Mende erdiaren muga jada igaro duen Durangoko Azoka, dudarik gabe, urteko hitzordurik garrantzitsuena da euskal argitaletxe guztientzat. Urte guztian zehar landatutako hazien fruituak jaso, emeki bildu eta kutxetan prestatu ondoren, Bizkaiarako norantza hartzen dute Nafarroako editoreek ere, bisitariei daukaten uzta berriena erakustera eta, nola ez, enkontruan parte hartzera. Bizitzeko baita azoka. Aurten, inoiz baino material sorta pisutsuenarekin doaz Txalaparta, Pamiela, Igela, Denonartean eta Nabarralde.

Txalaparta Nabarmentzekoa da aurten Txalapartak jorratu duen biografien generoko lanak. Alde batetik, Tasio Erkiziaren autobiografia eramango du, “historia liburua edo biografia soila baino, gure herriaren ernatze nazionalean parte hartu duen asanbleario antolatu baten lekukotasun pertsonal eta politikoa” bezala definitzen dutena. Arnaldo Otegiren hitzaurrearekin, Tasiok begirada hurbila eskaintzen die gure herri proiektuaren eraikuntzaren protagonista izan diren hamaika protagonista eta prozesuri, lan honetan.

Erkiziarenaren alboan, beste biografia bat, kasu honetan Leire Ibargurenek idatzitakoa. Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak lanean, 198ko hamarkadan internazionalismaren banderapean Hego Ameriketako iraultzetan parte hartu zuen emakumearen bizitza kontatzen digu Ibargurenek: “ETAko kide, Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka feministaren parte izan zen; Auzitegi Nazionalak Udalbiltzan egindako lanagatik auziperatu zuen?”.

Eleberrien atalean ere ez da esku hutsik agertuko Txapalarta. Alde batetik, Patxi Zubizarretaren lan berria eskainiko du Tafallako argitaletxeak. Erantzuna haizean dabil izenburupean, idazle ordiziarrak distantziaren pisua gailendu beharko duen bi gazteren arteko maitasun harremana kontatzen du. Bestalde, Jexux Mari Zalakainek itzuli duen Najat El Hachmi idazle marokoarraren Azken patriarka eleberria daukagu, non sistema patriarkal itogarriaren sokak askatzen saiatuko den neska gaztea izango den protagonista. Irati Jimenezen trilogia kontzeptuala, Musua, Gatza eta Odola liburuek; itxiko dute Txalapartaren aurtengo eleberrien saila.

Fikzioak, alta, tartetxo bat gehiago edukiko du Zarrakamalda Iñaki Martiarena ‘Mattin’-en komiki berriarekin. “Ingurunearekin eta ingurukoekin harreman ezberdin bat garatu nahi duen pertsona baten bidaiaren kronika da komiki hau”.

Pamiela eta denonartean Irakurle gazteenek zer aukeratua izanen dute Pamielaren eta Denonarteanen txokoetan. Azken honi dagokionez, txikitxoenentzako (0-12 urte) liburu zerrenda nabarmentzekoa da: Kulun - kuttunak (Yolanda Arrieta eta Aitziber Alonso), Piku azpian (Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena), Ilunpearen sekretua (Eneko Etxegarai eta Eduardo Rodriguez), Izarren Hautsa (Ixabel Millet eta Maddi Irazoki), Arrarotz (Gotzon Barandiaran eta Ainhoa Redondo), Tipi-Tapa-tip ilunabarrean (Miren Agur Meabe eta Eider Eibar), Ur: Erori nahi ez zuen tanta (Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozola eta Cherche’ pas a? comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra! (Begon?a Durruty).

Pamielari dagokionez, Leire Bilbaok idatzi eta Maite Mutuberriak ilutratu duten bilduma bikoitza aurkituko dute, Piztipoemak eta Xomorropoemak. Biak hala biak, 6 eta 14 urte bitarteko irakurleak poesiaren munduan murgiltzeko lanak bezala aurkezten dira, lehenengoa piztietan eta bigarrena xomorroetan oinarritzen diren poesia eta narrazio laburrez josita. Bestalde, Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek antolatzen duten Etxepare sariketako X. edizioko lan garailea izan den Zerua gris dago lana editatu du argitaletxe nafarrak. Liebana Goñiren ilustrazioak eta Isaak Martinezen testua daraman kontakizun honetan, neska eta mutiko baten arteko adiskidetasunaren hasiera kontatzen da.

