iruñea - Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi eta Patxi Castillo bertsolari gazteek jokatuko dute gaur Elizondoko Koatrixar jatetxean Izeta sariketako zazpigarren edizioko finala. Saioak bertso-afari formatua izanen du.

Pasa den ostiralean Barañainen egin zen kanporaketa lortu zuten finalerako txartela Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu iturendarrek, Joanes Illarregi leitzarrak eta Patxi Castillo beratarrak. Hamar bertsolari aritu ziren bertan eta haiek izan ziren puntuaziorik onenak eskuratu zituztenak. Hortaz, finalean lau bertsolari gazte horiek kantatuko dute Fernando Anbustegik aurkeztuko duen saioan.

Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko da Izeta sariketako finala. 21.00etan afaria izanen da eta afalostean finalari ekinen diote.

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten zazpigarren edizioa jokatuko da. Sei edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman, Aurizko Aimar Karrika eta Antsoaingo Saioa Alkaiza izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan. Sariketaren helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten. - M.M.P.