Inurrien antzera, une samurretan eta baita zailenetan ere, euskararen eta euskal kulturaren alde egunero lan egiten duten norbanako guztiei leku berezia eskaini die aurten Durangok. Askotan ezkutuan, itzalean geratzen da eginkizun hori; ezinbestekoa, beharrezkoa, eskergarria. Azokaren azken txanpan, Noticias Taldeak errekonozimendu horrekin bat egin dute eta helduen euskalduntzean eta alfabetatzean atsedenik gabe ibili den Sagrario Aleman irakasle eta euskaltzainari gorazarre egin nahi izan diote.
Ortzadar kultur gehigarriak bosgarren urtez omendu du euskal kulturgintzan erreferentea den norbait, eta Azokarekin bat eginez kaleratzen den ale bereziarekin batera, Landakoko Areto Nagusiak omenaldi ekitaldia hartu zuen atzokoan. Lehenengo urtean Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlea saritu zuten; bigarrenean, berriz, Ramon Saizarbitoria idazlea; Jakin aldizkaria nabarmendu zuten duela bi urte eta iaz Labayruk hartu zuen testigua.
Nafarroan jarri du begirada aurten Noticias Taldeak eta bertan “euskararen zerbitzari leiala” den Sagrario Alemanen esfortzua saritu nahi izan du. Halaxe adierazi zuen ekitaldiaren hasieran Ortzadarreko arduradun Julene Larrañaga kazetariak, Alemanen ibilbideari errepaso laburra egitearekin batera.
Etxalekun jaioa, 1952an, farmazia ikasketak egin bazituen ere, euskararekiko maitasun eta konpromisoak helduen euskalduntze eta alfabeta-tzearen arlorantz eraman zuen bere ibilbide profesionala, 1970eko hamarkadatik aurrera.
Ordutik, Euskal Herrian Euskaraz taldearekin bat egin zuen, Zaldiko Maldiko kultur elkartearen sortzaileetariko bat izan zen eta Karrikiri euskara taldean zein Euskalerria irratian ibilia da, euskarari lotutako beste hainbat ekimen sustatzearekin batera. Azken hiru hamarkadak IKAko Arturo Campion euskaltegi iruindarrean eman ditu, irakasle lanetan, eta bertako zuzendaria da 1982. urtetik. Duela sei urte, euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak eta Sustapen Batzordean aritzen da.
Hoztasunari aurre Euskaltzaindiak ez zuen hutsik egin egun berezian, eta hasierako aurkezpenaren ondoren Andres Urrutia presidenteak hartu zuen hitza. Arturo Campioneko irakasleak burutzen duen “kaleko lana” txalotu zuen lehenik eta behin Urrutiak. “Besteek egiten ez dutena egiten du berak: egunero kalera irten eta euskararen eta euskalgintzaren tenperatura zein den neurtzen du. Eta Iruñean dagoen hoztasuna, batez ere neguan, euskal kulturaren bitartez berotzen saia-tzen da”, azpimarratu zuen.
Euskarari dedikaturiko bizitza oso bati gorazarre egin zitzaion atzo Landakon, euskal kulturaren plazan, eta Iparraldeko esamolde bat bere hi-tzetara eramanez irudikatu zuen Urrutiak konpromiso sendo hori. “Obrak mintzo diote bertan”, eta Sagrario Alemanen obra polito min-tzo da Euskal Herria osoan.
Iraganari begiratu bai baina orainean eta etorkizunean jarri zuen begirada Euskaltzaindiako presidenteak. “Sagrarioren ibilbidean ez nuke bakarrik ipini nahi orain arte egin duen hori, baizik eta orain egiten ari dena eta etorkizunean egingo duena”, nabarmendu zuen.
Sarituak, emozio handiz, euskalduntzearekiko kezka familiaren partetik datorkiola aitortu zuen bere hizketaldiaren hasieran, eta Arturo Campion euskaltegiarentzako hitzak ere izan zituen. “Niretzat lantokia izan da, lanbidea ere bai, eta batez ere ohorea”. Izan ere, milaka ikasle igaro dira bertatik azken hamarkada hauetan, eta horietako batzuek beren irakaslearekin une berezi hori konpartitu nahi izan zuten atzo Durangon.
Areto Nagusia bete zutenen artean bestelako aurpegi ezagun batzuk ere izan ziren: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko presidentea; Euskaltzaindiako idazkari eta idazkariorde diren Xabier Kintana eta Erramun Osa edota Andres Iñigo euskaltzaina.
Noticias Taldeko ordezkariek ere parte hartu zuten omenaldian eta Landakora hurbildu zirenen artean egon ziren Iñaki Alzaga, Iparragirre editorialeko presidentea; Javier Andres, Iparragirre editorialeko zuzendari orokorra; Iñaki Gonzalez, DEIAko jarduneko zuzendaria (Sagrario Alemani saria eman ziona) eta Diario de Noticias de Navarrako zuzendari Joseba Santamaria.
Normalizazioa Egun euskarak Nafarroan bizi duen egoeraz min-tzatzeko tartea ere izan zuen Alemanek eta Gobernu berriaren eskutik aldaketak “poliki” datozela aipatzearekin batera, “aurrera egiten uzten ez diguten beste botere batzuk” ere badirela salatu zuen. “Sinbolikoki oso inportantea da instituzio guztietako buruak Nafarroan euskaldunak izatea”, gaineratu zuen euskaltzainak.
Euskalduna euskara erabiltzen duena dela mantendu du beti, eta atzokoan hizkuntzaren normalizaziorako bidean egiteko dezente dagoela esan zuen: “Ez dago normalizatua eta oso zaila da euskaraz bizi-tzea, baina saiatu behar gara horretan”. Erabilpenaren sustatze lanean ari diren euskal elkarteen papera goraipatu zuen Alemanek, euskaldundentzat “arnasgune” diren hauen beharra azpimarratuz.
“Eta bihartik aurrera zer?”, galdegin zuen Urrutiak. “Euskararen aldeko ahalegina egiten jarraitu behar dugu”, jarraitu zuen. “Euskararen Eguna ez da bakarrik abenduaren 3a, egun guztiak dira”, erantzun zion Alemanek.