Haurrei zuzendutako eskaintza Antonis Papatheodoulou idazle greziarraren Azken gutuna liburu ilustratuarekin borobiltzen da. Fernando Reyk itzulita eta Iris Samartziren ilustrazioekin, ipuinak Mediterraneoko uharte txiki eta eder batera darama irakurlea.

Saiakeraren atalean hiru lan nagusituko dira argitaletxe iruindarraren apaletan: Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (1993-2016) Hondarribiko alardean emakume talde bat lehenengoz parte hartu zueneko garaitik egungo egoerarainoko ibilbidea egiten du: “Historia gogor eta garratza eta, aldi berean, eder eta hunkigarria saiatuko da kontatzen egilea, gertatutakoaz gogoeta eginez”. Ganbara bildumaren barrenean, Xamarren lan berria agertuko du Pamielak: Etxea. Ondarea, Historia, Mintzoa.

Bestelako lanen artean, nabarmen-tzekoak dira Iván Giménezek idatzitako eta Javier Etayo Tasiok ilustratutako Korralito Forala komikia, izen bereko liburuaren ondorengo zuzena; eta Peru Apreta, mistikoa, Joxean Sagastizabalek idatzitako “XXI. mendeko erlijioen inguruko elkarrizketa jostalaria”.

Igela Ituzlpenen argitalpenaren alorrean, Igelak bi lan berri plazaratu ditu aurten. Alde batetik, Elena Ferranteren Abizen berriaren historia, Fernando Reyk itzulitakoa. Aurretik argitaratutako Adiskide paregabea-ren hurrengo atal honetan, istorioak bi protagonisten eskutik jarrai-tzen du aurrera: Lila eta Elena. “Kontakizuna bera eta idazkeraren indarra dira azpimarratuko genituzkeenak, eta irakurleari utziko diogu orri bakoitzean harritzeko aukera ederra”, aipatu dute argitaletxetik. Bestalde, Ferrante beraren beste lan bat, Ihesi doana eta gelditzen dena ere plazaratu du Igelak aurten, kasu honetan Miren Iriarteren itzulpenarekin. Elena eta Lila, gaztaroa atzean utzi eta emakume bilakatuta, “miseriak, ezjakintasunak eta mendekotasunak gobernatutako patu bati aurre egiten saiatuko dira eta preso edukiko zituzten hesiak bortxatzen”. Halaber, Igelak beste bi lan berrargitaratu dituela aurten: Gauaren muturrerainoko bidaia (L.F. Céline, Matías Mugicak itzulita) eta Gatsby handia (F. S. Fitzgerald, Xabier Olarrak itzulita).

Nabarralde Euskaldunen historia plazaratzeko ahaleginean, Nabarralde Fundazioak Joseba Larratxe Josevinsky marrazkilariarekin batera sortu duen Eneko Aritza. Lehen errege baskoia eskainiko du bere txokoan. Komiki honetan, pertsonaia historikoa errege izendatu zuteneko pasartea kontatzen da.

etxeko egile gehiago durangon

Nafarroako idazleen itzala zabala izango da aurten, Durangoko 51. Azokan parte hartuko duten bestelako euskal argitaletxeen bitartez. Hala, Alberto Ladron Aranaren azken eleberri beltza, Gezurren basoa, Elkar argitaletxearen erakusleihoan aurkitu ahal izango da. Fikzioaren alor berean baina Erein argitaletxeak plazaratuta, Jon Arretxeren Sator Lokatzak misterio eleberria ere bertan aurkituko dugu. Susa argitaletxeak, bere aldetik, Patxi Larrionen lehenengo eleberria, Feriatzaileak, eramango du aurtengo nobedadeen artean.