Gazte hasi ziren eta gazte izaten jarraitzen dute Guda Dantza osatzen duten Uribe Kostako sei musikariek. Oso gustu desberdinekin eta elkar gehiegi ezagutu gabe, duela bost urte eman zioten hasiera euren ibilbide musikalari Leioa eta Algortako gazte hauek. 2012an, Bilboko Aste Nagusian eman zuten lehen kontzertua, taberna bateko oholtzan.
Rock, reggae, ska, funk, soul, erritmo jamaikar eta musika beltzarekin entzuleak dantzan jartzeko aukera paregabea eskaintzen du seikote bizkaitarrak. Talde desberdinetatik edan dute, eta nabari zaie. Adibidez, eta Euskal Herritik irten gabe, Vendetta, Akatz edo Betagarri dira beraien erreferente batzuk. Gure mugetatik kanpo berriz, The Talks edo La Raíz dira jarraitu izan dituzten taldeak. Azken honekin, gainera, Bilboko Kafe Antzokian jotzeko aukera izan zuten, pasa den urteko maiatzean.
Eklektikotzat dute taldea bere partaideek, batez ere iaz kaleratu zuten Labarraren ertzean beraien bigarren diskoaz geroztik. Alain Beraza taldeko abeslariaren ustez, aberastasuna da hamaika kantuz osaturiko lan honen ezaugarri nagusia: “Sortzerakoan ez genuen mugarik izan, askatasun osoz lan egin genuen eta hori diskoa entzuterakoan nabaritu daiteke”. Azken diskoarekin “arriskatu” egin dutela diote Guda Dantza-koek, ausardia gailendu baita, taldekideen iritziz, bigarren lan honetan.
Taldearen aurreneko lana, Lainoak eta oskarbiak (2014), Taupaka diskoetxearekin argitaratu zen; Labarraren ertzean, aldiz, Baga-Bigarekin. Abeslariaren iritziz, Taupaka-rekin lan egitea “oso aberasgarria” izan zen: “Bertan, sortzaile asko ezagutu genituen eta haiengandik ikasteko aukera izan genuen”. Elkarte honi esker, taldearen garapenari hasiera eman zioten. Hala ere, euren musika gehiago zabaltzeko asmoarekin, bigarren lana Baga Biga diskoetxearekin kaleratzea erabaki zuten. “Dena den, oraindik ere Taupaka-rekin landu genituen zenbait printzipio mantentzen ditugu, copyleft lizentziaren erabilera, adibidez. Baga-Bigak gure filosofia ulertu zuen eta erraztasun asko eskaini zizkigun”, kontatu du Berazak.
Hasiera hasieratik euskaraz abesteko hautua egin zuen Uribe Kostako seikoteak, baina gaztelaniazko bizpahiru kanturekin osatu dute azken errepertorioa, Cielo de cristal edo Instinto animal abestiekin, esaterako. Jon Basañez tronpeta-jotzaileak dioenez, euskarak garrantzia du eurentzat, eta “era naturalean” erabiltzen dutela argitu du: “Sortzerakoan, kantak berez euskaraz ateratzen zaizkigu, baina egia da gaztelania ere erabiltzen dugula egunerokoan eta hizkuntza horretan sortutako musika gogoko dugu”. Hala, gaztelaniaz kanta batzuk sartzea erabaki zuten bigarren diskoan. Gainera, euren musikari beste ukitu bat emango ziolakoan egin zuten hautu hori, “taldearen nortasuna borobiltze aldera”. Eta emaitzarekin pozik daudela aitortu du Basañezek, jarraitzaileen harrera “ezin hobea” izan baita, bere esanetan.
Eszenan lekua eginez Oro har, bost urteko ibilbidea aberasgarria izan dela diote Guda Dantza-koek, “bizipen gogoangarriz josia”. Beste askoren antzera, hasiera umila izan zuten, koadrila eta familiak lagunduta taberna eta plaza txikietan jo-tzen hasi ziren, bertsioak eskainiz, batez ere. Geroztik, baina, herri desberdinetako jai, gaztetxe, areto eta ekitaldietako oholtzetara igo dira eta lekutxo bat egitea lortu dute. “Bi disko kaleratu ditugu hasi ginenetik. Horrek taldearen garapena eman dela erakusten du, lan asko baitago disko baten atzean”, diote partaideek. Iaz argitaraturiko Labarraren ertzean bigarren diskoak “zenbait ate ireki” dizkiela nabarmendu dute taldekideek. “Ikaragarria izan da 2016a”, gaineratu du Ander Basañez saxofoi-jotzaileak. Besteak beste, Armintzako Txapel Reggae jaialdian jotzeko aukera izan dute bigarren diskoa argitaratu ondotik, eta bost urteotan eskaini duten “kontzerturik bereziena” izan dela azpimarratu dute. “Ikaragarria izan da Armintzako kaia guztiz beteta ikustea”, nabarmendu du Xabi Torralba baxu-jotzaileak.
Bira betean
Urtea hasi berritan, seikote bizkaitarra Labarraren Er-tzean Tour 2017 izeneko biran dago sartuta buru-belarri. Pozik daude, hasi berri duten bira emankorra izaten ari delako. Bizkaitik kanpo ere zenbait kontzertu lotu dituzte honezkero; besteak beste, gaur bertan Azpeitian arituko dira, San Agustin Kultur Gunean. Martxoan, Gernikako Astratik pasatuko dira, besteak beste. Epe motzera begira, ahal bezain beste kontzertu eman nahi du seikoteak. “Inoiz baino gogotsuago gaude”, kontatu du Alain Beraza taldeko abeslariak: “Konposizio zein grabaketa lanetan inbertitutako denbora eta ahalegin guztia ikuskizun landu baten bidez oholtza gainean erakutsi nahi dugu”.