donostia - Haur asko hasten dira musika eskolan, solfeoa eta instrumentuak ikasten txiki-txikitatik, baina aurrera jarraitzen dutenak ez dira hainbeste. Horregatik, Joseba Tapia trikitilariak Larreko Eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak liburua argitaratu du, musikaren irakaskuntzan erabilgarri izan nahi duena. Tapiak gaur aurkeztuko du lana Iruñeko Katakrak liburu-dendan.
Bere ustetan, musika guztia ez da bat, herri musikak eta rockak, adibidez, bakoitzak bere lan egiteko modua daukate. “Gainera, musikan hainbat gauza sartzen dira, ez partitura den bezala jotzea bakarrik, eta hori ere kontuan eduki behar da”, gaineratu zuen Donostian egindako aurkezpenean. Horregatik, hainbat faktoreri buruz hitz egin du liburuan: musika tresnaren hautaketaz, musikan hasteko adinaz edo estiloaz, adibidez. “Gaur egun, musika eskoletan bakarrik dago musika, eta kalean eta etxean egiten den lanak ere indar handia du musika zaletasuna sustatzeko orduan”, azpimarratu zuen. Solfeoari ematen zaion garrantzia “gehiegizkoa” dela ere esan du liburuan, eta trikitixa -eta musika tresnak, oro har- ikasteko dauden teknika ezberdinez hitz egin du. “Hala ere, ez da nahikoa musikaria izatea musika irakasteko, eta hori ere argi utzi nahi dut”, gaineratu zuen trikitilariak.
“Argazki askoz osatutako liburua da, eta nire aholku edo gogoetak nahiko motzak dira”, azaldu zuen, eta bakoitza bere kontakizun batek lagunduta dator. “Gainera, disko bat ere badu liburuak, eta bertan, sormena lantzeko modu onena aholka-tzen dut: kopiatzea -jarraitu zuen-. Kopiatzen hasi eta hortik aurrera sortzen ibiltzen gara guztiok, eta horri beldurra kendu nahi diot”.
Maite Arroitajauregik, Mursego ezizenaz ezagunak, liburuan parte hartu du Tapiarekin batera, eta irakasle den moduan, oso lan erabilgarria dela adierazi zuen. “Hau ez da metodologia bat, apuntetxo batzuk baizik, eta Tapiak gaur egungo egoerari buelta emateko giltzarri batzuk eman dizkigu”, azaldu zuen. Bere ustetan, solfeoa eta instrumentuak jotzen hasi baino lehen, musika ezagutu, abestu eta dantzatu behar da, eta hori ez da ohiko hezkuntzan egiten.
“Trikitixa du oinarri, baina edozein musikarirentzat balio duliburuak, kontuan hartzeko ideia asko baititu”, azpimarratu zuen Arroitajauregik. Zaletasuna sortzeko ideiak ematen baditu ere, bere iritziz “kontserbatoriora joaten direnek” ere asko ikasiko dute liburuarekin, “musika gozatzeko dela erakusten baitu”.