Bertsolari aski ezaguna, zutabegile ere aritu da zenbait argitalpenetan Miren Amuriza (Berriz, 1990). Horrez gain, umeentzako literaturan ere jardun du azken urteetan. Paperezko txoriak da, baina, bere lehendabiziko nobela-egitasmoa, idazle gazteen jarduna laguntzeko antolatzen den Igartza sariari esker idatziko duena. Bertan, Sabina izango da protagonista, 80 urteko emakume baserritarra. Bere bidez, besteak beste, zaintza eta askatasun pertsonalen gaiak landuko ditu berriztarrak.
Nola jaso duzu sariaren berri?
Sorpresa polita izan da. Oso pozik nago. Horrelako sariak ahots berriei ikusgarritasuna emateko ezinbestekoak dira. Izan ere, euskal literaturan azken urteetan agertu diren ahots interesgarrienak Igartzatik pasatutakoak dira. Ez da erreza euskaraz bakarrik idatzita eta gaztea izanda plaza horretan lekua egitea. Gainera, benetan ona da lagun-tzak bideratzea kulturari eta, batez ere, euskarari.Zer kontatuko du eleberriak?
Eleberriaren ardatz nagusia Sabina izeneko emakume bat da, 80 urte ingurukoa, baserritarra eta alarguna dena. Nortasun handiko pertsona da, bizimodu gogorra eduki duena. Alboan izango ditu bere Karmele alaba eta Ohial biloba. Sabina, urteetan pilatutako neke eta minen ondorioz, bere buruaz bestez egiten saiatuko da. Hortik aurrera, familian konflikto batzuk agertuko dira, eta haien artean komunikatzeko eta elkar zaintzeko dauden gabeziak azalaraziko dira.
Hiru belaunaldi elkartuko dituzu istorioan.
Hori da. Batetik, belaunaldien arteko harreman katea zaintzaren bidez nola erreproduzitzen den azalarazi nahi dut. Ohikoena helduak gazteak zaintzea da, baina momentu bat heltzen da non gazteak zaharra zaindu behar duen. Rol aldaketa horrek talka batzuk ekartzen ditu. Bestetik, zaintzaren sare horren barruan ikusiko da zelan, hainbat momentutan, hiru pertsona horiek beraien askatasunaren alde borroka egingo duten, baina, bide horretan, askea izatea besteekiko lotura moztearekin nahastuko duten. Nik askatasuna harreman sanoagoak eraikitzetik planteatzen dut, horrek suposatuko dizkien erronka guztiekin.
Zaintza, tradizionalki emakumeekin lotutako eginbeharra, presente egongo da oso, ezta?
Bai, zaintzarena erdian jartzea interesatzen zitzaidan. Kasu honetan, pertsonaia nagusia hirugarren adineko pertsona bat izanik, berarekin oso lotuta egongo da gai hori, baina baita belaunaldi gazteagoen artean ere. Horrek zelan eragiten duen islatu nahi dut, baita zaintzaren jasangarritasun ezari buruz hausnartu ere. Gai hau erdigunean jarri da, eta interesgarria iruditu zitzaidan horren irakurketa politikoa egitea.
Feminitatearen deseraikuntzaren gaia ere islatu nahi omen duzu liburuan.
Gorputza egiten dugunaren abiapuntua da. Liburuan, protagonistaren abiapuntua bere gorputza da halabeharrez. Alde batetik, egiten dituen gauza guztiak egiteko bitartekoa delako eta, bestetik, askotan adineko gorputza zuzenean inbisibilizatu egiten delako, edo, bestela, mina edota dekadentziarekin lotzen delako. Alde bi horiek azalarazi nahi nituen, baita plazera ere. Hirugarren adineko emakume baten gorputzean feminitatearen deseraikuntza nola gauzatzen den islatu nahi nuen. Memoriaz hitz egiten dugunean, burua kokatzen dugu. Nik Sabinak gorputzean daraman memoria fisikoki nola adierazten duen kontatu nahi dut.
Aspaldiko proiektua al da ‘Paperezko txoriak’?
Urte betetik gora da buruan darabildala. Horretan oso bertsolaria naiz. Ez badut argi ikusten azken puntua, hau da, nora noan, kosta egiten zait orri zuriaren gainean idazten hastea. Buruan ia pelikula bat bezala ikusten nuen eta hori kontatu nahi nuela erabaki nuen.
Haur literatura landu duzu. Zergatik eman duzu saltoa helduen literaturara?
Nire prozesu naturalaren barruan kokatzen da. Orain arte haurrentzat idatzi dut horrela suertatu zaidalako. Beti izan naiz oso irakurzalea eta idatzizalea, eta orain izan da nagusien literaturarako momentua.
Beraz, aurreko lanetatik aldenduta, estilo lantze ezberdina garatuko duzu?
Ez dauka zerikusirik haurren edo helduen erregistroak. Kasu honetan, an-tzekotasun puntu bat izan dezake zutabeak ere idazten ditudalako. Saiatuko naiz ahalik eta testu bisualena egiten. Nik ia pelikula bat bezala ikusi dut dena nire buruan eta gertatzen ari dena deskribatzen joango naiz. Gero, irakurleak eszena horien artean lotura egin beharko du, baita pertsonaiei buruz bere iritzia eraiki ere.