2 JuanG. Andrés

f Gorka Estrada

donostia ? Hitzaurreak ontsa izkiriatzeko bidea, Euskal idazle erretxinaren dekalogoa, Autofikzioaren aurkako manifestua, Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusiak, Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko, Gazte literaturaren aurka, Euskal (prentsako) kritikariaren hamar manamenduak? Hauek dira, besteak beste, Iban Zalduaren azken lanak dakartzan zenbait kapitulu. Elkar argitaletxeak plazaratuta, (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) liburuan “dekalogoak, manifestuak eta bestelako artefaktu apokaliptiko zein integratuak” sartu ditu donostiarrak, bere azpitituluak dioenez.

280 orrialdeko saiakera literario hau osatzeko, Oharrak & Hondarrak bere blogean, Volgako Batelariak aldizkari elektronikoan eta zenbait argitalpenetan azken 10 urteotan plazaratutako testuak berreskuratu eta birziklatu ditu idazleak. Nolabait ere, aurreko lanaren “segida naturala” da liburua, hots, Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) eta Ese idioma raro y poderoso (Lengua de trapo, 2012) tituluen “jarraipena”.

“Ezer baino lehenago, irakurlea” dela aitortu zuen, eta ildo horretan, “irakurle eskertu baten liburua” sortu du, baita euskal literaturaren munduan “gehienetan ikusten duenarekin dibertituta dagoen irakurle batena ere”. Gehienbat, Euskal Herriko letrei buruz mintzatu da baina “haratago” joan da ?hortaz izenburuaren parentesiak?. (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) “Volgako Batelariei” eskaini die, bere orrialdetan agertzen diren gaiak askotan eztabaidatu zituztelako aldizkari hartan. Izan ere, bere kidea izan zen Uxue Apaolaza lagun izan zuen atzoko agerraldian Zalduak.

Saiotxo literarioen kontra Prentsaurrekorako espreski sortutako Saio literarioen (eta, batez ere, saiotxo literarioen bildumen) kontrako manifestua kazetariei banatu eta irakurri zuen. Liburuan bezala, umorea, autoironia eta begirada kritikoa dira nagusi eta aurkako zein aldeko puntuak ere jorratu ditu.

“Saio literarioak mesfidantzaz hartzeko” modukoak direla jabetuta, zazpi eragozpen nabarmendu zituen. Esate baterako, mota horretako lanak “ia inork” ez ditu irakurtzen, “autoerreferentzialegiak” dira ?“kasik onanistak”? eta “aldez aurretik han-hemenka argitaratutako testuak birziklatuz” osatuta daude. “Halako zenbait bilduma, izan ala ez literaturaren ingurukoak, ez ote dira egilearen ahalegin hutsak merkatuan bere presentzia nabarmentzeko? (?) Orri zuriaren sindromeari ihes egiteko ahalegin patetikoak baino ez balira?”, galdetu zion bere buruari.

Bere iritziz, testutxo horien “helburu kritikoa bazen, eta kritikatua (persona, animalia edo gauza) mintzeko arriskua bazegoen, zertarako berritu zauria, kontuan hartuta osoki edo partzialki ahaztuta eduki ditzakeela kritika horiek?” “Ez al da alferrikako sufrimendua eragitea, armak etab. isildu diren garai itxaropentsu hauetan?”, gaineratu zuen.

Ohar berean, baina, aurreko eragozpenei zenbait eragozpen jarri zizkien, manifestua “aldeko zentzu batean” irakurriz. Horiek horrela, saiotxo literarioak argitaratzea defendatu zuen, “ia edozein euskal liburuk bezainbesteko zabalkuntza urria” izan ohi dutelako. Onartu zuenez, “ariketa masturbatorioa” izan daiteke, “Durangoko azoka, salduenen zerrendak, Sautrela edo Sarrionandiaren argazki ustelgabearen antzera”. “Euskal literaturarekiko sinesmena mantentzeko beste simulakro bat besterik ez dira literaturaren inguruko saioak eta badakigu simulakroak oso beharrezkoak direla”, iritzi zion.

Halaber, berrirakurketa “literaturaren aldarri nagusia” dela adierazi zuen eta antzinako lanen bilduma osatzearen alde ere agertu zen, testuak eguneratu eta anakronismoa saihesteko balio duelako horrek, eta etengabe produzitzen aritzea ez delako osasuntsua. Azkenik, zauria berritzearen alferrikakotasunari dagokionez, honakoa bota zuen: “Optimistegia izan naiz eragozpen hori paratzean: idazle batek ez du sekula ezer ahazten (laudorioak izan ezik, noski). Kaltea eginda dago jada. Eta, gauzak horrela, zer demontre, hobe aurretik joatea, azpildurarik gabe, ezta?” l