KOMUNIKABIDEETATIK jasotako albisteetatik aparte, ez dut oso hurbiletik jarraitu Kukuxumusuren eta Mikel Urmenetaren arteko auzia, eta ez daukat, beraz, afera honen inguruan argudio sendoz aritzeko inolako gaitasunik; baina ezin uka, epaia edozein izanda ere, legearen ikuspegi zurrunetik baino harago doazen eztabaida interesgarri askoak eskaintzen dituen gaia dela. Pertsona batek enpresa baten aterkipean sortutako pertsonaiak, hain zuzen, pertsona horrenak ala enpresarenak ote diren, horixe da, funtsean, mahai gainean dagoena, labur eta txarto esanda. Bi aldeen artean sinatutako kontratuak dioena izango da, epaiari dagokionez, punturik erabakigarriena; aldiz, sormenari, zilegitasunari, arteari eta antzeko kontzeptuei dagokienez, dozenaka izan daitezke eztabaidarako gai mamitsuak, eta kontratua bera baino askoz ere erakargarriagoak, ez ordea erabakigarriak legearen aldetik.

Antzeko eztabaida bat izan da orain dela gutxi Espainian ere: Fernando Truebak duela ia 20 urte zuzendu zuen film bateko pertsonaiak berrerabili ditu bere azken lanean, eta orduko pelikula hartako gidoilariek auzitara eraman dute, pertsonaia haiek beraienak zirela eta soilik film hartarako sortu zituztela adierazita. Aldi berean, beste albiste bat ere etorri da, baina oraingoan kontrako bidetik: Carlos Zanón idazleak berpiztu egingo duela PepeCarvalho detektibea, haren sortzailea izandako Manuel Vázquez Montalbánen oinordekoek hala eskatuta; kasu honetan, trabarik ez: bultzatu egin dute sortzaile bat, berea ez den pertsonaia erabil dezan.

Joera horrek badu nolabaiteko tradizioa literaturan, azken urteotan gauza bera egin baita James Bond, Hercule Poirot, Philip Marlowe eta beste zenbait pertsonaiarekin. Baina kasuistika ia amaiezina da eskubideen eta erabileren inguruko kontu honetan, eta Marvel etxean, esate baterako, pertsona askoren artean sortzen dira komikiak, zineman egiten den moduan: marrazkilariak, koloregileak, argumentistak, elkarrizketa- egileak... eta, ondorioz, egiletzaren kontzeptua difuminatuta geratzen denez, pertsonaia horiek argitaletxearenak dira eta kito.

Edonola ere, kontratuak kontratu, eta diskurtso xalo samarra izan daitekeela onartzen dudan arren, beti sinetsiko dut (sortzaileari aldez aurretik bere meritua aitortuta, noski) pertsonaiak ez direla inorenak edota denonak direla: egileak errealitatetik atera zituen, asmatua den oro errealitatearen isla den aldetik; eta fikzioaren ukitua eman zien; eta jendaurrera plazaratu zituen liburu, film, komiki, abesti, koadro edo dena delakoen bitartez;eta iritsi ziren publiko zabalarengana, eta publikoak bere egin zituen, pertsonaia horiek berriz ere errealitate bihurtu ziren arte. Norenak diren orain, harrapazank ogi artean.

Jabetzaren kontu honetan, kontraturen bat tartean egonez gero, epailearena da lanik errazena: kontratuak zer dioen, hura aplikatu eta hurren arte. Baina hasi ikertzen ea norena den, demagun, bertsolari batek kartzelako gai baten haritik hiru bertsotan garatu duen pertsonaia.Edo imajinatu autofikzioa praktikatzen duen idazle bat, argitaletxearekin borrokan ea liburuhorretan agertzen den pertsonaia noren jabetzakoa ote den, pertsonaia idazlea bera dela denok dakigunean. Zutabe baterako ez: astebeteko kongresu baterako ematen duen gaia, inondik ere.