Dantza maite du Olatz de Andres dantzari eta koreografoak (Bilbo, 1976), “partekatzeko eta komunikatzeko mugimenduak eskaintzen duen bide zabala” baita dantza berarentzat. Donostiako DFeria jaialdian aurkeztu zuen The Endgame, bere azken lana. Konfrontazioaz, garaipenaz eta porrotaz hitz egiteko, xakean oinarritutako dantza ikuskizun harrigarria sortu du De Andresek oraingoan. “Bizitzaren bidearen metafora bezala erabili dut xakea, gizarteren antolakuntzan botere maila ezberdinak dituzten rolak irudikatzeko”, azaldu du De Andresek.

Sorkuntza bultzatzeko Azkuna Zentroko Amphitryon programaren barruan egindako egoitzaren emai-tza da The Endgame, non dantza sotila eta hauskorra aurkezten zaigun, baina baita gerlari eta epikoa ere, obraren sortzailearen hitzetan: “Dantza ulertu baino, berarekin bidaiatu behar da. Dantzari bere indarraren bidez komunikatzeko aukera eman behar zaio, dantzak ukitu ditzakeelako hitzek ezin dutena”, uste du artista bilbotarrak.

Bere ibilbidean sortu izan dituen lan guztiek ideia abstraktuak oinarri-tzat izan dituztela kontatu du De Andresek. “Lehenengo intuizio hori mahai gainean jartzen dut, beste ideiekin konektatzeko, ostean gorputzaren bidez aztertzen ditudanak”, agertu du. Horren ostean, dantzariekin batera behin betiko koreografia osatuko da. “Ni ez naiz koreografia guztiz osatuta eskaintzearen zalea. Hori ez dut gustuko. Lan egiteko irizpide batzuk emanda, dantzariekin batera, sorkun-tza prozesuaren bidez ezusteko zerbait topatzea da maite dudana”, aitortu du koreografo bilbotarrak.

TESTUAK LAGUN Prozesu horren ostean, musikaren txanda izaten da. Batzuetan, hitzak ere izaten dira. Izan ere, De Andresen azken lanetan testu txiki bat beti presente egon izan da, edukia emateko edota mugimenduari aparteko tentsioa gehitzeko, bere esanetan. “Batzuetan, komunikatu nahi duguna transmititzeko ardura dantzari ematen diogu, dantza bide emozionala eta abstraktua dela ahaztuz. Mezua ulertzeko bide arrazionalagoak behar dituzten ikusleekin konektatzeko bidea ematen dit testuak”, azpimarratu du.

Ikuskizun batek taula gainean egoteko aukera ugari behar dituela onartzen du Olatz de Andresek, horren bidez bere potentzial guztia eskuratu ahal izateko. “Hori da zirraragarriena. Emanaldi bakoitzarekin, dantzariek lana gehiago bizitzen dute, eta lanak bizitza propioa duten izaki bihurtzen dira”, azaldu du koreografo bizkaitarrak. “Eszenikoa den edozein gauza bizirik dagoen organismo bat da, eta garatuz joan ahal da etengabe”, zehaztu du De Andresek. Ildo horretan, The Endgame lanak izan duen harrera onaz asko ikasi dute, ikusleen komentarioei esker.

ADAR UGARI LANDUZ Sorkuntza, baina, ez da De Andresen pasio bakarra. Dantzaria eta koreografo izateaz gain, irakaslea ere bada bilbotarra. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrarekin batera, Bilboko Muelle3 dantza eta sorkuntza espazioan aritzen da eskolak ematen. “Duela bost urte proiektu hau kudeatzen hasi nintzen, dantza oinarri dituzten formakuntza, sorkuntza eta komunitate esparruak bultzatuz”, kontatu du.

Horrez gain, bere proiektu artistiko propioa ere sortu du De Andresek, Lokke izenekoa, dantza eta bere koreografia arlo pedagogiko eta sozialetara zabaltzeko asmoz. “Dantza, mugimendua eta sorkun-tzaren indarra beste arloetara zabaltzea ezinbestekotzat jotzen dut”, dio. Hori guztia gutxi balitz, militantzia lana egiteko ere tartea topatu du artista bilbotarrak; batetik, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartean, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak sorkuntza koreografikoa bultzatzea helburu martxan duen Dantza Bilakan komisioan. “Niretzat dantza zabaltzea da, partekatzea. Bizirik sentitzeko esparru zabal bat, asperdura existitzen ez den esparrua, non gauza berriak deskubritu eta oraindik ere ikasteke gauza asko dauzkadala sentitzen dudan”.

Ikuskizun bakoitza taularatu arte, urtebeteko lana izaten dela dio De Andresek. Lehenengo, azterketa lana dago. Ostean, mugimenduaren ikasketa prozesua (hiru hilabete baino gehiago iraun ditzake horrek); eta, azkenik, produkzioa eta diru-laguntzen bilaketa”, jakinarazi du. Guzti horren ostean, fase politena hasten dela dio, lana publikoaren aurrean aurkeztea.

Bilboko Azkuna Zentroan eta Donostiako Victoria Eugenian egon ostean, Europan barrena ibili da De Andres The Endgame aurkezten. Londoneko The Place-n izan ostean, Oloteko Sismograf jaialdian izango da aurki. Etxera bueltan, Bilbon taularatuko du bere lan berria, apirilaren 25ean, Gutun Zuria Letren Nazioarteko jaialdian.