Rhyolite hiri famatua izan zen garai batean. Hala erakusten dute, behintzat, argazki historikoek. Irudi zaharretan loratzen zegoen nukleo urbanoa ikus daiteke, bankuekin, eskolekin, tren geltokiarekin eta kasinoarekin. “Urrearen sukarraren garaiak ziren”, adierazi du Andrew Campbell gida turistikoak. Gazte estatubatuarra, ruin-porn delakoaren jarraitzaile amorratua da, freaky-a, adierazi du irribarre batez. Horregatik, oso gustuko du Rhyolitera hurbiltzea eta bertako hondakinen artean ibilaldi bat egitea.

Campbell Rhyolitetik kilometro gutxira bizi da, etxe aurrefabrikatu batean. Inguruan karabanak eta antena parabolikoak besterik ez dira ikusten. Udalerririk hurbilena 150 kilometrora dago. “Baina jainkoari eskerrak ondo bizi naiz. Azkenaldian gero eta turista gehiago hurbiltzen dira hiri mamuak bisitatzera eta ni naiz inguruan bizi den gida bakarrenetakoa”, azaldu du. “Hala, garatu egiten ditut harreman sozialak, izan ere, munduaren txoko ahaztu honetan egunak eta egunak pasa ditzaket inorekin hitz egin gabe”.

Gida turistikoarekin mamu hirian zehar barneratu gara eta Rhyolite berreraikitzen lagundu digu: “Hemen bankua zegoen eta hemen, berriz, eskola. Aurrean, likoreak erosteko negozioa eraiki zuten. Edari alkoholikoen kontsumoa oso handia zen ura garestiegia zelako”.

Urrearen sukarraren garaian makina bat hiri jaio ziren Nevadako desertuan, Death Valley delakoan. Udalerri guztiak meategien inguruan eraiki ohi zituzten eta elementu preziatuak Amerika osotik etorritako herritarrak erakarri zituen.

Halere, Rhyolite ez zen nolanahiko adibidea izan. Hiria handi baten jaiotzaren, garapearen eta gainbehera azkarraren adibiderik argiena da agian. “1904an Ed Cross eta Frank Harris dirutza-bilatzaileek urre zatiak aurkitu zituzten harrietan txertatuta. Hala, lur horiek haienak zirela aldarrikatu eta Rhyolite izena jarri zioten eremuari”, esan du Campbellek. Gazteak uste du hiriak Chicagok baino garrantzi handiagoa eskuratu zuela garai hartan.

Campbellen birraitona ere urre bila-tzailea izan zen eta Bostonetik Nevadara bidaiatu zuen urrez beteriko eremu ezezagun bat aurkitzeko esperantzaz: “Ez zen inoiz aberastu, baina hamaika abentura kontatzen zizkigun urrea bilatzeko egiten zituen bidaien inguruan. Azkenean, meatzari lanetan aritu zen eta Nevadan eraiki zuen bere etxea”.

Rhyoliteko urrearen aurkikuntzak inbertitzaile handiak erakarri zituen denbora laburrean Amerika mendebaldeko hiririk oparoena bilakatu zen. Gauzak horrela, 1907rako 10.000 biztanle zituen. “Halere, urte hartan bertan eztanda egin zuen finantza krisi handiak. Urrearen prezioak behera egiteari ekin zion”, gogoratu du gazte gidariak. 1920rako ez zen herritarrik geratzen Rhyoliten.

MAMU HIRIA “Krisiagatik ez balitz hiri izugarria izango litzateke hau. Pena handia ematen du, eraikun-tzen hezurdurak besterik ez dira geratzen”, kexu da Campbell, “agintariek ahalegin gehiago egin beharko lukete arrasto historikoak manten-tzeko”. Izan ere, Rhyoliteren kale nagusia ikusirik zaila da imajina-tzea eremuan 10.000 pertsona bizi izan zirela. Ondo kontserbatuta dagoen eraikuntza bakarra tren geltokia da, baina ezinezkoa da barrura sartzea. Segurtasun hesi batek inguratuta dauka eraikin osoa. Bestela, desertuaren harrotasunak irentsi du guztia eta kaktusak dira eremuaren jaun eta jabe.

Edonola ere, Rhyoliteren sarreran dagoen aire libreko museoak eskain-tzen du etorkizunerako esperantza bat. Albert Szukalski artista belgikarrak jarri zuen lehen eskultura 1984an. Orduz geroztik, hamaika artisten artelanak daude ikusgai. Campbellek ere bertan amaitu ohi du eguneroko bisita turistikoa. Gu agurtu eta bere lana egiten segitzeko diru-laguntza eskatu digu. Bere ametsa da Rhyoliten etxe bat eraiki eta hiria berriz ere jendeztatzea.