DONOSTIA. EGO uztailaren 21era arte egongo da Eibarko hezkuntza gunean, udako denboraldia prestatzen, Catalin Bucataru (biolina), Irene Etxebeste (biolina), Paul Cortese (biola), Misael Lacasta (biolontxeloa), Gabriel Leon (kontrabaxua), Herve Michaud (haizea, zura), Alberto Urretxo (haizea, metala) eta Jorge Pacheco (perkusioa) irakasleekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko irakasleek errepertorio sinfonikoa prestatuko dute 86 musikarirekin, Juan Jose Ocon EGOren zuzendari artistikoaren aginduetara.

Lau kontzertuko biran, N. R. Korsakoven "Scheherezade" eta Leonard Bernsteinen "West Side Storyren dantza sinfonikoak" interpretatuko ditu EGOk. Lehen emenaldia uztailaren 18an izango da, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean; biharamunean, hilaren 19an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da hitzordua, 20an Bilboko Euskalduna jauregian eta 21ean Gasteizko Principal antzokian. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

EGO duela 20 urte sortu zen, eta 20 urteotan ganbera musikako eta musika sinfonikoko 150 kontzertu baino gehiago eman ditu. Atzerriko sei herrialdetan ere aritu da, nazioarteko birak egitean, eta 120.000 entzule baino gehiago izan ditu. Guztira, 1.000 musikari gazteren parte hartzea izan du 20 urteotan.