DONOSTIA. Howe Gelb jazzaren munduan murgildu da "Future Standards" izeneko lan berriarekin. Giant Sand taldeko burua eta country alternatiboaren zein mugaldeko musika amerikarraren barruan ibilbide luzea egindako musikaria da Gelb, eta iazko udan Giant Sand bere proiektu nagusia izoztea erabaki zuen hiru hamarkadatik gora haren buru izan ondoren.

Tucsoneko (AEB) musikariak bakarkako oso ibilbide emankorra badu ere, etorkizuna zalantzazkoa da, bere izenarekin argitaratzen dituen diskoak "jatorriko proiektuaren itzalean" geratzeko direlako, "mugaldeko izaera nabariari eutsi arren, Giant Sand taldearekiko zuzeneko antzekotasunak barne".

Orain, "Future Standards" disko berriarekin (Fire Records, 2016) Gelb-ek irauli egin du orain arteko bakarkako ibilbidea. "Bere ahotsa ezin hobe txertatzen da jatorrizko gospelaren eta rhythm and blues estiloaren soinuarekiko begirada outsider horretan, klubeko jazza, pausatua eta zigarreten kea giroan", azaldu dute.

Grupo Maré Baixa taldeari dagokionez, Martin Asarian musikari uruguaiarrak eta Mikel Makala euskaldunak osatzen dute, biak aspalditik Zarautzen bizi direnak. Urte batzuetatik hona lantzen joan dira abesti orijinalez osaturiko errepertorioa, bossa nova garaikide eta trip hop estiloetan murgilduz, Brasilgo tradizioa eta abangoardia elektronikoa nahastuz. Kanta denak portugesez abestuta daude.

Azken udan lehen emanaldiak ematen hasi dira, Donostiako Ondarreta hondartzan izandako Itsasfest 2016 jaialdian emandakoa nabarmenduz. Azaroaren erdikaldean, lehen EPa argitaratuko dute, Orrua Diskak zigilupean. Kontzertuetan, Denis Barzaga Donostian bizi den kubatar perkusio jotzaileak jotzen du taldearekin.