Ez zuten inoiz pentsatuko Huntza taldeko kideek euren musika Euskal Herriko eta euskal lurretatik kanpoko hainbeste txokotara iritsiko zenik. Ez da urtebete ere pasa euren lehen kontzertua eman zutenetik, eta fenomeno biral bilakatu da gau eta egun gure belarrietan dabilen Aldapan gora abestia. Eta ez da irudipen soil bat. Spotifyk astero ateratzen duen espainiar estatuko 50 abesti biralenen zerrendan egon zen hiru astez pasa den abenduan, horietako batean estatu osoko 6. posturaino igo zelarik. 200.000 entzunalditik gora dituzte plataforma horretan eta milioi bat inguru ikustaldi izan ditu Youtuben euren bideoklipak 4 hilabetetan. “Sinetsi ezinik” dabiltzala diote taldekideek, eta ez da gutxiagorako.

Hasiera indartsua izan du taldeak. 2014an unibertsitate giroan sortu zen Huntza, Bilboko ostegunetako triki-poteo eta elektro-txaranga giroan. Josune Arakistainek (trikitia eta ahotsa), trikiti txapelketen etapa amaituta, talde bat osatzeko gogoa zuen. Hala, Aitor Huizi (biolina eta biola) ezagutu zuen eta handik gutxira batu ziren proiektura Aitzol Eskisabel (gitarra) eta Peru Altube (bateria eta ahotsa). Uxue Amonarriz (panderoa eta ahotsa) heldu zen ondoren, eta seigarren kide bat ere batu zitzaien, Inhar Eskisabel (baxua), hasiera batean “pare bat kontzertutarako” hurbildu bazen ere. 20-22 urteko ikasle gipuzkoarrak dira denak, Bilbok elkartu baditu ere.

Iazko martxoaren 8aren aitzakian egin ziren ezagun, Harro gaude kanta eskegi zutenean. Hilabete horretan eman zuten lehen kontzertua, Azpeitiko Sanjosetako Trikitixa jaialdian, artean laukote zirela. Udarekin batera, seikote bilakaturik jada, ilaran etorri ziren kontzertuak. Erromeria formatuko emanaldiak egin zituzten bolada hartan; artean euren kantuak konposatzen ari ziren eta tarteka sartzen zituzten horiek ere errepertorioan. Pixkanaka, emanaldiek uzten zieten tarteetan, Ertzetatik euren lehen diskoa izango zena prestatzen aritu ziren. Hala, abuztu bukaeran Haritz Harreguyren Usurbilgo Higain estudioan sartu ziren.

FENOMENO BIRALA

Diskoa dendetara iritsi aurretik egin zen ezagun. Izan ere, ordurako euskal geografiako txoko guztietara iritsia zen Aldapan gora abestia. Amonarrizek dioenez, kasualitate kontua izan da: “Egia esan, ez genuen guk aukeratu hori izatea gure aurkezpen kantua. Aldapan gora, A hizkiarekin hasten denez, aurrena zegoen grabazioko kantuen zerrendan eta hori izan zen Haritzek nahastu zuen lehen kantua. Hain justu, horretan ari zela, bere lagun Joseina Etxeberriari (Euskadi Gazteako aurkezlea) bidali zion. Etxeberriari izugarri gustatu zitzaion eta berehala irratian jarri nahi izan zuen. Beraz, kantua bizkor-bizkor nahastu eta masterizatu eta astebeteren bueltan irratian zen jada”.

Hortik aurrera kantu horrek eman duena bistakoa da: euskal musikaren fenomeno biraletako goi-postuetara zuzen-zuzenean sartu da. “Ez dugu asimilatu oraindik zer den milioi bat ikustaldi izatea. Ez diogu garrantzirik ematen, baina, pentsatzen jarrita, zirrara eragiten du”, dio Amonarrizek.

Bat-bateko arrakastak ekarri die egunerokoan ere eraginik, taldekideek diotenez. “Nabaritzen da, elkarrizketak egiteko dezente deitzen digutelako, adibidez -kontatzen du Amonarrizek-. Eta gero, parrandan ere esan izan digute, zu Huntzakoa zara!. Edo duela gutxi Usurbilen izan genuen kontzertu bat eta aluzinatu egin genuen, jendea argazkiak egiten eta autografoak eskatzen ikustean. Guretzat ezusteko handia da dena, arraroa egiten zaigu egoera”.

IRRIBARREAK ERAGITEKO

Huntza ez da abesti bakarreko taldea, ordea. Ezagun egin dituen abesti horrezgain, alaitasun eta energia berberarekin konposatutako beste hamaika kantuz beteta dator Mauka Musikagintzaren eskutik kaleratu duten Ertzetatik bilduma. Irribarrez, baina, batez ere irribarreak eragiteko sortu dira, eta alderantziz.

Oholtzan ere bizitasuna eta giro ona dituzte nagusi sei partaideek, dibertimendua, ezeren gainetik. “Izan dugun sona honekin, kontziente gara kontzertuetan eman behar dugula gugandik espero den maila. Lehen parranda giroarekin lotzen genituen kon-tzertuak, eta orain ere txorakeriak egiten jarraitzen dugun arren, eman behar da itxura, esan dezagun, serioagoa”, uste du Amonarrizek.

Huntzako kideak Bilbon hasi ziren entseatzen hasieran, Unamuno ikasle-egoitzako musika gelan. Baina, taldekideetako bat Bartzelonan eta bestea Donostian egonik, Ataunera aldatu dute entsegu tokia, izan ere, Eskisabel anaiak bertakoak dira eta lokal bat utzi die Ataungo Udalak. Entsegu eta kontzertuak ikasketen erritmora egokitu behar dituzte, ordea. “Orain arte azterketetan egon gara eta horri ere garrantzia eman nahi izan diogu”, dio Amonarrizek. Horregatik, jada kontzertuekin hasi badira ere, nahi baino gutxiago entsea-tzen dutela dio. “Bakoitzak gure aldetik lan egiten dugu, baina desberdina da bakarka edo binaka lan egitea, edo talde osoarekin entseatzea. Hala ere, moldatzen gara”.

Huntza taldea zuzenean ikusi nahi duenak gaur bertan izango du aukera horretarako, Durangon ospatuko den 40 Minutu Rock jaialdian. Beraiekin batera, Kaotiko, Enkore, Willis Drummond, Skakeitan eta Anestesia izango dira oholtzan, besteak beste.