Literatura, eta are gehiago poesia argitaratzea, ekintza ausarta da egungo gizartean, bai behintzat egungo merkatuaren logikari jarraituz. Zer esanik ez mundu zabaleko poeten olerkiak euskaratu eta kaleratzea. Zorakeria, askoren ustez. Baina zorakeria goxo horretan dihardu Susa argitaletxeak 2014ko martxotik, Munduko Poesia Kaierak bilduma abiatu zuenetik. Urtero sei lan argitaratzen ditu Beñat Sarasolak zuzentzen duen bildumak, hiru udaberrian eta hiru udazkenean. Hain justu, aurkeztu berri dituzte bildumako lan berriak: Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holuben antologiak.
Poesia itzuliaren faltak eraginda, “hutsune bat betetzera etorri zen bilduma”, Sarasolak dioenez: “Euskarazko poesiak produkziotik izan du gehiago, baina orain arte saiakera bakanak baino ez dira egon munduko poesia euskaratzeko; ale solteak egon dira, baina bildumarik ez, eta guk gure ekarpen xumea egin nahi genuen, modu konstantean”. Sarasolak onartu du zalantzak izan zituztela hasieran, ez baitzekiten publiko nahikorik izango ote zen halako bilduma bat bideragarri egiteko. “Baina esperientziak esan digu baietz, badagoela”, ziurtatu du.
Saltokietan edo internet bidez ale bakoitza 10 euroren truke saltzeaz gain, harpidetza sistema propioa dauka bildumak. Hala, urteroko 6 aleak eskuratu daitezke 40 euro ordainduta. Harpidedunen garran-tzia azpimarratu du Sarasolak: “Egun, 150 harpidedun finko ditugu, horiek dira bilduma sostenga-tzen dutenak; izan ere, dendetan ez da askorik saltzen. Beraz, harpidedun horiek balio handia dute gure-tzat. Badakigu behintzat 150 poesia irakurle finko ditugula. Horiek egiten dute posible bilduma, bestela, ezinezkoa litzateke”.
XIX. mende erditik aurrerako poeta unibertsalen lanak euskaratzea da bildumaren helburua, baina Sarasolak onartu du ez dutela zerrenda itxi edo hertsirik. “Irizpide nagusia da literatur balio handiko poetak izatea. Hori bai, saiatzen gara aukeraketa ahalik eta orekatuena izaten: hizkuntza, genero, estilo edo jatorria kontuan izanda”, argitu du. “Bildumak ahalik eta irekiena izatea nahi dugu”, gaineratu du Sarasolak. Gainera, irakurleen aldetik ere proposamenak jasotzen dituztela jakinarazi du.
Emily Dickinson, Sophia de Mello, Anne Sexton? Asko dira Munduko Poesia Kaierak bildumari esker euskaraz gozatu daitezkeen poetak. Zerrenda horretan sartu diren azkenak Nijole Miliauskaite lituaniarra, Stephane Mallarme frantziarra eta Miroslav Holub txekiarra dira. Leire Bilbao, Josu Landa eta Karlos Cid izan dira, hurrenez hurren, haien antologiak euskarara ekartzeko arduradunak. Miliauskaite da, Sarasolaren esanetan, hiruretan ezezagunena. “Zoragarria da bere poesian azaltzen den sentsibilitatea, bereziki natura deskribatzean”, nabarmendu du. Mallarmeren inguruan gauza berririk esatea zaila dela uste du: “XIX. mendeko poeta handienetako bat da, poesiaren historia bera irauli zuena; poema konplikatuak dira bereak, baina eduki beharreko autore bat da”. Azkenik, Holuben ezaugarri nabarmenena zientzia eta poesiaren uztarketa dela azpimarratu du.
Orain arte, egile baten edo besteren liburuen salmentetan alde handirik egon ote den galdetuta, ezetz dio Sarasolak. “Gehien saldu direnak ez dira ezagunagoak direlako, beste faktore batzuk daude. Adibidez, kaieraren harira itzultzaileak ikuskizun edo irakurraldi bat antolatzea. Hori da, adibidez, Anne Sextonen poemetan oinarrituta Harkaitz Canok egin duena, eta oso ondo funtzionatu du”. Formula hori begi onez ikusten du Sarasolak, ez bakarrik salmentei begira, poesiaren beraren hedapenerako ere bai: “Diskoekin gertatzen denaren an-tzekoa da. Egun disko gutxi saltzen dira, eta saltzen direnak kontzertuetan saltzen dira batez ere. Bada poesiarekin ere berdin. Esango nuke irakurraldiak eta ikuskizunak direla egun poesia zabaltzeko modurik eraginkorrena”.
ALBORA BEGIRATU GABE
Literatur itzulpengintzaren egungo egoeraren inguruan, euskarak “bere bidea” egin behar duela uste du Sarasolak, irmo. Izan ere, askotan esaten da ez duela zentzurik espainolez dauden liburuak euskaratzeak, euskal hiztun gehienek espainolez ere irakur-tzen dugunaren argumentuari jarraituz. Argumentu horrek, baina, “soilik ikuspuntu komertzial batetik” dauka logika, Sarasolaren iritziz: “Horrela funtzionatzen badugu, ematen du euskara espainolaren bizkarrean dagoen parasito bat dela. Euskara hizkuntza buruaskia izango bada, alboko hizkuntzetan zer egiten den begiratzeari utzi beharko genioke. Beste hizkuntza bat daukagu, gauzak modu natural batean egin behar ditugu eta guri interesatzen zaizkigun liburuak itzuli behar ditugu. Kontua da jakin behar dela hori bideragarri egiten”.
Sarasolaren hitzetan, “zoragarria” litzateke euskarara itzulitako lanek komertzialki funtzionatuko balute, baina hori “oso zaila” dela onartzen du: “Hori gertatzen ez den bitartean, beste bide batzuk bilatu beharko ditugu, eta horretan ari gara”.