BILBO. Hasteko, "Sitges Tour AContracorriente" Kataluniako zinemaldiaren azken edizioan parte hartu duten bost filmen aukeraketa eskainiko da BBK Aretoan.

Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, BBK Aretoan, egunero bina saio izango dira astelehenean, asteartean eta ostegunean, 18:00etan eta 20:00etan, sarrera librearekin, "Sitges Tour AContracorriente" programako bost lan eskaintzeko. AContracorriente Films etxeak martxan jarri duen ekimenean Sitgeseko zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu ziren filmak Estatuko zenbait zinema aretotan eskaintzen dira, modu ibiltarian.

Pre-FANTen pantaila handian ikusi ahal izango diren bost filmak hauek dira: Andre Ovredalen "The Autopsy of Jane Doe" (euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin), Hideaki Annoren eta Shinji Higuchiren "Shin Godzilla", Kike Flanaganen "Before I Wake" (euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin), Sang-ho Yeonen "Train to Busan" eta Colm McCarthyren "Melanie. The Girl with All The Gifts". BBK Aretoko programazioa Sophia Takalen "Always Shine" film estatubatuarraren aurretiko estreinaldiarekin osatuko da, Sony Pictures etxeari esker. Emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, eserleku guztiak bete arte.

"ROBOCOP"

Horrez gain, Pre-FANTen jardueren barruan, asteazkenean, apirilaren 26an, "Robocop" filmari buruzko hitzaldia izango da, saga mitikoaren lehenengo filma estreinatu zenetik 30 urte betetzen direlako. Hitzaldia Toni Garzon Abad bilbotarrak emango du, 19:30ean, Bidebarrietako liburutegian, eta sarrera librea izango du.

Pre-FANT amaitzeko, Rosemary Myersen "Girl Asleep" filma estreinatuko da Guggenheim museoaren auditoriumean ostiralean, apirilaren 28an, La Aventura banaketa etxeak filma Madrilgo eta Bartzelonako areto komertzialetan estreinatzen duen egun berean, hain zuzen ere. Emanaldia 20:00etan izango da.

Gainera, 22:00etatik aurrera, Art After Dark programazioaren barruan, Carlos Bayona DJk FANTerako saio berezia eskainiko du. Jarduera hori, Guggenheim Bilbao Museoaren XX. urteurrena ospatzen duen TopARTE programaren barruan dago. Sarrerak 13 euroko prezioa izango du, eta 9 eurokoa museoaren adiskideentzat eta FANT bonua dutenentzat.