balio izan dute, adunarraren esanetan: “Erroman hasi ziren, eta zer esanik ez berpizkundean: aurreko pentsamendua hausteko eta eraikuntza osatzeko erabiltzen zuten. Indar kritiko handia zuten aforismoek eta kritika soziala egiteko asko erabili izan da, baita gaur egun ere”.

Gaur egun, nagusiki, pentsamenduaren deseraikuntza gauzatzeko erabiltzen dira pentsamendu laburrak, Igerabideren ustez. “Mundua ikusteko moduen kritika egiten du. Ez bakarrik arlo politikoan, baizik eta egunerokotasunean izaten ditugun jarreretan, psikologian...”. Ironiaz zipriztindurik, berak ere horretarako erabili ohi ditu.“Normalean, gaur egun oso gutxitan ikusten da egi oso bat adierazten duten aforismoak; eraikitako egiei ziria sartzeko izaten dira, batik bat. Jaso ditugun egiak erlatibizatzeko erabiltzen ditut, erlatibismoan erori gabe. Edo behintzat, saiatzen naiz”, kontatzen du Igerabidek.

LABURREAN SAKON Adunarraren aburuz, labur esatean, asko esaten da. “Ez dakit gehiago esaten den, baina bai, labur esatean, gehiago bizitzen dela esaten dena. Luze esatean zati asko oharkabean pasatzen dira eta labur esatean errazagoa da intentsitate handiagoz bizitzea gogoeta bat. Aforismo bakoitza kolpe baten modukoa da, ziztada bat, edota momentu bateko txinparta bat”, azaldu du.

2004tik idatzitako aforismoak dira liburuko guztiak, orotara, 700 baino gehiago. Hamabi koadernotan bildu zituen Igerabidek aforismoak, eta hamabi ataletan banatu ditu liburukoak ere.

Gizarte gaien inguruko kritika egiten du Giza-legearen koaderno ausazkoa-n; hezkuntzaz mintzo da Educatio non petita-n; heriotzari buruzko gogoetei heldu die Post-mortem kaiera-n; eguneroko gauzen psikologiaz dihardu Norabideen psikokaiera-n; arteaz Arte koaderno minimoa-n, eta poesiaz Poetika minimoa-n; idazteari buruzko jardunaz Zizipazaren koadernoa-n; irudimenaren jolasaz Gezurra apainduz-en; zientziaz Zer-nolakoen koadernoa-n; erlijioaz Jaikontiar komediaren koadernoa-n; umoreaz Umorez gerotik gerora-n; eta bizitzaren aurreko jarrera kontenplatiboaz Landareen patxada azkenengoan.

Liburua gutxika-gutxika irakurtzea gomendatzen du Igerabidek, “mokoka”. Dena den, beste modu batean irakurtzen duen irakurlea konturatuko da saiakera baten egitura duela liburuak. “Segidan irakurri ezkero saiakera baten intentzioa dagoela ikusten da, hamabi ataletan banatuta. Izan liteke saiakera luze baten egitura, gero gai horiek guztiak landu egin daitezke era diskurtsiboan. Propio bilatu dut hori”, argitu du egileak. Hortaz, atal bakoitzaren titulua baina ez dago idatzita, eta irakurlearen esku utzi du Igerabidek interpretazioa eta garapena. “Izan liteke gogoeta baten hasiera, norberaren bizipenaren arabera”.